Agerikoegiak irudi lezaketen ideiak saihestuz bezala, baina sententziarik eman gabe, baina galderaz galdera ezpainetaratuko dituen hitzetako bakoitza mimoz aukeratu nahiko balu bezala mintzo da astelehen hezean Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, Nafarroa, 1987). Komunitate sektario batean sartua den Idoia gaztearen pausoei segika eta hautu horrek ingurukoei eragindako dardarei so eginez ondu du Dakigun hori (Txalaparta) bere lehenbiziko nobela. Eta azken horien dozenaka lekukotza jaso eta horiek guztiak harilkatu dituen Idazle izeneko narratzaile batek aurkezten dio artefaktua irakurleari. «Lasai» dago lana izaten ari den harrera dela eta.
Liburuaren kontrazalean ere egin diozu aipamena komunitate sektarioari. Premisa horrek non uste duzu koka dezakeela irakurlea?
Zalantza ere izan genuen, komunitate sektarioarena sinopsian sartu edo ez, baina bada helduleku bat. Pertsona baten bizi hautuei eta haien aurrean ingurukoek hartzen duten jarrerari edo hartzen duten tokiari buruzko kontakizun bat dela esateak ez luke askorik esanen. Baina ni batean eta bestean ari naiz esaten hau ez dela sekten inguruko liburu bat, eta ez nuke nahi inor horren bila joatea, gero agian desengainua hartuko duelako. Beste ertz asko ere baditu istorioak, edo, behintzat, beste hari mutur asko. Bat izan daiteke memoria, beste bat izan daiteke dolua, edo errua, eta izan daitezke militantzia ereduak, gizarte egiturak, botere harremanak eta abar eta abar. Eta, halere... ez dakit sektaren zera horrek irakurlearen abiapuntua non kokatu dezakeen.
Ez zintuen kezkatzen aurreiritziz edo jakin-minez gosetuta irakurriko ote zuten?
Bai, bai. Ni, hain zuzen, saiatu naiz ihes egiten sentsazionalismotik, eta ez epaitzen, baina banekien arrisku hori bazegoela. Kontua da liburuan agertzen diren dinamiketako batzuk gizartean ere gertatzen direla; haiek aurkitzeko ez dugu zertan joan komunitate sektarioetara.
Gainera, sektena ez dago ongi tipifikatua, ez da erraz ezaugarritzen, adituak ez datoz bat, eta, besteak beste horregatik, sekta baino gehiago, nik komunitate sektario edo funtzionamendu sektarioa daukaten taldeak terminoak erabili ditut.
Protagonistaren inguruko pertsonen lekukotzekin hornitutako «kronika nobelatua» da lana. Nola heldu zinen arkitektura hori diseinatzera?
Ikusten nuen istorioak ertz askotarikoak zituela, eta ahots ugaritasun horrek aukera ematen zidan beste hainbat gaitan ere arakatzeko. Adibidez, nahi nuen ardatzetako bat izan zedin, batetik, geure buruaz egiten dugun kontaketa, baina baita, bestetik, besteen bizi ibilbidea kontatzeko dugun modua ere. Eta oroitzapenak. Nahi nuen nolabait jokatu egiaren eta gezurraren arteko zera horrekin; ea egia zer den, gezurra zer den, eta oroitzapenak zenbateraino izan daitezkeen egia, zenbateraino hartzen ahal ditugun egia absolututzat, baldin eta errekreatuak badira, eta, beraz, fikzionatuak.
«Nahi nuen ardatzetako bat izan zedin, batetik, geure buruaz egiten dugun kontaketa, baina baita, bestetik, besteen bizi ibilbidea kontatzeko dugun modua ere»
Eta, memoriaren eraikuntza subjektiboa ez ezik, haren hauskortasuna ere are ageriago gelditzen da gertakarien garaitik lekukotzak ahoskatzen ari diren arte urteak iragan direlako. Oroitzapenak ez dira beti garden-gardenak.
