Heldu den ostiral eta larunbatean Gorka Urbizuk Bilboko Santana 27 aretoan joko du, eta bazirudien horiek izango zirela musikariak Bizkaiko hiriburuan emango zituen kontzertu bakarrak. Baina ez da horrela izango, azaroaren 11n berriro izango baita Bilbon, Kafe Antzokian, hain zuzen ere. Urteetan euskal kulturaren epizentroetako bat izandako aretoak hiru hamarkada beteko ditu abenduan, eta hori ospatzeko antolatutako ekitaldien artean izango da Urbizuren kontzertua. Emanaldi horretarako sarrerak gaur 10:00etan jarri dituzte salgai Kafe Antzokiaren webgunean, eta minutu batzuetan agortu dira.
Urbizuk 2024ko urtarrilean argitaratu zuen Hasiera bat diskoa, eta berehala hasi zuen hura aurkezteko bira. Ia bi urtez izan da Berri Txarrak taldeko abeslari izandakoa biran, eta, hain zuzen ere, asteotan ari da bira hori amaitzen. Ostiralean eta larunbatean izango da Santana 27n, Iruñeko Baluarten emango ditu kontzertuak azaroaren 7an eta 8an, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian bukatuko du bira: azaroaren 13tik 16ra lau kontzertu emango ditu. Orain horiei guztiei Kafe Antzokikoa gehitu beharko zaie.Â
Orain dela gutxi, Urbizuk Londresko Abbey Road estudio ospetsuan grabatutako bi kantu, Diamantea eta Zilarra, bildu ditu Bakan II disko laburrean. Horren aurretik, urte hasieran, Bakan I argitaratu zuen, hura ere bi kantuko bilduma bat da.