Artea

Euskal sortzaileek 1976ko Veneziako Biurtekoan utzitako lorratza berreskuratu du Artiumek

Veneziako Biurtekoan euskal artisten ordezkaritzak egindako lana eta haren esanahi politiko eta kulturala bistaratzen ditu 'I Baschi alla Biennale 1976/2026' erakusketak. Orduko dokumentuak, artelanak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte.

Manuel Millaresen eta Agustin Ibarrolaren hainbat lan ikus daitezke Artiumeko erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Manuel Millaresen eta Agustin Ibarrolaren hainbat lan ikus daitezke Artiumeko erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko azaroaren 24a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

1976an, euskal artista, zinemagile, musikari eta poeta talde batek Veneziako Biurtekoan parte hartu zuen, Amnistia denontzat lelopean. Besteak beste, Nestor Basterretxeak, Fernando Larrukertek, Jose Antonio Sistiagak, Jose Maria Zabalak, Joxean eta Jesus Artzek eta Mikel Laboak askatasunak berreskuratzeko aldarria eta aurreko hamarkadetan jasandako errepresioaren salaketa eraman zituzten arte garaikidearen nazioarteko erakusleiho hartara. 50 urte geroago, gertakari haren garrantzi artistiko, politiko eta kulturala berreskuratu du Artium museoak, I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketaren bidez. Museoko A3 aretoan paratu du bilduma, eta 2027ko maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai.

Erakusketa I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuaren barruan dago; Eusko Jaurlaritzak joan den maiatzean aurkeztu zuen Venezian, 61. biurtekoaren testuinguruan. Ikus-entzunezkoek, dokumentuek, margolanek eta eskulturek osatzen dute erakusketaren ardatza. Horien bidez, 1976ko euskal sortzaileen parte hartzea ez ezik, ekinaldi hura ahalbidetu zuten sare artistikoak, antolaketa kolektiboko prozesuak eta garai hartako eztabaida politikoak ere aztertu dituzte. Erakusketaren asmoa ez baita izan soilik gertakari historiko bat gogora ekartzea. Haren atzean zeuden «jarrerak eta estrategiak» gaur egungo ikuspegitik ere berrirakurri nahi izan dituzte, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak erakusketaren aurkezpenean azaldu duenez.

Erakusketak 1936ko gerraren aurreko urteetara egiten du atzera, eta Bigarren Errepublikaren garaiko kultur grina eta gizarte eraldaketarako itxaropenak ditu abiapuntu. 1936ko estatu kolpeak eta ondorengo gerrak eten egin zuten prozesu hura, eta gatazkak nazioarteko oihartzuna izan zuen. Egoera hartan, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketa funtsezko erreferentzia izan zen euskal artisten nazioarteko proiekzioa ulertzeko. Ibilbide historiko horretatik abiatuta, 1976ko Veneziako Biurtekoan euskal sortzaileen ordezkaritzak izan zuen parte hartzea «erresistentzia kulturalaren tradizio zabalago» baten isla izan zen, Herraezen hitzetan.

Parisko erakusketaren arrastoak

Areto printzipalera sartu baino lehenago, Juan Jose Lasak Venezian grabatutako film dokumentalarekin egingo du topo bisitariak: euskal artisten ordezkaritzak Veneziako Biurtekoan utzitako lorratzera hurbiltzeko gonbidapen moduko bat da lana, eta irudi, dokumentu eta lekukotzak ditu abiapuntu.

Areto nagusian beira arasek hartzen dute protagonismoa: dokumentuak, argazkiak, afixak eta bestelako materialak bildu dituzte, Veneziako parte hartzearen antolaketa eta haren inguruan sortutako harremanak ulertzeko. Garai hartako giro politiko eta kulturala ezagutzeko leiho bat dira, baina baita artearen eta militantzia politikoaren arteko loturak aztertzeko tresna ere. Dokumentu horiekin batera, Maria Francisca Dapenaren Presas margolanak eta Dionisio Blancok Burgosko Prozesuari buruz egindako pinturek, besteak beste, errepresio frankistaren memoria bistaratzen dute. 

Aurrera egin ahala, 1937ko Parisko erakusketan Euzkadi pabiloiarekin lotutako artisten lanak agertuko dira. Adibidez, Jose Ortiz Etxagueren hamabi lan ikus daitezke, ikatz ziriz marraztuak. Horma nagusian, berriz, Aurelio Artetaren obra handi bat ageri da: Gerraren triptikoa izena du margolanak, eta gerraren aurpegi gordina eta haren ondorioak ditu ardatz. 

Artium-'I Baschi alla Biannale'.
Zenbait ikus-entzunezko paratu dituzte Artiumeko A3 aretoko erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikus-entzunezkoek protagonismo handia dute erakusketa guztian. Izan ere, 1976an euskal herritarren borroka, egoera politikoa eta kultura hizpide hartu zituzten zenbait film labur erakutsi zituzten Veneziara joandako artistek. Besteak beste, Jose Antonio Sistiagaren ...ere erera baleibu izik subua aruaren... pelikula, eta Jose Angel Rebolledoren Arriluze film labur esperimentala paratu dituzte Artiumen. Horiekin batera, Mikel Laboak eta Joxean eta Jesus Artze anaiek ondutako Ikimilikiliklik ikus-entzunezko proiektuari lotutako piezak ikus daitezke, tartean Jose Luis Zumetaren Ikimilikiliklik I eta Ikimilikiliklik II  margolanak, zeintzuen bidez artistak poesia, musika eta arte plastikoa elkarrizketan jarri zituen. Izan ere, emanaldi hori Venezian bertan eskaini zuten artistek, 1976an.

Beste bi film ere ikus daitezke erakusketan: Nestor Basterretxea eta Fernando Larruqueten Ama Lur (1968), Euskal Herriko errealitate kulturalari eta tradizioari begiratzen diena, eta Jose Mari Zabalaren Axut lana, eszena modernoak eta tradizionalak kutsu abangoardistarekin erakusten dituena.

2028an, leku propioa

Erakunde publikoetako ordezkariak ere izan dira inaugurazio ekitaldian. Besteak beste, bertan izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia.

Artium-'I Baschi alla Biannale'.
Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria, instituzioetako ordezkariei azalpenak ematen. ENDIKA PORTILLO / FOKU


Lehendakariak nabarmendu du euskal ordezkaritzak Venezian izan zuen parte hartzea «askatasun, duintasun eta baieztapen kolektiboko ekintza bat» izan zela, eta bereziki aipatu du garai hartako irudi esanguratsuenetako bat: ikurrina, artean debekatua, lau haizeetara zabaldu zutenekoa Venezian. Lehendakariaren hitzetan, irudi hark zera adierazten zuen: «Hemen gaude, hau da gure herria, hau da gure hizkuntza, eta nor garen adierazteko eskubidea dugu». 

Etorkizunerako asmo bat ere jarri du mahai gainean Pradalesek: bi urte barru Veneziako Biurtekoan euskal artistei propio gordetako leku bat lortzea. Toki propio bat bereganatuta, nazioarteko arte garaikidearen erakusleiho handienetako bat den horretan «euskal arte sorkuntza modu jarraituan proiektatzea» nahi luke Jaurlaritzak, lehendakariak azpimarratu duenez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA