Urdaibaiko museoa eraikitzeko proiektuak Busturialdean eragindako eztabaida soziala ulertzeko asmoz, otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri zuten Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko entzuketa prozesua, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak gidaturik. Gaur aurkeztu dute orain arte bildutako informazioarekin osatutako behin-behineko txostena, Gernika-Lumon (Bizkaia). Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko (ALC) zuzendariak eta Itziar Moreno zentro horretako zuzendariaren albokoak jakinarazi dutenez, proiektuaren gaineko bost jarrera bereizi dituzte prozesuan parte hartu duten bostehun herritarren artean. Azaldu dutenez, museoaren kokapena eta horren eraikuntzak erakarriko duen turismo eredua dira Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiteko arrazoi nagusiak.
Muruetan eraiki nahi dute museoaren parte bat, eta, Espiauk azaldu duenez, «Busturialdeko naturaren, kulturaren eta identitatearen erakusgarri argia» da ingurune hori. «Ikuspegi turistiko eta teknikoek ez dute aitortzen Muruetaren balio materiala eta emozionala», zehaztu du. Alde horretatik, bi jarrera bereizi dituzte gaur aurkeztutako txostenean: oro har, Urdaibaiko Guggenheim museoa eraikitzearen kontra dauden herritarrak, batetik, eta horren alde egon baina kokapena aldatu beharra dagoela uste dutenak, bestetik. Herritar askok aldarrikatu dute ingurune hori erreserba natural bat dela, eta salatu dute bertan museo bat eraikitzea ilegala dela. «Posible izango balitz, beraz, komeniko litzateke gogoeta egitea museoko azpiegituren tamaina eta kokapena aldatzeari buruz, eztabaida sozialari ere beste zentzu bat emateko», ondorioztatu du Espiauk.
«Falta da migratzaileen iritzi gehiago jasotzea, gazteenen eta zaharrenen ikuspegia hobeto ulertzea, eta lurraldeko kultura eragile nagusiaren iritzia biltzea»
GORKA ESPIAUAgirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria
Jasotako iritziei dagokienez, museoa eraiki osteko turistifikazioa da Busturialdeko herritarren beste arduretako bat. «Gaur egungo turismo eredua aldatu beharra azpimarratu dute entzuketa prozesuan parte hartutako guztiek. Beste turismo mota bat sustatu behar dela uste dute», aipatu du Espiauk. Lurraldeko beste herri batzuetan gertatu bezala, garraio publikoak gainezka egitea eta etxeak garestitzea da herritarren kezka nagusia.
Behin-behineko txostenak, baina, hainbat hutsune ditu, Espiauren arabera. Batetik, proiektuaren gaineko bost jarrera horietan jaso diren ideietan sakontzea falta da, eta, bestetik, migratzaileen, gazteen, nagusien eta «beste kolektibo zahurgarri batzuen» parte hartze handiagoa behar da. «Falta da migratzaileen iritzi gehiago jasotzea, gazteenen eta zaharrenen ikuspegia hobeto ulertzea, eta lurraldeko kultura eragile nagusiaren iritzia biltzea», zehaztu du. «Bereizitako iritzi multzo bakoitzak bere argudio propioak garatu ditu proiektua onartzeko edo gaitzesteko. Egoera prekario batean bizi diren herritarrek —migratzaileek eta langabezian daudenek, esaterako— euren lan egoera hobetzea dute helburu nagusi, eta Urdaibaiko Guggenheim museoak lan eskaintzak sortuko lituzke. Haien iritzia jakitea, beraz, ezinbestekoa da».
Gardentasun falta
Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko informazio publikoari dagokionez, gardentasuna falta dela salatu dute Busturialdeko herritarrek. Hain justu, museoaren diseinu arkitektonikoa zelakoa izango den ez dakite, eta horrek entzuketa prozesuan parte hartzea oztopatu die, Espiauk azaldu duenez. «Egia da, ordea, [Eusko Jaurlaritzako] gobernu berriak beste eztabaida sozial batzuk sustatzeko prozesuak zabaldu dituela azkenaldian; besteak beste, segurtasun kontuei dagokienez. Museoari buruzko entzuketa prozesua ere jarrera berri horren erakusgarri da».
EH Bilduk esan du orain arte bildutako emaitzak «irmoak» direla, eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Guggenheim Fundazioari eskatu die herritarren iritziak errespetatzeko eta ingurumena zainduko duen plan estrategiko bat garatzeko. Greenpeacek, berriz, instituzioei eskatu die Urdaibaiko Guggenheimen eraikuntza gelditzeko. Ekologistek azaldu dutenez, Murueta da Urdaibaiko biosferako gunerik garrantzitsuena, eta babesturik dago. Nabarmendu dute, gainera, entzuketa prozesuan bildutako iritzi gehienak proiektuaren aurkakoak direla, eta beraiek ere museoaren eraikuntza geldiarazteko 90.000 sinadura bildu dituztela.
«Guk ez dugu herritarren iritzietan eragin nahi; proiektuaren alde edo kontra dauden ez digu axola. Galdera zabal bat egin diegu parte hartzaileei, eta informazioa falta zutenei iturriak eskaini dizkiegu»
GORKA ESPIAUAgirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria
Abenduan amaituko dute entzuketa prozesuaren behin betiko txostena osatzeko herritarren elkarrizketa bilketa, eta urtarrilean aurkeztuko dituzte emaitzak. «Entzuketa prozesu bat egiteko jarraibideak ez dira inkesta bat egiteko berberak», azaldu du Espiauk. «Guk ez dugu herritarren iritzietan eragin nahi; proiektuaren alde edo kontra dauden ez digu axola. Galdera zabal bat egin diegu parte hartzaileei, eta informazioa falta zutenei iturriak eskaini dizkiegu». Elkarrizketa horietatik emaitza kualitatiboak atera dituzte, eta zenbait kategoriatan antolatu. «Behin betiko emaitzak ere kualitatiboak izango dira. Ez dugu portzentajerik edo zenbakirik eskainiko; kontrara, nagusitu den joeraren inguruko ezaugarriak eta hausnarketak azalduko ditugu». Datu horiek, gainera, ez dira lotesleak izango; hau da, ez dute museoko proiektuari dagozkion erabakietan eragin zuzenik izango.
Espiauk eskerrak eman dizkie instituzioei, eskualdeko kultur eragileei eta beste elkarteei, entzuketa prozesuaren gainean erakutsi duten harreragatik. «Jarrera positibo eta eraikitzailea izan dute alderdi guztiek, eta harrituta gaude horretaz». Guggenheim Urdaibai Stop plataformarekin lan egitea bereziki erraza izan dela azpimarratu du.