Eta batzuetan komenentziaz ere gertatzen da aldaketa, aringarri zaigulako, babes mekanismo bat delako. Eta beste batzuetan oharkabean ere izan daiteke, edo, horretarako arrazoia edozein izanda ere, guk geuk sinesten dugu gure kontakizuna, baina, gero... Denoi gertatu zaigu, baita edozein zozokeriarekin ere, gure kontakizun bat beste norbaiti azaldu, eta orduan ikustea egia sendotzat genuen hori ez zela hain egia ere, eta zerbait pitzatzen da orduan.
Halere, liburuan, batzuen eta besteen kontakizunak inoiz gutxitan desmuntatzen du erdiz erdi beste batena.
Ez dagoelako teoria huts bat; hori da kontua. Badaude hipotesiak, badaude aukerak, badaude diotenak «igual hau izan zen guztiaren pizgarri», diotenak «igual honek bultzatu zuen Idoia honetara»..., baina ez dira ados jartzen, eta igual horregatik zaie pertsonaiei ere hain gatazkatsua.
Idazleak hirugarren pertsonan egiten dituen kontakizunek aldamio gisara funtzionatzen dute. Haietan, ez dago epairik, baina ez dira guztiz hotzak ere. Nola erdietsi zenuen tonua?
Narratzaileak, batez ere, deskribatu egiten du; juzguak eta iritziak beste ahotsen bidez doaz. Eta, gero, beste baliabide batzuk erabiltzen ditut; adibidez, irudiak. Esan dugu Idoia besteen ahotsean ematen zaigula, besteen ahotsetan baizik ez zaigula agertzen, baina irudien deskribapenek aukera ematen zidaten hura gorpuzteko; gorpuzteko bestela ahotsik ez duen pertsonaia hori.
Eta narratzaileari Idazlea deitu diozu. Zer efekturen bila?
Izan daiteke distantzia hartzeko modu bat ere. Lanak kronika itxura izanik, horrek berez ekarri beharko lukeen egiazkotasunaren zera horrekin jolastu nahi nuen, eta idazlea pertsonaia bihurtzea bide beretik doala esanen nuke. Iratxek [Retolazak] esaten zuen kronika tradizionalera jo dudala, gaur egun bestelakoa baita joera.
Iruñeko aurkezpenean, «gorputzarekin» lotu zenuen hori.
Bai, kazetaritza literarioan azkenaldian joera omen dagoelako idazleak gorputza jartzekoa, eta protagonista bera gorpuztekoa; nik, hain zuzen, kontrako bidea hartu dut.
Detaile batzuei so, irudipena da, tarteka, nahi izan duzula irakurleak imajina dezan Idazlea nola ari den testua josten, puzzlea osatzen. Zalantza eta guzti.
Bai, izan daiteke.
«Idazleak pentsatu du hau ez dela Asierri buruzko istorio bat, eta halakoek ez dutela lekurik hartu behar testuan», dio halako batean.
Begira: liburua kaleratu aurretik irakurri dutenen arteko batek esan zidan ea ez ote zen ideia ona izanen kazetari bat jartzea paper horretan, Idazlearen ordez.
Eta zuk ezetz.
Hainbeste ere ez nuen urrundu nahi. Ze, igual, modu honetan, izan naiteke ni, baina ez naiz ni, ez? Jolas horren parte naiz.
«Pentsatzen ahal da egon direla elkarrizketak letra larrizko Idazle horren eta pertsonaien artean, baina ez da esaten, eta hori ere izan daiteke Idazlearen artefaktu bat, eta hark sinetsarazi nahi digun zerbait, ezta?»
Irakurleak irudikatu dezake Idazlea Idoiaren inguruko pertsonak galdekatzen ere, baina oso-oso salbuespenezkoak dira galdera-erantzunak testuan.
