Gotorleku bat begiradetatik at

Bertsolariak zainduta, babestuta eta lasai egoteko tokia da ganbara, eta han inoiz ez dira bakarrik egoten: bi ganbarazain dauzkate une oro haiekin, behar duten guztietan behar duten hori eskaintzen. Alazne Untxalo da lau ganbarazainetako bat.

EXPRAI
EXPRAI
Iratxe Muxika
Erratzu
2026ko azaroaren 19a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eraikinari buelta eman eta hantxe zegoen atea zabalik. Artean barnera sartu gabe ere limoi batzuek ematen zuten arreta; zehazkiago, limoiz betetako mahai oihal hori koloretsu batek. Sei eserleku zeuden mahai oihalaren bueltan, elkarren ondoan baina elkar ukitu gabe, eta gezurrezko frutaren gainean, benetako osagaiak: txokolatea, mandarinak eta platanoak, gominolak, fruitu lehorrak eta goxokiak. Zapi batzuk ondoan, eskuak eta aurpegia garbitzeko, eta mahaiaren ertzean, edateko mordoa: zukua, ura eta freskagarri sorta. Ezer ez zegoen ausaz jarria; jaki bakoitzari matematikoki eman zitzaion leku jakin bat. Bertze mahai bat zegoen ondoan, txikiagoa, eta honek ere limoiak zeuzkan; kafea, infusioa eta jaki gozoak zeuden bertan. Bertze mahai bat muntatu zuten, zozketa egiteko papertxoak saltoka ibiltzeko modukoa. Koadro bat pintatzeko eszena bat zirudien.

Lekuaren eta saioaren arabera desberdina zatekeen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako ganbara bat, baina, gutxi-asko, horixe izanen da bertsolariek ganbarara sartu berritan topatuko duten irudia. Hori, eta peto gorridun bi pertsona: ganbarazainak. «Sinplea da gure lana: inoiz ez uztea bertsolaririk bakarrik, eta behar duten momentuan behar duten hori izatea», esplikatu du Alazne Untxalok (Ituren, Nafarroa, 1989). Estreinako aldia du aurten txapelketako ganbarazain, eta laukote baten parte da. Txandaka egiten dute lan, bikote bat saio bakoitzeko.

Protokolo bat bidali zien laurei Bertsozale Elkarteak udazkena ailegatu aitzinetik, eta han zehaztu zieten nolakoak izanen ziren saioak, zer betebehar zituzten ganbarazainek eta noizko egon behar zuten zegokien lekuetan. «Protokoloak dio bertsolaria zaintzea dela gure lana, hura ongi sentiaraztea eta ahalik eta goxoen tratatzea», baina aitortu du bakoitzaren izaeraren arabera desberdina izaten dela jarduteko modua. «Batzuek gehiago hitz eginen diete bertsolariei eta bertze batzuek gutxiago; bertze batzuek nahiago izaten dute neutroak izan, edota baikorragoak», baina laurek ahalegindu behar dute ganbaran ahalik eta ongien sentiarazten bertsolaria, ez dadin are urduriago edo blokeatuago atera oholtzara. 

«Protokoloak dio bertsolaria zaintzea dela gure lana, hura ongi sentiaraztea eta ahalik eta goxoen tratatzea. Batzuek gehiago hitz eginen diete, eta bertze batzuek gutxiago; bertze batzuek nahiago izaten dute neutroak izan, edota baikorragoak»

ALAZNE UNTXALO Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako ganbarazaina

Honako hauek dira, nagusiki, ganbarazainaren lanak: bertsolariei harrera egitea; oholtza ikusi nahi badute, oholtza erakustea; ganbarara eramatea; eta ganbaran haiekin egotea beti. «Jatekoa eta edatekoa prest izaten ditugu iristen direnerako, eta guztia jartzen dugu ahalik eta modurik erakargarrienean, bai baitakigu urduri egotean ez dela apetitu handirik izaten, baina ongi dator zerbait sartzea gorputzera», erran du Untxalok. 15:00etarako deitzen dituzte bi ganbarazainak, eta jakin beharrekoa azaltzen diete; bi kontu dira batez ere: non dagoen ganbarako materiala eta non dagoen ganbara bera. «Gelaraino laguntzen gaituzte, guk ez baitugu aurrez jakiten non dagoen, eta bakoitza bere lanetan hasten da automatikoki: normalki bikote berarekin egiten dugu lan, eta dagoeneko bakoitzak ongi daki nola funtzionatzen duen bertzeak». Untxalo ganbaran egoten da normalean, eta bertze ganbarazaina joan-etorrian ibiltzen da, bertsolariei hasierako harrera egiten eta ganbararaino eramaten. Eta ganbaran bertan egoten dira bertsolariak saioa hasi arte. «Tira, gerta daiteke norbaitek hor egon nahi ez izatea, eta hori ere errespetatu behar da», azaldu du Untxalok. 

Kasu horretan, zozketa egiterako orduan joaten da bertsolaria ganbarara. Hor bai, hor ezinbertzekoa baita guziak egotea. Gai jartzailearekin egiten dute zozketa, horretarako propio muntatutako mahaian, eta bi ganbarazainak hortxe egoten dira, gogorarazteko edozer gauza beharko balute hor daudela, eta arduratuko direla behar duten laguntza emateaz. «Botikaren bat edo bertze gorde izan dugu, adibidez, edota komunera lagundu. Baina beraiek eskatu behar dute hori». Eta oholtzara ateratzear daudenean gauza gutxi geratzen da ganbarazainaren esku: animoak ematea, bultzadatxo bat ematea, eta indartsu bidaltzen saiatzea. «Isilik egon nahi badute, gu ere isilik, eta, hitz egin nahi badute, gu ere solasean». Parekoari igarri zer behar duen, ez bertzerik. 

Aulkiak agindutako jarrera

Sei aulki daude oholtzan, eta lehendabiziko eserlekua tokatu zaiona ez da ganbararaino joaten. Eraikin inguruan geratzen da, ganbarara iritsi gabe, erdibide batean. Ganbarazain bat izaten du alboan, baina ez bertsolaririk, eta kontzentratzea izaten du zeregin nagusi. Eta bertze ganbarazaina gainerako bertsolariekin joaten da ganbarara, gainerako bortzekin. «Segituan nabaritzen da bertsolari bakoitza zer aulkitik datorren, aurrez jakin gabe ere. Bigarren aulkian eseri denak, alegia, kantatzen hurrenak, isilago jardungo du, edo oinez ariko da bueltaka, bertzeak mahaiaren bueltan diren bitartean. Zerbait janen du, azkar, eta komunera bueltatxo bat egin, baina erlaxatu ez da eginen, eta egiten duen hori guztia buruan bertso bat edo doinu bat duela eginen du». 

Bertze laurak solastiago aritzen direla erran du, zerbait ahoratzen eta atseden hartzen. Akaso elkarrekin komentatuko dute zer moduz doan saioa, edota ganbarazainari galdetuko diote hura nola ari den saioa ikusten. «Zehazki beraiek nola ikusten ditugun galdetzen badigute, erantzutea tokatzen zaigu, baina animatuz betiere, noski. Igual norbait apalago ikusi dugu, eta sotilki saiatzen gara hura animatzen». 

Zerbait jaten arituagatik, ohikoena janaria sobratzea izaten da. Bertsolari batzuek etxetik ekartzen dute jatekoa, baina guztiak egoten dira berdintsu: anitz jateko gogorik eta lekurik gabe. «Platano zatiren bat jaten dute, txokolatinaren bat, edota freskagarriari tragoxka bat egin, baina inoiz ez dute dena bukatzen», erran du Untxalok. «Gominolak bai, horiek erraz-erraz jaten dituzte».  

«Batzuek galtzerdiak ekartzen dituzte, eta bertze batzuek, kamiseta bat. Baten batek, gainera, kamiseta berdin-berdina eraman izan du, ez dadin nabaritu aldatu duela»

ALAZNE UNTXALO Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako ganbarazaina

Edonola ere, janaria ez da etxetik ekarri ohi duten kontu bakarra; aitzitik, anitzek arropa ere eramaten dute aldaldirako, badaezpada. «Batzuek galtzerdiak ekartzen dituzte, eta bertze batzuek, kamiseta bat. Baten batek, gainera, kamiseta berdin-berdina eraman izan du, ez dadin nabaritu aldatu duela». Gertatu zaio, erraterako, bertsolari bat hortzetako pastarekin zikintzea eta kamiseta aldatu beharra. 

Bitxia da gela barrena: bertsolari bat ganbaratik ateratzen denean automatikoki hasten da bertze bat altxatzen, inguruari bueltak ematen, komunera joaten, itxura txukuntzen eta oholtzarako prestatzen. Horixe ikusten du Untxalok, bertsolari bat ateratzen denean, hein batean, bakartu egiten dela hurrengoa, doinua memorizatzeko, neurrian sartzeko eta kontzentratu ahal izateko. Batzuetan galdetu ere egiten diete ganbarazainei, bi doinuren artean haiek zein aukeratuko luketen-edo. «Niri animatzea tokatu zait beti», onartu du Untxalok. «Ikusten baldin badut bertsolari bat niri begira ari dela, keinu baikor bat egiten diot, animozkoa, eta, niregana hurbiltzen bada, saiatzen naiz egin dituen gauza politak nabarmentzen eta goraipatzen». 

Mezuak, kanpotik barnera

Bertsolaria da protagonista, eta ganbarazaina, igarlea. Zaila da bakoitzari nahi duen hori ematea, baina Untxalok esplikatu du «segituan» jabetzen direla parekoak zer behar duen, eta bertsolariari egokitu zaion eserlekuaren arabera desberdina dela lana. «Pentsa, ordubetetik goitiko itxaronaldia egin behar du azkenak, eta luzea egiten da egonaldia». Baina ganbarazainei ez zaie luze egiten, edo ez Untxalori bederen, etengabe ari baita kanpoko ganbarazainarekin solasean. Sakelakotik aritzen dira, eta kanpokoak barnekoari kontatzen dio kantuan ari den bertsolaria nola doan. «Erraten dit bertsolariak lehen bertsoa hasi duela, bukatu duela, bigarrena hastear dela, hirugarrena bukatzear dela... eta bukatu duela». Horren aitzinean bi aukera daude: informazio horren berri eman edo ez, eta bertsolariari uzten diote erabaki hori hartzen. «Galdetzen diogu ea informazio guztia jaso nahi duen edo nahiago duen bukatu duenean abisu bat jaso, eta horren arabera aritzen gara bakoitzari nahi duen informazioa ematen». 

Bertso saioa bukatu ondotik ere lanean dihardute ganbarazainek, eguneko azken egitekoan. «Oholtzatik jaisten direnean hor egoten gara, akonpainatuak senti daitezen, zeren batzuengana familia eta lagunak joaten dira, baina gerta daiteke inor ez gerturatzea, eta guk ezin ditugu bakarrik utzi». Akabatu dira lanak. Mahai oihal limoiduna tolestu eta poltsan gordeko dute, eta ganbararik ikusi gabe egonen da, bederen, hurrengo asteburura arte. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA