Hatortxurock jaialdia 1999an lehendabizikoz egin zutenetik hura egiteko arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela uste dute antolatzaileek. Hori dela eta, gaur eta bihar, Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios gunean, karpa erraldoi bat eta bi agertoki izango dira. Musikazaleen elkargune izateaz gain, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatuko dituzte Atarrabiako ekitaldian.
Taulara gaur igoko den lehen taldea Keu Agirretxea & Fignuh Experience da (21:00). Agirretxea gitarra jotzailearen proiektu berriak folka, popa eta jazza nahasten ditu. Doctor Deseo izango da eguneko talde nagusia. Aurten kaleratu du Al amanecer... seguir soñando, bere hamahirugarren diskoa, eta agertokiak utziko ditu kontzertu honen ostean 2014ra arte. Selektah Stepi & Kenitra Bad Sound Systemek jarriko du ostean dantzatzeko musika, goizaldera arte.
Bihar ere talde andana arituko da Hatortxurocken (18:30). Nekez taldea izango da jotzen lehendabizikoa; Arkada, Vortex eta Kasu taldeetako kide ohiek osatzen dute laukotea. Zea Maysek bere birako azken kontzertua eskainiko du, eta 2014ra arte ez da jendaurrera itzuliko. Deskontrol taldea ikusteko ere aukerak urriak izan dira; bederatzi hilabete jo gabe egon eta gero, Hatortxu jaialdian izango dira, eta 2013ko abendura arte ez dute berriz zuzenekorik emango.
Habeas Corpus taldea Madrilgoa bada ere, aski ezagunak dira haien abestiak Euskal Herrian. Atarrabiara joaten direnei doinu ezberdinen nahasketarekin burua astintzeko aukera emango diete. Bestalde, Bongo Botrako taldea arituko zela zabaldu bazen ere, azken orduko aldaketa izan da, eta Canteca de Macao taldeak ordezkatuko du. Koma izango da hurrengoa jotzen. 1994an sortu zen talde horrek duela hilabete batzuk zabaldu zuen desegin egingo dela. Biharkoa izango da Iruñeko taldea zuzenean ikusteko azken aukera. La Polla Records taldearekin ezagun egin zen abeslariak, Evaristok, Gatillazorekin jarraitzen du, eta horiek ere izango dira Hatortxurocken aurten. Ostean, Enrique Villarreal Drogas izango da, eta bere ibilbidean hainbat talderekin (Barricada, Txarrena, La Venganza de la Abuela) sortu dituen abestiak joko ditu. Tximeleta taldea izango da arituko den azken taldea. Aski ezaguna da talde hori ere, haien erromeriak Euskal Herriko makina bat jai alaitu ditu eta.
Gaurko sarrerak 12 euro balio du, eta 20 euro biharkoak, aldez aurretik erosiz gero. Sarrerako saltokian eskuratuz gero, 15 euroko prezioa izango du gaurkoak, eta 24koa biharkoak. Bi egunetarako bonuak 25 euro balio du.
Hatortxurock jaialdia Keu Agirretxea eta Doctor Deseorekin hasiko da, gaur
Komak bere azken kontzertua emango du; Zea Mays taldeak urtebeteko atsedena hartuko du jo ostean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu