Bertsolaritza

Ez dute buruan, baina buruan darabilte

Abenduaren 20an jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko Casillan, eta bertan batu dute kantuan arituko den zortzikotea. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen salgai.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikotea, gaur, Bilboko Casillan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikotea, gaur, Bilboko Casillan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
2025eko abenduaren 10a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guztira 4.500 eserleku inguru ditu Bilboko Casilla aretoak, eta jadanik salduta daude haietako 4.000 ia. Eta datu horrek adieraz dezake Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak pizten duen jakin-mina zenbatekoa den ere. Maiatzean hasi zituzten Udabarria Bertsotan izeneko sailkapen faseko saioak, irailaren 28an abiatu zen ofizialki txapelketa, eta gaur aurkeztu dute abenduaren 20an kantuan arituko den zortzikotea. Casillan bertan bildu dituzte Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Oraindik oholtza muntatu gabe, oraindik publikorik gabe, oraindik tentsio handirik gabe, eta oraindik kantatu beharrik gabe, baina jadanik gaia jarrita, nolabait ere.

Bertsosarrerak.eus helbidean eskuratu daitezke saiorako azken sarrerak, eta joateko asmoa izanez gero ez askorik atzeratzeko gonbita egin dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariek.

Urte osoko beharraren emaitza da finala, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan. Horregatik, esker ona adierazi die bertsolariei, antolatzaileei, elkarteko langileei, gai jartzaileei, epaileei, bertso eskolei, eta saioz saio lanean aritu diren boluntarioei. Txapelketak orain arte egindako bidearekin «oso pozik» daudela ere adierazi du, gainera.

«Bertso eskolek emandako laguntza ikaragarria izan da, eta ikusten dugu jende gaztea oso interesatuta dagoela bertsoagaz»

BELATE OLABARRIA Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Pozik azaldu da, esaterako, ikusita orain arteko saioetan zenbat bertsozale bildu diren, baina Olabarriak gehitu du antolatzaileen pozak bestelako oinarri batzuk ere badituela. «Bertso eskolek emandako laguntza ikaragarria izan da, eta ikusten dugu jende gaztea oso interesatuta dagoela bertsoagaz. Eta hori da elkartearen helburu nagusia».

Arantza Plazak jarriko dio txapela aurtengo txapeldunari, eta finalaren aurkezpenean izan da bera ere. Bertsolaritza irakaslea izan da Plaza 2004an hasi eta 2022ra arte, hau da, erretiroa hartu zuen arte, eta adierazi du «oso pozik» eta «harro» dagoela. «Gustuko lan bat egin dut, eta egindako lan horren emaitzak ikusi egiten dira transmisioan. Gaur egun txapelketa honetako saioetara joan izan naizenean, nire inguruan ez dut inor ezagutu; eta denak gazteak ziren! Zerbait ondo egin dugun seinale da hori. Denak gazteak, denak adi, denak bertsoa aztertzen, eta denak pixka bat urrunago begira».

Proposamena egin ziotenean, «harritu» egin zela onartu du Plazak, baina berehala etorri zitzaizkiola burura ikasle izandakoen irudiak, txapelketetakoak eta bestelakoak, denak batera, «zurrunbilo» batean bezala, eta «momentuan bertan» eman zuela baiezkoa. «Proposamena egitera etorri zirenak ere pixka bat harrituta geratu ziren», esan du. Baina, dioenez, «bulkada» hori izan zuen. Gehitu du dagokionari txapela jartzean ere ez dela bakarrik egongo; ondoan izango baititu berarekin bertsotan aritu diren ikasle, lankide eta lagunak ere.

Finaleko lanak

Finalean bost lan izango dituzte bertsolariek. Hiruna bertso egin beharko dituzte ofiziotan, zortziko nagusian. Hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian. Bakarkako lanetan arituko dira gero, eta, puntua emanda, hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian. Hiru bertso kantatuko dituzte gero ofiziotan, hamarreko txikian, eta, azkenik, berriz ere bakarka, gaia emanda, hiru bertso kantatu beharko dituzte, doinu eta neurri librean.

Zortzi bertsolariek egingo dituzte lan horiek guztiak, eta puntuaziorik onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Hiru lan izango dituzte fase horretan. Lehenik, launa bertso kantatuko dituzte ofiziotan, zortziko txikian. Bigarrenik, hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko motzean. Eta hirugarrenik eta azkenik, ganbarakoa izango dute: gaia emanda, hiruna bertso osatu beharko dituzte doinu eta neurri librean.

Saio osoko puntuazioa hartuko da kontuan txapelduna izendatzeko. Bai buruz burukoan lortutakoa, bai eta lehen fasean egindakoa ere. Eta irabazlearen izena jakinarazi ostean, txapela jadanik ez da izango guztiek buruan darabilten zerbait, haietako batek buruan eramango du eta.

(ID_15592483) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Arantza Plaza, ezkerrean, Casillan kantatuko duten zortzi bertsolariekin. O. MATXIN EDESA / FOKU

Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, Bizkaia, 1979).

«Duela 25 urteko txapelketa baino askoz habitagarriagoa da oraingoa»

(ID_15592478) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Onintza Enbeita Maguregi. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

Hamargarren finala izango du hau Onintza Enbeita Maguregik, eta, 46 urterekin, bera izango da zortzikoteko bertsolaririk zaharrena ere. «Hemen dauden askok baino hogei urte gehiago ditut, eta hemen egon nahi dut esateko eta neure buruari eta Bizkaiari demostratzeko txapelketa askoz leku habitagarriagoa dela orain, duela 25 urte baino. Askoz dibertigarriagoa eta askoz ere gozagarriagoa». Eta zergatik den habitagarriagoa? Hau Enbeitaren erantzuna: «Dena aldatu da; aldatu da gaiak planteatzeko modua, parte hartzaileok publikoarekin dugun jarrera, bertsolaritza bizitzeko modua, aldatu dira diskurtsoak... Emakumeen presentziak, gorputz disidenteen presentziak, beste ideologia batzuen presentziak ekarriko zuen aldaketa hori, eta bertsolariak beste batzuk izateak ere publikoa aldatu du».

Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño, Bizkaia, 1996).

«Beharrera eta jokora joateko eta neure onena emateko asmoa daukat»

(ID_15592463) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Aitor Bizkarra Ruiz. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

«Aspaldiko txapelketarik luzeena izan da hau niretzat». Hirugarren finala izango du aurtengoa Aitor Bizkarra Ruizek. 2018koa izan zuen lehena, eta 2021ean ere sailkatu zen azken faserako. 2023an, ordea, finalaurrekoetan geratu zen; beraz, aurten lehen fasetik hasi behar izan du txapelketa, eta horregatik txapelketa luzea izan delako aipamena. «Trankil» hasi zela dio, baina saioz saio tentsioak gora egin duela. «Sarritan esaten dugu finalera gozatzera joan nahi genukeela, baina gozatu, finalean, norberak ez du gozatzen. Norberak egin behar du bertsotan ondo, eta nik zalantza daukat gozamena ote den hori lortzeko bidea. Beharrera eta jokora joateko eta neure onena emateko asmoa daukat».

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1993).

«Inoizko boladarik onenean nagoela pentsatzen dut»

(ID_15592467) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Aitor Etxebarriazarraga Gabiola. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

Hirugarren finala du segidan Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak. Prestaketa saioak arraro joan zaizkion arren, txapelketan oso gustura aritu dela dio. «Apur bat kaotiko harrapatu nau aurtengo txapelketak, eta gorabeheratsu ibili naiz bertso eskoletan. Baina, paradoxikoki, finalerdietako bi saioetan gorputzaldi oso ona izan dut gero. Finalean ere horretxeri heldu gurako nioke. Inoizko boladarik onenean nagoela pentsatzen dut, eta gero ea zer egiteko kapaza naizen».

Jone Uria Albizuri (Getxo, Bizkaia, 1990).

