Literatura

(H)ilbeltza, abenduko sua hauspotzeko prest

Astelehenean hasi eta igandera bitarte, liburu aurkezpenak, mahai inguruak, itzuliak eta beste eginen dituzte nobela beltzaren ardatzean. Euskararen pizkunderako deiarekin bat egiteaz gain, Doinuele plaza azoken bilgunean saretu da (H)ilbeltza elkartea.

(H)ilbeltzako kideak, Iruñeko Karrikirin, herenegun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
(H)ilbeltzako kideak, Iruñeko Karrikirin, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urtarrilaren 16a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean hasiko da (H)ilbeltza euskal nobelaren astea. Hamabigarren aldia izanen du aurtengoa, eta horrek bilana egiteko abagunea eman die antolatzaileei. Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an antolatutako jaialdiari eta harekin zabaldutako deiari atxikita egin dute hori: «Gibelerat ez ezik, aitzinerat ere begiratzeko aukera dugu, (H)ilbeltzak ere gar hori hauspotzen jarraitu nahi duelakoz». Hain zuzen, pizkunde horren parte izateko gonbita ere bada aurtengo aldirako ondutako leloa: Izan zaitez lekuko. Esaldiak zentzu bikoitza luke, testigu ez ezik protagonista izateko deia ere badelako, antolatzaileen esanetan: «Urratsez urrats, hamabi urteko ibilbidean, urteak hamabi hilabete dituen bezala, hamaika urrats eta gehiago emanen ditugu aurten ere, hurrengo pizkundera begira».

Euskararen pizkundearen aroari lotzeko helburu horretan, antolatzaileek urte osoan barrena gauzatzen diren egitasmoekin saretzeko asmoa azaldu dute; besteak beste, Doinuele euskara hutsezko liburu eta diskoen plaza azoken bilgunearekin. Horrenbestez, Baztango (Nafarroa) (H)ilbeltza euskal musika eta literatura sustatzeko sortutako ekinaldiaren lehen plaza izanen da aurrerantzean, eta atzetik iritsiko dira Doinueleko gainontzeko plazak: Oiartzungo (Gipuzkoa) Literatura Plazara, Lazkaoko (Gipuzkoa) Geure Gelatik, Zarauzko (Gipuzkoa) Literaturia, Ziburuko Azoka (Lapurdi), Hernaniko (Gipuzkoa) Hazoka, Sarako (Lapurdi) Ikusi Makusi eta Oiartzungo Hitzen Lihoa, hurrenez hurren.

Sare horrek «elkarren berri izateko, elkarri ideiak eta bizipenak pasatzeko eta elkar sostengatzeko ematen dituen aukerak» nabarmendu dituzte Baztango euskal nobela beltzaren astearen antolatzaileek, eta sare horrek dituen balioekin bat egin dute: «Euskaraz bizi den komunitatea indartu nahi dugu guk ere, abenduan piztutako sua hauspotzen jarraitzeko».

Egitaraua

Literatur genero oro baina batez ere nobela beltza izaten duten kontuan (H)ilbeltzan. Hori erdigunean jarri, eta hortik tiraka antolatzen dituzte aste osoko ekitaldiak Baztango zenbait herritan barrena. Aurten Arizkun, Aniz, Irurita, Elizondo eta Erratzu hautatu dituzte.

Astea abiatzeko, Amaia Apalauza itzultzailearekin solasaldia egingo dute. Astelehenean izango da, 19:30ean, Arizkungo medikuaren etxean. Apalauzak VIII. (H)ilbeltza beka irabazi zuen Nuria Cadenes idazlearen Guillem liburua euskaratzeko, eta lan hori izango du mintzagai. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak sortu zuten beka, 2017an, eta sormena eta itzulpena txandakatzen dituzte urterik urte.

Labealdi berriko nobela beltzak ere izango dira tartean. Ernesto Prat Urzainkik, kasurako, bere azken nobela aurkeztuko du: Muga hautsien hegalak. Harekin trilogia bat osatu du, eta hiru liburuen nondik norakoak eta ezaugarriak aletuko ditu aurkezpenean. Praten saioa asteazkenean izango da, 19:00etan, Anizeko elkartean. Ainara Urriza izango da solasaren gidaria.

Zinemari leku eginez, Oraingoz izen gabe filma proiektatuko dute ortziralean. Jose Julian Bakedano zinemagileak egin zuen film hori, 1986an. 19:00etan proiektatuko dute filma, Iruritako Gizarte Bilgunean.

Larunbata izango da egunik oparoena, solas, otordu, liburu aurkezpen eta beste izango baita. Bea Salaberri eta Aingeru Epaltza idazleak, esate baterako, Reyes Ilintxetaren esanetara arituko dira 11:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Basque noir edo euskal nobela beltza? izenburua eman diote mahai inguruari. Horren atzetik bazkaria izango da Erratzun. Bazkari txartelak aurrez erosi behar dira; ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzi eskura daitezke.

Bazkalondoan hiru liburu aurkeztuko dituzte, egileak bertan direla: Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa, Amaiur Epherren Haize Beltza eta Iñaki Dorronsororen Azpijokoa Azpiazun. Uxue Rey BERRIAko kazetariak gidatuko ditu hiru egileak.

Izar bat eskuan, susmagarrien gaua jokoak emango dio amaiera eguneko ekitaldiei, larunbatean. Ilunabarrean izango da, Erratzuko ostatuetan barna.

Isiltasunerat errendituak itzuli beltza Erratzun egingo dute aurten. Igandean izango da, 11:00etan. Josune Gorostidi eta Tania Fornieles arituko dira aktore lanetan.

Bestalde, Mairu antzerki taldeak Pinpilinpauxa horiak emanaldia eskainiko du. Iruritako Gizarte Bilgunean izango da, igandean, 19:00etan. Pinpilinpauxen Benta mugako ostatuan gertatzen da antzezlan horren istorioa. Maritxu da bertako jabe eta langilea, eta, hura bezala, ostatuko bezero guztiak bakartuta geldituko dira bertan, inguruko mendi eta basoetan piztu den suak ostatua inguratu duelako.

Bideo spot-a ere izaten du (H)ilbeltzak. Bira Produkzioak etxeak ekoitzi du aurtengoa, eta Stanley Kubrick zinegilearen The Killing filmeko eszena bati egiten dio keinu. Plano bakarrean grabatuta dago.

Ohiturari jarraikiz, Iruñeko Karrikiri Euskaldunon Topagunean egin zioten lehen ongietorria (H)ilbeltzari, atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.