Musika

Irlandako Kneecap taldeak ere joko du BBK Liven

Antolatzaileen esanetan, egitarauan Kneecap kabiarazi izanak agerian uzten du BBK Liven beti dagoela tokia «deseroso gerta daitezkeen ahotsentzat». Jada eman dute argitara aurtengo edizioaren kartel osoa: ehun kontzertutik gora dira; hamahiru, doakoak.

Kneecap taldearen konzertu bat Danimarkan.
Kneecap taldearen konzertu bat Danimarkan.
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko ekainaren 11
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur arte, martxoaren hondarrean zuen egina azken iragarpena Bilboko BBK Live musika jaialdiak. Besteak beste, orduan jakinarazi zuten Damiano David, Kaytranada eta Sparks taldeak ere ariko zirela aurten Bilboko Kobetamendin, eta, hori iragarrita eta laurogei taldetik gorako kartela osatuta, «itxitzat» eman zuten egitaraua. Ordea, azkenerako, gehiago ere kabiarazi dituzte zerrendan: Kneecap taldeak ere joko du festibalean. Jaialdiak uztailaren 10etik 12ra bitarte iraunen du, eta, zehazki, 11n oholtzaratuko da Kneecap hirukotea.

Belfasteko formazio musikala da Kneecap. Mo Chara, Moglai Bap eta Provai DJak osatua da, hip-hopa egiten dute batik bat, gaelikoz aritzen dira, eta bereziki boladan dira egun. Rich Peppiatt zinemagile ingelesak taldearen jatorriari eta ospeari bruzko film luze bat eman zuen 2024an —Kneecap izenekoa—, eta horrek hirukotearen sona zabaldu zuen han-hemenka. Gainera, urteak dira taldea irlanderaren ofizialtasuna aldarrikatzen duen mugimenduaren irudi bilakatu zela, eta oholtzaratzen denetan plazaratzen dituen aldarri politikoengatik ere bada ezaguna.

BBK Liven ariko direla iragartzearekin batera, jaialdiak berak zera esan du taldeari buruz: «Gatazka eta zentsura nonahi dabiltzan honetan, musika behar-beharrezko bozgorailu dugu oraindik». Are gehiago, antolatzaileek nabarmendu dute festibalean beti dagoela tokia «deserosotasuna eragiten duten, galderak egiten dituzten eta isilik egoteari uko egiten dioten ahotsentzat».

Beste iragarpen batzuk ere egin ditu BBK Livek gaur. Besteak beste, Bereziak programazioan arituko diren taldeak iragarri dituzte. Egitarauaren atal horretan jasotako taldeek doako kontzertuak emanen dituzte, eta, Kobetamendin aritu ordez, hirian bertan ariko dira. Honako hauek joko dute, zehazki: Raya Diplomatica, Puño Dragon, Sr. Chinarro, Grande Amore, La Plata, Azuleja, Dano, Ultraligera, Sanguijuelas del Guadiana, La Prohibida, Putochinomaricon, Girl Ultra eta Lua de Santana taldeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.