Bai, ez zitzaidan interesatzen. Lekukotzak dira, eta, beraz, pentsatzen ahal da egon direla elkarrizketak letra larrizko Idazle horren eta pertsonaien artean, baina ez da esaten, eta hori ere izan daiteke Idazlearen artefaktu bat, eta hark sinetsarazi nahi digun zerbait, ezta?
«Zuk oso arrazoitik galdetzen duzu», aurpegiratzen dio testigantzetako batek Idazleari une batean, dena dela. Hala egin du?
Iruditzen zait oso arrazionalak garela, eta hor, momentu batean, Idazleak ere egiten du gogoeta bat, aipatuz erreferentzia bat, esateko nola saiatzen garen arrazoimenaren bitartez esplikatzen gauzak; mundua interpretatzeko erlijioak mitoak baliatu dituen gisa berean erabiltzen dituela gizakiak zientzia eta arrazoimena. Kontua da aski ote den. Aski ote den arrazoimena gauza den-denak ulertzeko. Den-dena ulertu behar ote dugun ere.
Bestalde, Idazleak berak ere aitortzen du prozesua abiatu aurretik ere bazekiela ez zuela erantzun asegarririk lortuko bukaeran, baina bilaketak berak zabaltzen ditu ateak eta bide berriak, hasieran kontenplatu gabeak segur aski, eta horrek beste leku batzuetara darama, eta ez da hasi zeneko leku berean egonen.
Zorrotzago ere mintzo da idazketak izan dezakeen funtzioaz. Dio literatura salbazio modura ulertzea ez ote den «askotxo».
Eta salbazioaren zerarekin ere bada zerbait liburuan, zeren lekukotza eman duten pertsonaietako batzuk aritu dira, edo ari dira, Idoia salbatu nahian, edo termino horietan hizketan behintzat, eta batek ere esaten du berak zera ikasi duela: ez dagoela salbatua izan nahi ez duen norbait salbatzen saiatzea baino deus arriskutsuagorik.
Erabakimena baita gai zentraletako bat. Idoia komunitate sektario batera sartzeari buruz, zera kontatu duzu: «Idazleak ezin du onartu hautu librearena (...); hala ere, erabakimenaren eta buru-janaren artean, lerro zuzena ez baizik eta gero eta gehiago ikusten du eskala bat». Korapilo hori ez da guztiz askatzen liburuan finean ere. Zer sentipen utzi dizu horrek zuri?
Agerian uzten du gaiaren konplexutasuna, eta ezin dugula zuri edo beltz epaitu edo ondorio bakar eta argi bat atera, eta igual horrek frustrazioa eta ziurgabetasuna dakar, baina, hain zuzen ere, lehen esaten nuena: arrazoimenarekin aski da? Hemen ere beti behar dugu erantzun bat eta bakarra. Hain sinplea balitz.
«Inguruan ere badugu, ez igual komunitate sektario batean sartu den norbait, baina bai halako dinamika batzuen partaide edo lekuko izan denik»
Irakurleari piztuko zenizkion galderetako bat da ea norbera ere izan ote litekeen Idoia.
Ni hortik abiatu nintzen. Mahai gainean jartzeko neska —komatxo artean— arrunt bat, norbera izan zitekeena, nola iristen den horrelako egoera batera, ea ezin ote zen edonor izan. Gehienok dugu inguruan, ez igual komunitate sektario batean sartu den norbait, baina bai halako dinamika batzuen partaide edo lekuko izan denik. Eta gero, aldi berean, besteen hautuen aurrean guk hartzen dugun jarrera kuestionatzea ere badago hor; uste dut irakurleak horri buruz ere galdetuko diola bere buruari.
Egiten duenaz? Immobilismoaz?
Eta, besteak beste, guk geure buruari jartzen dizkiogun mugez.
Norberarentzat erosoagoa delako egiten du jendeak atzera?
