Getxophoto

Getxophoto: klima larrialdiari buruzko argazkiak, britainiar ferry bateko bidaiariz betetako hondartza batean

Ostegunean hasiko da ofizialki Getxophoto jaialdia, baina dagoeneko ikusgai dira kaleko erakusketa gehienak. Begoñako puntako galeriak izango dira festibalaren ardatz nagusietako bat, eta Algortako Portu Zaharreko itsas laminari agur festa egingo diote.

Gohar Dashti argazkilariaren lanak, Getxoko Begoñako puntako galerietan ikusgai. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gohar Dashti argazkilariaren lanak, Getxoko Begoñako puntako galerietan ikusgai. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Getxo
2026ko maiatzaren 26a
14:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatza amaitzen hasia da, baina 37 graduko beroarekin goizean goizetik dabil jendea Getxoko Ereaga hondartzan (Bizkaia). Ofizialki etzi hasiko da martxan Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia, baina jadanik aurreratuak dituzte kalean ikusgai egongo diren erakusketarik gehientsuenen muntatze lanak, eta, beraz, aisialdi giroko atzealde horren kontra ikus daitezke egunotan Mohammad Rakibul argazkilariaren The Blue Fig saileko argazkiak. Hondartzako pasealekuan jarri dituzte ikusgai, zehazki, eta bertan argi ikus daiteke Bangladeshko Sundarbans basoko kinka klimatikoa. Berotze globalaren ondorioz gero eta muturrekoagoak baitira uholde eta idorte aldiak han, eta migratzerik ez dutenek inguru ezin etsaiagoan eutsi behar baitiote euren bizimoduari. Uretan ia leporaino murgildutako jende talde bat erakusten du irudietako batek, adibidez, eta, justu haren atzean, Bilboko portuan atrakatuta ikus daiteke hondartza jende alaiz bete duen bederatzi solairuko ferry erraldoia, Britainia Handiko bandera duena.

Jaialdiak hasieratik izan du garaian garaiko kontraesanak azaleratzeko dohain hori, eta hogeigarren urteurrena izango du aurtengoa. Ostegunean hasi eta ekainaren 21era arte izango da martxan. Maria Ptqk izan da festibalaren komisarioa laugarren urtez, eta Reset lelopean antolatu ditu bertan ikusgai egongo diren 23 erakusketak.

Rakibul argazkilariarena bezala, kalean bertan ikusi ahalko dira haietako gehienak, baina, aurtengoan, Begoñako puntako galeriak izango dira jaialdiaren erdigune nagusietako bat. Izan ere, ostegunetik aurrera, sei erakusketa egongo dira bertan ikusgai, eta, sarrera librea izango bada ere, mosaikoak apurtuta eta zaharberritze bidean izoztuta geratu diren hormen artean, kaskoak jantzita egin beharko dute ikusleek bertako bisita.

Mohamed Hassan argazkilariaren Our Hidden Room proiektua da galeriako aretoetan ikus daitezkeenetako bat, eta bertan egongo da Eibarren (Gipuzkoa) hazitako Yunping Li artistaren Huí Jiâ saila ere. Lik bere genero trantsizioaren nondik norakoa kontatzen du irudi horien bidez, eta nortasunari buruz eta nongotasunari buruz gogoeta egiteko parada ere ematen du. Performance bat ere egingo du, gainera, aretoan bertan, eta dagoeneko ez da sarrerarik geratzen.

«Zer egin dezakegu gure bildumekin, eta nola berrantolatu ditzakegu genero ikuspegia ere jasoko duen kontakizun bat edukitzen has daitezen edo kritika dekoloniala egiten has daitezen?»

MARIA PTQK Komisarioa

Horietaz gainera, Julieta Gil argazkilariaren Nuestra victoria, Gohar Dashtiren Home, Eugenia Maximovaren Destination Eternity eta Yuxing Chen argazkilariaren The Oriental Scene ere bilduko ditu gune horrek, eta, nolabait ere, lantzen duen gaiaren araberako kokapena eman diote haietako bakoitzari. Hilerri sobietarretako hilarrietako irudiak dira Maximovaren erakusketaren muina, esaterako, eta, hain zuzen ere, hilarri multzo bat balira bezala jarri dituzte argazkiak ikusgai eraikineko terrazan.

Eraikineko azken solairuan jarri dituzte Chenen irudiak, eta bete-betean egiten dute bat jaialdiak proposatutako leloarekin. Izan ere, Europako historia kulturalaren begirada koloniala da haren ardatz nagusietako bat, eta Nankingo portzelanazko pagoda baliatzen du horretarako palanka gisa. XV. mendean eraiki zuten pagoda hura, portzelana zurikoa zen, eta 80 metro inguruko altuera zuen. XVIII. mendean, haren erreplika bat ere eraiki zuten Londresko Kew Gardens lorategietarako, eta, hain zuzen ere, erreplika horren erabilera aztertzen dute Chenen irudiek. Besteak beste, jatorrizko pagodaren suntsipenaren ostean, erreplika hori baino ez baitzen geratu, eta akats esanguratsuak ere bai baitzituen. Jatorrizkoak bederatzi solairu zituen, adibidez, eta erreplikak, berriz, hamar. Eta, artistaren arabera, kolonialismoaren erakusgarri da pagodaren deskontestualizazio eta birjabetze hori.

«Alor horretan desafio handia du orokorrean kulturak», azaldu du Maria Ptqk komisarioak, «eta zehazki baita museoek ere». Eta, azaldu duenez, desafio horrekin lotuta daude hala Chenen lana nola jaialdirako atondutako beste hainbat erakusketa ere. «Zer egin dezakegu gure bildumekin, eta nola berrantolatu ditzakegu genero ikuspegia ere jasoko duen kontakizun bat edukitzen has daitezen edo kritika dekoloniala egiten has daitezen? Zer egin dezakegu arpilatzearen ondorio diren bildumekin? Kolonialismoaren historia museoen bihotzean dago. Eta niretzat garrantzitsua zen debate hori Reset leloarekin ere lotzea».

Agur itsas laminari

Erakusketez gainera, hamaika topaketa, hitzaldi eta bisita antolatuko dituzte jaialdian, eta lehen egunetan egingo dituztenak nabarmendu ditu Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. Orain artean Andres Isasi musika eskolan egin izan dituzte beti irekiera festak, baina, aurtengoan, eraikina lanetan dagoenez, oinez egiteko bi bisita antolatu dituzte haren ordez.

Horrez gainera, egitarauan badira jaialdiaren hogeigarren urteurrenari lotutako bi ekitaldi berezi ere. Agur festa antolatu diote, esaterako, herritarrek Sireno izendatutako irudiari. Festibalaren lehen urtean jarri zuten Algortako Portu Zaharrean ikusgai, eta bertan izan da geroztik. Gaur egun ia ikusezina da erdi arrain erdi gizon itxura duen figuraren irudia, ordea, eta bertatik kentzeko asmoa du udalak. Horregatik, musikarekin eta festa giroan, agur sinbolikoa egingo dio jaialdiak itsas laminari, ostiral arratsaldean. Eta, horrez gainera, urtebetetze festa ere antolatu dute larunbaterako. Algortako merkatuan izango da jaia, eta sirena itxurarekin argazkiak ateratzeko aukera ematen duen photocall bat ere jarriko dutela iragarri dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA