Zortzi bat agur pentsatuta igo zen Xabat Illarregi Gotaine-Irabarneko oholtzara (Zuberoa). Bakar bat behar izan zuen, baina: irabazlearena. Kideei eskerrak eman zizkien kantuz, eta talde izaeraren beharra nabarmendu. Zuzenean sailkatu da finalaurrekoen lehen itzulirako; beraz, Lekunberrin (Nafarroa) kantatuko du, urriaren 24an.
Gotaine-Irabarneko saioan irabazle izanda, izango zenuen digestioa egiteko astirik... Zer moduz zaude?
Solbentziarekin pasatu nahi nuen fase hau, eta, ahal izanez gero, irabazita, Lekunberrin kantatzeko aukerarekin. Pozik nago lortu izanagatik, hurrengo saiora begira jarrita.
Eta, oholtzan, zer moduz sentitu zinen?
Saioa kontrolpean nuelako sentsazioarekin, eta horrek saio erditik aurrera beste patxada bat eman zidala uste dut. Nahiko kontzentratuta sartu nintzen, nire barne munduan, eta saioa aurrera joan ahala, pixka bat erlaxatzen saiatu nintzen, kantatu behar nuenetan tentsioa mantenduz. Gainera, talde ona tokatu zitzaigula uste dut, zozketatik ere sentsazio horrekin atera nintzen. Iruditzen zait horrek lagundu zuela guk ganbaran eta oholtzan giro ona eduki genezan. Ni oso eroso sentitu nintzen, eta beti ez da hala izaten. Saioa hasteko moduak asko eragiten du gero oholtzan egoteko moduan, eseritakoan ere lan dezente egin behar izaten dugulako, eta uste dut ni nahiko eroso egon nintzela, kontzentratuta nengoen, saioan sartuta. Beraz, alde horretatik ere pozik nago.
Azken agurrean ere taldea aipatu zenuen: «Bertso kideei besarkada bat/ eskerrik asko ta biba!/ Ez gara asko, goazen batera/ behar duguna hori da». Sare horrek laguntzen du aurrera egiten?
Bai. Kontzienteki bota nuen agur hori. Noski, bakoitzak bere bertsoak bota behar ditu, eta nork bere lana egin, baina bertsolariok bertso saio bat ez dugu ulertzen nork berea eginda bakarrik. Saio bat oholtzan gaudenon artean osatu behar dugu, eta denontzat da interesgarria albokoa ongi aritzea. Iruditzen zait inportantea dela saio guztietan talde kontzientzia hori edukitzea.
Zergatik?
Bertso mundua guretzat gauza handia den arren, gauza oso txikia delako egiazki, eta dei hori egin nahi nuen: goazen denok batera, eta goazen saiatzera saioak taldean egiten.
Puntuazio taulak dio puntu-erantzunetan aritu zinela ondoen. Sentsazio hori izan zenuen zuk ere?
Ez daukat ariketa bakar batean ere goia jo izanaren sentsaziorik, baina erori ere ez nintzen erori. Egindakoarekin konforme sentitu nintzen ariketa guztietan, edo nire buruari eskatzen nion minimotik gora behintzat. Puntu-erantzunena beldurra sortu dezakeen ariketa bat da, baina, niri motibazioa sortzen dit beldurra baino gehiago. Gotainen gustura gelditu nintzen ariketa horretan, nahiz eta hirugarren bertsoak irrist egin zidan, hitz bat modu batean esan beharrean beste modu batera esan nuelako. Baina, tira, bideratu nuen hori ere, eta pozik gelditu nintzen. Agian gusturago aritu nintzen ganbarako ariketan.
«Harrapatu edo atzeman egin zenuen, baina momentuan ez zenion hainbesteko garrantzirik eman. Oraindik ere buruan itzulika darabilzu»: horixe zen gaia. Ikasgelan jazarpen kasu bat atzeman duen irakasle baten larrutik kantatu zenuen.
Nahiko argi ikusi nion heldulekua gaiari. Irakaslearena gertuko dudan ofizio bat da, irakasle aritzen bainaiz bertso eskoletan. Baleko bide bat iruditu zitzaidan, eta berehala hasi nintzen bertso produkzio lanetan. Ez nuen asko arriskatu beharrik, eta nahiko erosoa den neurri bat hartu nuen: zazpi puntuko bat. Neurri erosoa da, baina, zazpi-sei silabakoa, bertsolariari exijitzen diona tolesturak eta esan beharrekoak oso esaldi motzetan esatea.
Lekunberrin kantatuko duzu urriaren 24an. Bi aste pasatuko dira zure lehen saiotik bigarrenera...
Ez daukat tarte handiegirik, ez. Beraz, milagro handirik ere ezingo dut egin denbora honetan. Espero dut lehenbiziko saioan asko ez sufritu izanak beste konfiantza batekin eramango nauela hurrengo saiora. Plaza exijentea izango da Lekunberrikoa, baina asko motibatzen nau exijentzia maila horrek, laguntzen didalako nire buruari tentsio bat ematen, egiteko behar bat. Han ere talde ederra izango dugu: bi nafar arituko gara, Saioa eta biok, eta gainerakoak ere kide bikainak dira.