Bai, edo ez dakigulako. Iruditzen zait, adibidez, bikote harreman batean gertatzen direnetan gutxiago esku hartzen dela bi lagunen artean gertaturikoetan baino.
Nola?
Uste dut gotorragoak direla bikote harremanak, eta gutxiago sartzen garela. Errazago esaten diegu bi laguni: «Zer harreman arraroa duzuen», edo «aizu, alerta honekin». Baina hori bera ez dugu hain erraz esaten bikote baten inguruan.
Halakoetan, errazago sartzen da eta errazago irauten du biolentziak ere? Nobelan, azkenerako inork gutxik esku hartzen du zuzenean Idoiaren eta Asierren arteko harremanean.
Hor gurutzaketa bat ere badago; bakartuta daudelako, batetik. Eta gero dago tartean sar litezkeen hirugarren horiei, sartzen badira, ez zaiela debalde ateratzen. Askotan, ez da debalde ateratzen zerbaiten aurrean posizionamendu bat hartzea. Orain ja oro har ari naiz. Batzuetan, errazagoa da ez sartzea, edo pentsatzea edo zeure buruari pentsaraztea hori ez dela zure tokia. Baina, zergatik ez?
Esku oharretan jasotako askotariko autoreen aipuek agerian uzten dute arkeologia lana. Nola jardun zara bilketan?
Idazleari bidera etorri zaizkionak dira. Nire kasuan behintzat, dokumentazio lana liburu guztietan dago; gehiago, edo gutxiago. Hemen ageriago gelditu da, baina beti da horrela. Eta nik aspaldi nuen istorioa buruan bueltaka.
Zenbateraino eta zertarako izan zaizkizu lagungarri?
Izan nitzakeen susmoei hitzak jartzen lagundu didate. Gai bat buruan bueltaka darabilzunean, esan ohi den bezala, abesti guztiak hortaz mintzo dira. Eta horiek jasoz joan naiz, inolako egituraketarik edo asmo jakinik gabe, paseoan dabilenak bidera datozkion masustak hartzen dituen gisan. Gero etorri da marmelada.

«Ez asmatzeko baimena ere eman behar diogu geure buruari»
Ia hamar urte joan dira Gu orduko hauek (2017) lehenbiziko ipuin liburua eman zuenetik. Dozena bat literatur lan ekarri ditu euskarara ordutik eta are lehendik ere, eta Bidean haurrentzako albuma ere idatzi zuen 2018an. Eta editore dabil 2019tik, Txalapartan. Preseski literatur sistemaren barrenean jokatzen dituen askotariko rolak izendatzeko, Arrulak sarri erabili du «jantzia» metaforatzat, batik bat adierazteko modu gatazkatsuan bizi dituela etiketak. Bere burua idazle izendatzea bere neurrikoa ez den jertse bat jantzita izatea bezalakoa zitzaiola esan izan du, eta, orain ere, zaila zaio nolako editorea den definitzea. Dena dela, pozik dabil batean eta bestean.
«Garazi Arrula ipuingilea» faltan sumatu izana aitortu du Nagore Fernandezek zure nobelari buruz BERRIAn idatzitako kritikan. Rol horretatik zer distantziatara sentitu zara zu?
Egia da hau badela beste zerbait [irribarretxo batek egin dio ihes, zeharka iradokiz azken bi hitzok etzanez esan dituela, Danele Sarriugarteren azken lanari keinu eginez]. Egia da ni ja ez naizela aritu jantzi horrekin; hala izan da onartu nuenetik hau ez zitzaidala kabitzen ipuin batean. Halere, gaitegiari begiratuta, aipatu didate aurreko ipuin liburuan ere ari nintzela sinesmenez, erroez, erro horiek askatzean edo erro horiek galtzean geratzen zaigun ziurgabetasunaz, eta hemen ere, partez, horretaz ari naiz, eta nire eskutik berriz, ezinbestean.
«Daukadan lanean ere, gustatzen zaidana da egiten ez dakidan hori egitea, eta ikastea, eta bilatzea moduak hori egiteko»
Eta, aldi berean, zenbaitek ohartarazi dute zure literatura aurkitu nahi duenak ez duela halakorik topatuko nobelan. Zuregandik espero direnak pisu zaizkizu?
Egia esan, ez. Beti nahi izaten dut gauzak ongi egin, eta hartzen dut denbora horretarako; baina ez. Daukadan lanean ere, gustatzen zaidana da egiten ez dakidan hori egitea, eta ikastea, eta bilatzea moduak hori egiteko. Beraz, modu onean hartzen ari naiz esaten didaten hori. Beti gauza bera eginen banu, zer aspergarria edo zer aurrez esangarria nintzatekeen! Eta, gainera, uste dut eman behar dela okertzeko baimena ere, nork bere buruari ere bai, edo, behintzat, ez asmatzeko baimena.
Zer moduz zabiltza editore?
Ongi, bai.
Nolako editorea zarela esanen zenuke?
[Hainbat segundo eman ditu, pentsakor, azalpenari ekin arte]. Ez dakit, nik esaten diet nik akonpainantearen rola egiten dudala; saiatzen naiz horretan. Bestela ere, editore bat beti behar da, editorea baita irakurle zorrotzago bat, askotan idazlearen susmoak berrestera datorrena. Idazleak izan dezake susmo bat; tonuarekin asmatu ez duelakoa, edo sobran duelakoa zera hau edo bestea, baina, susmatuta ere, badoa editorearengana... berrespena behar duelako.
Bestalde, saiatzen gara prozesua mimatzen, zeren badakigu baldintzek ez dutela batere justiziarik egiten, egiten ari garena ez dela izanen inoren aberasbide; beraz, behintzat, gera dadila gustura prozesuarekin eta emaitzarekin. Baina nahi eta ezinean ibiltzen gara, presek janda askotan, eta beti iruditzen zait borrokan gabiltzala, barruan eta kanpoan.
Azaroaren 3an Iruñeko Katakraken eginiko mahai inguruan, Elkarreko Itzea Urkizuk eta Consonniko Maria Murrek nabarmendu zuten euskarazko literaturak behar dituela «kortse hertsietan kabitzen ez diren» proposamen gehiago. Zuk zer inpresio duzu?
Ados nago. Nik ere askotan pentsatzen dut ez garela asko arriskatzen.
Zergatik ote da?
Mugak askotarikoak dira, eta gu geu ere bagara.
«Gu geu», editoreak?
Gu geu, editoreak, bai. Eta, neurri handi batean, igual izanen da falta zaizkigulako baldintzak gehiago arriskatu ahal izateko, bagoazelako ja beldurtxo horrekin. Izanen bagenu sistema oso sendo bat, eta egituratua, errazagoa litzateke. Dena dela, kontrakoa ere badiot: sistema txiki bat dugulako jolasten ahal gara gehiago. Bi aldeak daude; eta gehiegi kexatzen gara [irriz].
«Igual gu [editoreak] gara muga handietako bat, igual kostatzen zaigu atea zabaltzea proposamen berritzaile eta apurtzaileei»
Halere, esana da ja hasia dela zerbait mugitzen, heltzen direla estilo aldetik proposamen apurtzaileagoak.
Ez zait iruditzen estilo aldetik kristoren nobedosoak diren hainbeste daudenik. Ahotsak ugaritu diren neurri berean ez da handitu pluraltasuna ahotsetan. Igual gu gara muga handietako bat, igual kostatzen zaigu atea zabaltzea halako proposamen berritzaile eta apurtzaileei, baina, esperimentazio aldetik-eta, batzuetan inpresioa daukat 1980ko hamarkadan gehiago zirela. Izan gaitezke bide onean, baina ez gaude paparra ateratzeko.