Azken Uda Dantza

Hamaika kantu 'Azken Uda Dantza' ilustratzeko

Eskualdun makila, Lepoan hartu ta segi aurrera, Brodatzen ari nintzen, Lau teilatu eta beste hamaika kantu bildu ditu BERRIAk Azken Uda Dantza bilduman. Testuinguru eta istorio askoren lekuko dira abesti guztiak.

O.K. Korral taldearen irudi bat. Bertan, Dani Ulazia eta Lou Olangua, Txitxarro aretoan. MARIVI IBARROLA
2021eko irailaren 7a
16:29
Entzun

Estibalitz Robles-Arangiz Estitxu abeslariaren Eskualdun makilakantuak eman zion hasiera ekainean BERRIAren Azken Uda Dantza kantu bildumari. Bildumako lehena izan zen, eta haren atzetik etorri dira beste hamaika hitz eta doinu, horietako bakoitza une baten, talde baten eta testuinguru baten lekuko.

1960ko hamarkadaren amaieran kokatzen da lehena, Estitxu gisa ezagun egingo zen abeslari baten ibilbidearen hastapenetan. AEBetako herri kantuak euskaraz abestu zituen hasierako urteetan, eta euskal kantagintzaren sinbolo bilakatu zen urteen poderioz. Horietako bat bilakatu zen Eskualdun makila.

Pantxoak eta Peiok 1970. urtean grabatu zuten Lepoan hartu ta segi aurrera pieza da bildumari segida ematen dion bigarrena. Telesforo Monzon idazleak idatzi zuen, eta music hall bateko It's a Long Way to Tipperary abesti irlandarra izan zuen oinarri doinuak eta melodiak sortzerako garaian.

Haizea taldearen Brodatzen ari nintzen da hirugarrena. Balada hain herrikoia erabat ezezaguna zen Txomin Artolak Gure Herria aldizkarian atzeman eta kantatzen hasi zen arte. Euskaraz kantatu zuen lehen abestia izan zen, eta Amaia Zubiriarekin batera emateak sekulako arrakasta ekarri zion.

Eta Itoiz taldeak bere lehenengo diskoan sartu izan ez balu Lau teilatu kantua? Galdera horren erantzuna da bildumako laugarrena. Rock progresiboz osatutako disko batean anomalia bat izan zen Lau teilatu molde akustikoko baladaz dihardu, eta denborarekin euskal musikaren ereserki bihurtu zela kontatzen du.

Hertzainak taldearen abestien artean gehien entzun eta dantzatu den Ta zer ez da berdin pieza da zerrendako bosgarrena. Lehen diskoko kantu askotxo ez bezala, «intimotzat» du Josu Zabala taldekideak, arrakasta lortu aurreko detonatzaile gisa gogoratzen baitu.

Seigarrena da Baserriko Neskatilakpieza. 1980ko hamarkadaren erdialdean, euskal rock taldeetan emakumeak oso urriak ziren garai batean, aitzindari izan zen O.K. Korral taldearena da, eta rock-and-roll eta country doinuz jantzi zituen baserri eta ukuilu giroan kokatutako kantuak.

Ruper Ordorikaren Ez da posible kantu ezaguna da zazpigarrena. 1990. urtean plazaratu zuen izen bereko diskoan, eta Josu Muguruzari eskaini zion. Harekin topo egin ondoren sortu zuen: «Josu nire unibertsitateko laguna zen, eta harekin topo eginda sortu nuen kantu hau».

Latzen taldearen heavy metal doinuek berehalako oihartzuna izan zuten 1990eko hamarkadan. Irratiak ireki zien ospearen bidea, eta, bereziki, behin eta berriz errepikatu zuten balada entzutetsuak, Azken Uda Dantza bildumako zortzigarrena: Laztana.

Pop eta rock estiloak nahastuz, Gozategi taldeak aire berriak ekarri zizkion trikitiari 1990eko hamarkadan. Nor-nori-nork abestiak eman zion sona, eta, haren segidan, Nirekin etorri zen, bederatzigarrena. Haren hitz eta doinu goxoek dantzan jarri zuten Euskal Herria.

Haren atzetik iritsi zen Ilargia, Ken Zazpiren abestirik arrakastatsuena eta bildumako hamargarrena. Hala ere, taldekideek hasieran ez zuten gustuko izan batez ere maitasunezko abesti batekin identifikatuak izatea, eta errepertoriotik kentzea erabaki zuten. Urteekin, «adiskidetu» egin dira kantarekin.

Hesian talde nafarraren Zerotik da bildumako azkena, «bizitzako esparru guztietan aske» izatea aldarrikatzen zuen abesti bat. Azken-aurreko diskoan eman zuten. Aurten esan dute agur, hamabost urte eta zortzi diskoren ondoren, «egindakoarekin pozik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.