Harria festibalaren zazpigarren aldia eginen dute bihartik igandera, Hendaian

Musika, dantza, antzerki eta zirku emanaldiak kabiarazi dituzte egitarauan: Rudigerrek eta Txaptraxek joko dute, besteak beste. Borderline Fabrikan eta kalean izanen dira jarduerak. Sarrera batzuk ordainpekoak dira, baina borondatearen araberakoak.

Felix Buff 'Rudiger' musikaria ostiralean ariko da Harrian, 20:30ean hasita, Borderline Fabrikan. GUILLAUME FAUVEAU
Felix Buff 'Rudiger' musikaria ostiralean ariko da Harrian, 20:30ean hasita, Borderline Fabrikan. GUILLAUME FAUVEAU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko urriaren 8a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpigarren harria paratu du Borderline Fabrika kulturguneak Hendaian (Lapurdi). Zazpigarrenez antolatu dute Harria festibala herrian: bihartik igandera bitarte eginen dute, bai Borderline Fabrikaren barrenean, bai eta Hendaiako karriketan ere. «Hor duzue, bada, harro egoteko moduko harria», nabarmendu dute kultur elkarteko kideek berriki. Ohi denez, musika, dantza, antzerki eta zirku emanaldiak programatu dituzte jaialdirako, bai eta herri bazkari bat antolatu ere. Azpimarratu dutenez, kartela osatzeko garaian bi alderdi lehenetsi dituzte bereziki. Bata, «bertako produkzioak» izatea. Bestea, proposamenek «esperimentazioa» eta «diziplinarteko lanketa» edukitzea oinarrian.

Harria jaialdiko jarduera batzuetan parte hartzeko, premiazkoa da sarrera eskuratzea. Edonola ere, antolatzaileek gogora ekarri dutenez, tiketen salneurria ez da finkoa. Nork bere ahalmenaren arabera ordaindu dezala eskatu dute, gogora ekarrita, hori bai, bertaratuko diren herritarren ekarpen ekonomikoa behar dutela festibalean ariko diren artista eta teknikariei lansariak ordaintzeko. Horrez gainera, oroitarazi dute jaialdia babesteko beste bide batzuk ere badirela. Kulturguneko tabernan aritzeko edo artistei harrera egiteko boluntario gisara aritzera animatu dute jendea, eta, bestalde, norberaren etxean artistei aterpe emateko aukerarik duen inor balitz, jaialdiarekin harremanetan jartzeko eskatu dute, contact@borderlinefabrika.eus helbidera idatzita.

Bihar iluntzean zabalduko dute aurtengo programazioa. 19:00etan, Aizpurdi lizeoko bederatzi ikaslek ikuskizun bat oholtzaratuko dute Borderline Fabrikan. Rouge Elea konpainiarekin elkarlanean ondu dute obra, eta 30 minutu irauten du. «Gazteriak daraman ahots bat, gaur egungo nahiei eta errealitateei buruzkoa»; hitzokin definitu dute antolatzaileek emanaldia.

Ostiralean, asteburua ailegatuta, are eta zabalagoa izanen da egitaraua. Lehenbizi, 19:00etan, Rouge Elea konpainiaren Zuhaitzarekin solasean ikuskizuna taularatuko dute Etorbideko zubian: solasaldi poetiko bat eginen dute lehenbizi, eta, gero, artista batek arboletako adarretatik zintzilik eginen du dantzan. Ondotik, ilundutakoan, Ez Ipar ez Hego musika gaualdia eginen dute Borderline Fabrikan. Bi kontzertu izanen dira: 20:30ean Felix Buff Rudiger-ek joko du; eta, haren ondotik, Txaptrax taldeak.

Irratian sekretuka

Larunbatean, berriz, zirkua helduko da festibalera. Sweet Chilli Circus konpainiaren The Risk Party emanaldia izanen da ikusgai Etorbideko zubian, 17:00etan. Eta, 18:00etatik 21:00etara bitarte, patinatze festa bat izanen da tren geltokiaren zabalgunean, Borderline Fabrikaren ondoko zabalgunean. Hain justu ere, hori bera igandean ere izanen da, baina eguerdian: 12:30etik 15:00etara, zehazki.

Antzera, bada larunbaterako eta iganderako programatutako beste jarduera bat ere: Mikro zirkuitu izeneko irrati egitasmo bat izanen da martxan —zuzeneko irratsaio bat izanen da—, 18:00etatik 20:00etara larunbatean, eta 12:30etik 15:00etara igandean. Hau da helburua: tarte horietan, irrati plato bat ezarriko dute Borderline Fabrikan, eta herritarrei eskatuko diete azaldu daitezela bertara jendearekin konpartitu nahi luketen «oroitzapen» batekin —«objektu bat, errezeta bat, musika tresna bat», jarri dute adibide gisara antolatzaileek—.  

Aipatutakoez gainera, Crea kolektiboaren Loto Loko ikuskizuna izanen da 21:00etan Borderlinen, eta, gaualdiari akabera emateko, La Diabla DJ eta ekintzaile frantses-argentinarra ariko da bertan musika jartzen.

Herri bazkari batekin itxiko dute Harria jaialdiaren zazpigarren aldia, igandean. 12:00etan Borderlinera azaltzeko gonbidapena helarazi diete herritarrei: «Etor zaitez zure platerik goxoenarekin, eta konpartitu besteokin!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.