Aurten 25 urte dira Nerea Elustondok (Legazpi, Gipuzkoa, 1981) lehen aldiz kantatu zuela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Igandean Aguraingo (Araba) saioan kantatu zuen ordutik ez zaiola ilerik urdindu, bertsotarako apetitua duela oraindik, eta ez zaiola hortzik kamustu. Bistan da, berak bildu baitzuen puntu zakukada handiena.
Ikusi gehiago
Izan duzu asteburuko saiotik digestioa egiteko astirik?
Bai. Tira, lanera itzultzeak laguntzen du asteburukoa erlatibizatzen. Pozik nago, noski, baina ez dut kristoren euforia sentitzen. Saioan zehar banuen txapelketan izaten den tentsio hori, ez nengoen etxeko sofan egongo banintz bezala, jakina, baina uste dut talde giro polita izan genuela, eta eroso aritu nintzen. Ez dut saioa berriro entzuterik izan, baina oso feedback ona jaso dut jendearengandik.
Halako sorpresa keinu bat egin zenuen irabazle zinela jakin zenuenean. Ezustean harrapatu al zintuen?
Ez dakit... Ni oso traketsa naiz saioari tenperatura hartzen kantuan ari naizenean. Gainera, Aguraingo saioan, atzetik ez genuen ondo entzuten besteek kantatzen zutenean. Mikrofonotik gertu geundenean, ondo entzuten genien gai jartzaileari eta kantukideari, baina atzetik oso distortsionatuta entzuten zen. «Ondo ari zara, ondo ari zara», esaten zidaten albokoek, eta ikusten nituen erreakzioek esaten zidaten entzulearengana iristen ari nintzela, baina inoiz ez da jakiten... Espero ote nuen? Ez zitzaidan mundua goitik behera gainera erori, baina ez zen izan aurretik ziurtzat eman nuen gauza bat.
Puntuazio taularen arabera, gainerakoak baino koska bat gorago aritu zinen puntu erantzunetan. Bereziki maite duzu ariketa hori?
Asko gustatzen zaidan lan bat da, nahiz eta beti ez zaidan ondo ateratzen. Bertigo apur bat ematen du, baina ez da niri beldur handiena ematen didan ariketa.
Zein da, bada?
Ganbarakoa. Aurrelanketa handia eskatzen du, egitura luzeetan kantatzea izaten da joera, eta horregatik ematen dit bertigoa. Halere, beldurra kentzen ari natzaio.
Agurainen asmatu zenuen ariketa horretan. «Orain arte lagun mintzat zeneukan; badakizu hemendik aurrera ez dela hala izango», zioen gaiak. Lagun min izateari utzi eta «lagun baino gehiago» bihurtu diren batzuen istorioa kontatu zenuen.
Ganbarakoan dramara jotzeko joera bat izaten da, eta gaia entzundakoan dramatismo usaina hartu nion. Nik ez neukan drama egiteko gogorik, gorputzak ez zidan halakorik eskatzen, eta sinesgarriagoa zitzaidan gaia aukeratu nuen. Zortzi puntuko neurrian kantatu nuen, eta erronka bat zen niretzat, neurri horretan inoiz kantatu gabea nintzelako txapelketa batean. Azken Euskal Herriko Txapelketan beldur handia hartu nien neurri luzeei, eta lagundu dit mamu batzuk kentzen. Mikrofonotik eserlekura joan nintzenean, «Poto egin dut?» galdetu nien kideei, eta ezetz esan zidatenean lasaitu nintzen.
Hasierako agurrean aipatu zenuen ilea ez zaizula urdindu oraindik. Ez da lehen aldia, hala kantatu baitzenuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean: «Emakume helduen ahotsa/ entzuten ez den honetan/ ilea urdindu arte/ segiko det txapelketan». Uste duzu andre helduen ahotsa falta dela oholtzetan?
Txapelketan gizon helduen ahotsak ere falta dira gaur egun. Izan dira historikoki, baina orain gutxiago daude. Agur hori kantatu nuen jende askok galdetu didalako ea txapelketan izena ematen jarraitu behar dudan nire adinean. Ematen du laurogei urte dauzkadala, eta esan behar dut oraintxe sentitzen naizela bertso boladarik onenean, inoizko erosoen, orain daukadala esateko inoiz baino gehiago.
Bukaerako agurrean hurrengo fasera pasatu ez diren kideak aipatu zenituen...
Euskal Herriko Txapelketan urte asko pasatu daitezke lehen aldiz kantatzetik bigarren aldiz kantatu arte. Nire kasuan, adibidez, hamabi urte izan ziren. Kontua da jende askok oposizio bat izango balitz bezala hartzen duela, hil ala bizikoa izango balitz bezala, eta ahazten zaigu erlatibizatzea, txapelketatik aparte mundu handi bat dagoela. Finalaurrekoen lehen itzulian jende askok joan behar izan zuen kalera, eta lagunak ditut pasatzeko aukerarik izan ez dutenak, eta haiek aipatu nahi izan nituen.
Eibarren kantatuko duzu urriaren 31n. Gogotsu al zaude?
Txapelketa batean inoiz ez dut hainbeste emakumerekin kantatu, eta ilusio handia egiten dit. Gainera, Eibar gustatzen zait kantatzeko.