Kantuan hasi aurreko kontuez

Aulkiak, soinua eta fokuak prest izaten dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saioak hasterako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zer inurri lan dago, baina, horren atzean?

Zenbait bolunario, larunbatean, Donostiako Illunben. BERTSOZALE ELKARTEA
Zenbait bolunario, larunbatean, Donostiako Illunben. BERTSOZALE ELKARTEA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egin beza irakurleak sei egun atzera. Azaroaren 20a da, hortaz; ostirala. Goizeko hamaikek jo dute ordularian: arimarik ez da Donostiako Illunbe zezen plazaren inguruan, eta barneko hots handirik ez da aditzen. Barnean sartu, eta han non diren hamahiru bat lagun saskibaloiko pistan, borobilean jarrita, Jone Antsotegi Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeko kideetako batek erakutsi dien orri bati beha. Bihar jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa, eta hura muntatzen laguntzera joan dira. Neurri asko hartu behar dituzte aintzat, eta tokian tokiko araudi eta baldintzetara egokitu behar izaten dute antolaketa. Hala eta guztiz ere, lege horien guztien barruan, saiatzen dira bertsolariei ahalik eta aretorik goxoena uzten. 

Antsotegik esandakoak aditu, eta ziztuan hasi dira denak lanean, talde txikitan. Saskibaloiko pistaren lurra estaltzen ari dira moketa gris batez; lagun batek mutur bati heltzen dio, eta besteak besteari. Lur horren gainean jarriko dituzte gero aulkiak. Beste batzuk harmailen goialdera igo dira, estadio osoan azken-azken ilarako barandetara lotuta dauden oihal zuri guztiak askatzeko. «Ikaragarria da zenbat pisatzen duten», esan du batek. Binaka ari dira lan horretan. «Oihal hauek jaisten ari gara saioan inor ez esertzeko atzealde honetan. Horrela, denak eseriko dira erdi partean, eta bertsolariek bilduago ikusiko dute jendea; ez dute hustasunaren sentsaziorik izango». Agertokiaren alde bietako harmailak ere oihal beltz batez estali dituzte, jendea izkina horietan eseri beharrean erdi parterago eser dadin. Oholtzaren pareko hutsuneak ekiditen ere saiatzen dira, eta jendea mugitzea eragin dezaketen lekuak saihesten ere bai. 

Konturatzerako, larunbata. Boluntarioak 09:00etarako-edo hasi dira muntaketarako biltzen. Itxura batera, behintzat, dena prest dago 11:00etarako: aulki saila bezperan jarritako moketa grisaren gainean, oholtza prest, gai emailearen atrila, sei bertsolarientzako aulkiak, Malen Agirre margolariak egindako olana... Saioaren ondotik bertsolariei elkarrizketak egiteko txokoa muntatzen ari dira Oli Artola, Irati Egibar eta Maddi Ibaibarriaga elkarteko komunikazioaz arduratzen direnak. Kazetarien eta epaileen mahaiak prest utzi dituzte lehenago.

Bost ordu baino ez dira geratzen finalaurrekoa hasteko. «Ordubete barru soinu proba egingo dugu, 13:00etan; gaur ondo goaz denboraz», azaldu du Udane Mugerza elkarteko sustapen eragileak. Izan ere, ezin da halakorik egin oholtza eta azpiegitura dena prest egon gabe. Arratsaldean elkarteko langileak eseriko diren mahaian dago Mugerza, ordenagailua parean duela, jo eta su lanean. «Bertsolariei esan genien Illunbera iritsitakoan aparkaleku bat beraientzat egongo zela erreserbatuta, baina konturatu gara justu pareko atetik sartuko dela publikoa ere. Denekin gurutzatu beharrik ez izateko, esango diegu autoa ondoko aparkalekuan uzteko». Bertsolariei mezua idatzi, eta epaileen mahaian aurikular handi batzuk jartzen hasi da: bat, bi, hiru, lau, bost, sei... Horietatik adituko dute saioa epaimahaikoek.

Ahotsaren oihartzuna

«Ei, ba, e!», hasi da soinu teknikaria oholtzako mikrofonoetako batetik —kanpoko enpresa bat arduratzen da soinuaz—. «I, i, bai, ba, ba, bat...». Mugerzak aurreikusi bezala, 13:00etan hasi da soinu proba, puntu-puntuan. Donostiako Bilintxi-Balantxa bertso eskolako hiru kide igo dira agertokira, bai eta eskuak atzean jarrita mikro banatan bertsoak kantatzeko pronto jarri ere. «Ez du balio 'la, la, la' abesteak, hobe bertsoak kantatzen badituzue, eta ez oso azkar, mesedez», agindu die soinu teknikariak. Izan ere, ahotsak Illunbe bezalako leku batean oihartzun egiten du, eta azkar kantatuz gero, gerta daiteke ez ulertzea. Horixe neurtzen dute aurrena. Hiru bertsolariak hasi dira kantuan, librean, elkarri puntuak jartzen. Bien bitartean, ganbarara joan dira elkarteko bi kide, handik bertsolariek oholtzan kantatzen dutena entzuten ez dela egiaztatzera. Ongi: ez da ezer entzuten. 

16:00ak. Jendea zezen plazan sartu eta sartu ari da. Peto gorriko boluntario batzuk atean jarri dira, tiketak sakelako batekin balidatzen, eta beste batzuk jendeari bere lekua bilatzen laguntzen. Leporaino dago elkarteak propio prestatu duen tabernan sortu den ilara, baina laster joan beharko dute beren lekuetara, sintonia bozgorailuetan hoska hastear da eta. 

Behin saioa amaituta, ostiraleko eta larunbat goizeko argazki bera da Illunbe: harmailak hutsik eta pistan hamabost bat lagun lanean, muntatutakoa desmuntatzen. Diseinatua izaten ez duten lan bakarra izaten da hori, baina urteen eskarmentuak eman die hori guztia azkar biltzeko gaitasuna.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA