Orain 22 urte agur esan zuten toki berean, eta, are, orain dela 30 urte, 1995ean, ibilbideko lehenbiziko kontzertua eman zuten toki berean berriz joko duela iragarri du Etzakit musika taldeak. Itzuli eginen dela. Kideek kontzertu bat iragarri dute, ustekabean: urtarrilaren 5ean Hernaniko (Gipuzkoa) Oialume Biltokian ariko dira.
Etzakit taldea orain dela lau egun hasi zen pista batzuk bistaratzen, tantaka-tantaka. Instagrameko kontu bat zabaldu zuten halako batean, eta, ordutik, argazki bat igo dute egunean: pandero bat batean, gitarra bat bestean, bateriaren parte bat hirugarrenean, eta trikiti bat azkenekoan. Eta, haietan guztietan, mezu bat idatzirik: ZergatikEz, taldearen kantu sonatuenetako baten izenburuari keinu eginez bezala.
Gaur eman dute notizia azkenerako: «Etzakit hemen da berriz!». Aparteko esplikazio gehiagorik ez dute eman, baina argi iragarri dituzte jakin beharreko datuak: 2026ko urtarrilaren 5ean, Oialume Biltokian. Sarrerak urriaren 1eko eguerdian jarriko dituzte salgai, eta oialume.eus webgunean erosten ahalko dira. BERRIA babesle nagusien artean dago.
Emandako informazioaren arabera, lau kideak oholtzaratuko dira kontzertu horretan: Xabi Solano, Jon Mari Beasain, Ander Barrenetxea eta Aitor Zabaleta.