«Bertsotan egin nahi dudana egiten ari naizela sentitzen dut»

(ID_15592488) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Jone Uria Albizuri. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

«Gustura ibili naiz». Bizkaiko zortzigarren finala du Jone Uria Albizurik. Haurdun egonik, onartu du sasoiz txapelketari nola erantzungo ote zion izan duela kezka nagusia, baina «ondo» nabaritu du bere burua bai bertsotan, bai fisikoki ere. «Bertsotan egin nahi dudana egiten ari naizela sentitzen dut, bai entrenamenduetan eta baita finalaurrekoetan ere; gaiei heltzeko moduan eta diskurtsiboki ere oso konforme nago egindako lanarekin, eta finalera ere horri helduta iritsi nahi nuke, eta, hala bada, pixka bat hobeto».

Oihana Bartra Arenas (Bilbo, 1984).

«Ez nuen txapelketan egon nahi, hori izan da nire abiapuntua»

(ID_15592480) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Oihana Bartra Arenas. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

«Egi-egia esateko, txapelketa hurbildu zenean, sentitzen nuen ez nuela hemen egon nahi. Hori izan da nire abiapuntua». Oihana Bartra Arenasek hirugarren finala izango du aurtengoa, baina, azaldu duenez, oso gogogabe hasi zuen txapelketa. «Baina, hala ere, pozik nago, negazio fase hori pasatu eta bidean aurrera egin ahala lortu baitut gogoa piztea hemen egoteko; finalaurrekoetan lortu dut nahiko gustura kantatzea, eta, orain finalera helduta, supergogotsu nago. Lasai samar, gogotsu eta pozik».

Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, Bizkaia, 2000).

«Gogoa piztu zait txapelketako oroitzapen onak berritzeko»

(ID_15592466) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Gorka Pagonabarraga Agorria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

«Ondo mentalizatu barik». Gorka Pagonabarraga Agorriak dioenez, horrela harrapatu du aurtengo txapelketak. «Neure buruaren kontra egitea tokatu zait udazken osoan, aurrera egiteko, eta orain ere horretan nabil oraindik. Baina Casillara etortzeak emozionatu egin nau, eta gogoa piztu dit berriro ere txapelketan izan ditudan oroitzapen onak berritzeko». Hirugarren txapelketa du aurtengoa, eta transmisioa izan du gogoan. «Badago gazte jende bat, orain arte bertsozale izan ez dena eta bertso mundura erakartzen ari garena».

Txaber Altube Sarrionandia (Abadiño, Bizkaia, 1998).

«Oso gustura eta babestuta sentitu naiz plazan»

(ID_15592486) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Txaber Altube Sarrionandia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Txaber Altube Sarrionandiarena da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko aurpegi berri bakarra. Lehenengoz heldu da azken fasera, eta, dioenez, pozik dago egindako lanarekin. «Aurten lortu dut bilatzen nenbilen puntu hori topatzea, txapelketa beste modu batera hartzea eta neure burua gutxiago egurtzea. Lortu dut egin behar nuen finalaurrekoa egitea, eta, horregatik, poz-pozik nator. Oso gustura eta babestuta sentitu naiz plazan, eta oso gogotsu nago. Garai onean nago».

Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio, Bizkaia, 1986).

«Neure buruarengan konfiantza edukitzea izan da nire erronka»

(ID_15592471) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren aurkezpena
Xabar Galletebeitia Abaroa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
 

Seigarrenez izango da finalean Xabat Galletebeitia Abaroa. Uste du txapelketan bere bi muturrak erakutsi dituela: ona eta txarra. «Inoiz ez dut konfiantzarik izan neure buruarengan, eta neure buruari erronka hori ipinita hasi nuen txapelketa. Lehenengo saioan harrigarriki eroso egon nintzen, eta, ostera, handik bi astera, iraganeko mamu eta konfiantza falta guztiak etorri zitzaizkidan gainera. Baina hori izan da txapelketa, eta hori naiz neu». Horregatik, finalean konfiantza hori lortzea izango du helburu.

OHAR PRAKTIKOAK

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.