Aske jaialdiaren antolatzaileek kolpez eman dute argitara festibalaren estreinaldirako soinu banda osoa: hamabost taldek joko dute abenduaren 27an Atarrabian (Nafarroa). Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak taldeen kontzertuak izanen dira, zehazki. Askeko kideek azpimarratu dutenez, «askotariko generoak eta talde euskaldun gazte zein esperientziadunak» oholtzaratuko dira, hala, aldi berriari hasiera emateko.
Gehiago ere izanen da, ordea. Izan ere, kartel osoa bistaratu dutela nabarmenduta, baina, aldi berean, besterik ere ailega litekeela iradokita plazaratu dute informazioa jaialdiko antolatzaileek. «Iragarpenen bat dugu esku artean», erantsi dute, noiz jakinaraziko duten argitu gabe. Sarrerak Askejaialdia.eus webgunean eskuratu daitezke; 35 euroan dira salgai gaur-gaurkoz.
Hatortxu Rocketik Askera
Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiaren agurrari pega-pega eginda eman zuten Aske festibalaren jaiotzaren berri, joan den uztailaren 27an. Batak besteari hartu dio lekukoa, nolabait. Izan ere, euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzeko eta presoen sakabanaketak zigortutako familiei elkartasun ekonomikoa emateko sortu zuten Hatortxu Rock, 1999an, eta egitasmoa 30 aldiz antolatu ondoan eman zuten bukatutzat haren ibilbidea kideek. Ordea, aurrez ere esana zuten «elkartasun forma berriei bide emateko» ziotela agur, eta, hain justu ere, hari behin betiko agurra eman eta, ekitaldi berean, segidan jakinarazi zuten Aske antolatzeko asmoa zenbait lagunek.
Ikusi gehiago
Atarrabian eginen dute Aske, hamabost aldiz Hatortxu Rocken «etxe» izan zen toki berean, preseski. Kideen esanetan, «aske izan nahi dutenen» aterpe bihurtuko dute jaialdia bera, eta «Euskal Herri aske baten soinu banda euskaldun, feminista, antikapitalista eta solidarioa» aireratuko dute horretarako. «Herri mugimenduaren parte gara, eta herri mugimenduaren balioak partekatzen ditugu. Balio eraldatzaile horien eta gure nazioaren askatasun grinaren sustapena egin nahi dugu musikaren bitartez. Indibidualismoaren, handinahikeriaren eta lehiakortasunaren aurrean, auzolana eta elkarlana dugu guk lanabes».