Euskara adierazkorraren «korapiloak» askatzeko xedez abiatu dute Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren aldia

Aurtengo Joan Mari Torrealdai bekak euskara adierazkorra gizarteratuko duten proiektuak sarituko ditu, eta proposamenak urriaren 26ra arte aurkeztu daitezke. Iazko irabazleek, EHZko kideek, euren proiektua aurkeztu dute: liburua, podcasta eta dokumentala.

Ezkerretik hasita, Jon Mikel Azpiazu, Aitor Servier, Ainara Harotzarene, Haritz Azurmendi eta Matilda Legardinier gaur, Usurbilen. JON URBE / FOKU
Ezkerretik hasita, Jon Mikel Azpiazu, Aitor Servier, Ainara Harotzarene, Haritz Azurmendi eta Matilda Legardinier gaur, Usurbilen. JON URBE / FOKU
Usurbil
2026ko uztailaren 15a
18:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan Mari Torrealdaik, euskara batua sortzeko bidean, helburu gisa jarri zuen erregistro guztietarako balioko zuen euskara estandar bat sortzea, betiere ahaztu gabe erregistro horiek guztiek «esanindarra» behar zutela eta «esanindar» hori bera ere langai bat zela. Eta, hain zuzen ere, Torrealdaik duela ia bost hamarkada abiatutako bide horri berari heldu nahi izan diote Jakin Fundazioak eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Udalak JMT Joan Mari Torrealdai bekaren hirugarren aldian. Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak du izenburutzat, eta urriaren 26ra bitarte aurkeztu ahal izango dira proiektuak.

«Bigarren aldia emankorra izan da, eta hirugarrena ere hala izatea espero dugu», azaldu du Haritz Azurmendi Jakineko kideak, Usurbilen egin duten aurkezpenean. Aurtengo deialdia «ilusioz» prestatu dutela eta gaiarekin «motibatuta» daudela nabarmendu du Azurmendik; besteak beste, esan duenez, Usurbilgo Udalarekin batera antolatzen duten Jakin jardunaldiaren aurtengo aldian ere gai beraren bueltan aritu direlako: «Jakin jardunaldian alde askotatik heldu genion honi, baina bazegoen ikus-entzunezko eta sare sozialetako hizkerarekiko kezka edo erronka bat, euskaratik adierazkortasuna lortzeko gaitasunak eta ereduak gizarteratzeko bideak ahultzen ari ote diren».

Azurmendik azpimarratu du euskaraz, gainerako hizkuntzetan bezala, ezinbestekoa dela adierazkortasuna lantzeko «kontzientziak indartzen» jarraitzea, «azpiegitura kultural eraginkorren multzoa» osatzea eta «baliabideak eta tresnak» sortzea eta gizarteratzea.

«Jakin jardunaldian bazegoen ikus-entzunezko eta sare sozialetako hizkerarekiko kezka edo erronka bat, euskaratik adierazkortasuna lortzeko gaitasunak eta ereduak gizarteratzeko bideak ahultzen ari ote diren»

HARITZ AZURMENDIJakineko kidea

Eta horixe egin nahi du Torrealdai bekaren hirugarren aldiak: Azurmendiren hitzetan, «korapiloa bistaratzeaz gain, korapilo hori askatzen hasteko bideak eskaini». Antolatzaileek premiazkotzat jo dute, bekarekin orain arte egindako bidea abiapuntu hartuta, gaur egungo euskara adierazkorrak landu eta gizarteratuko dituzten proiektuak laguntzea. Horretarako, aurkeztutako lanak askotarikoak izan daitezkeela ere nabarmendu du Azurmendik: «Baliabide bankuak, horiek sozializatzeko estrategiak, lan tresna ezberdinak…».

Guztiaren gainetik, baina, antolatzaileek azpimarratu dute deialdi honekin bereziki sustatu nahi dutena «egiturazko gogoeta» bat dela, «adierazkortasuna nola, nondik, nortzuekin eta nortzuei begira» landu behar den aztertzen duena. Izan ere, Azurmendik dioenez, Joan Mari Torrealdai bekak «beti du alde bikoitz hori», kultur ikerketetarako beka bat den heinean.

Herri bat zuzenean

EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektuak irabazi zuen bekaren bigarren deialdia. Aurkezpenean izan dira Matilda Legardinier eta Aitor Servier EHZko kideak ere, haien proiektuaren nondik norakoak eguneratzen. Legardinierrek azaldu duenaren arabera, emaitzak hiru euskarri ditu: batetik, dagoeneko argitaratu duten liburua, Auzolanaren Lurretan EHZ: 30 urtez zuzenean; bestetik, Uhinen ildoan izendatu duten podcasta; eta, azkenik, datozen hilabeteetan argitara aterako duten dokumentala.

Servierrek aurreratu du ikus-entzunezko piezak EHZren bilakaera kontatuko duela, baina ez iraganari begiratuz; horren ordez, ikasturte osoan zehar EHZren 30. urteurreneko festibalaren prestaketa nolakoa izan den grabatu dute, gaur egun EHZn dabiltzan gazteek kulturgintzaren inguruan zer-nolako kezkak dituzten erretratatzeko xedez.

Horretaz guztiaz gain, Usurbilgo Arrobitxulo elkargunearekin batera, EHZko kideek kultur ekitaldien antolaketari lotutako tailer bat antolatu dute hogei urtera arteko Usurbilgo nerabeentzat, Kulturgintzan ekin izenekoa. Bi atal ditu proiektuak, teorikoa eta praktikoa. Martxoan egin zuten lehena, eta bertan landutakoak praktikan non, noiz eta nola jarri aztertzen ari dira orain, Jon Mikel Azpiazu kultur zinegotziak azaldu duenez.

Bekaren hirugarren aldian, epaimahaia Miren Amurizak, Gorka Bereziartuak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatuko dute. Hilabeteko epea izango dute jasotako proposamenak aztertu eta irabazlea hautatzeko, eta abenduan iragarriko dute proposamen garailea. Irabazleak 14.000 euroko saria eskuratuko du, eta hemezortzi hilabeteko epea izango du proiektua garatzeko. Proposamenak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali behar dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA