Rolak alderantzikatuta bezala, oraingoan Joxe Manuel Odriozola joan da Heriorenera ate joka. Zertarako eta, heriotzari parez pare begiratuta, bizitza bere osotasunean baloratzeko. Bilboko Udalak antolatzen duen Miguel Unamuno saiakera lehiaketako 26. saria irabazi zuen iaz, eta orain argitaratu du emaitza, Erein argitaletxearekin: Heriotzak bizi gaitu saiakera liburua. Ez da, gainera, sari hori irabazten duen lehen aldia, 2024an Sekularizazioa Euskal Herrian liburua kaleratu baitzuen 24. Miguel Unamuno sariarekin. Eta liburu bataren eta bestearen muina desberdina bada ere, honakoan ere aukera izan du, besteak beste, heriotzaren eta erlijioaren arteko harremanaz gogoetatzeko eta, beraz, baita «sekularizazioaren olatuaren» eragina aztertzeko ere. Hain zuzen, Inazio Mujika editoreak ironiaz esan bezala, «gai errazak» gustuko baititu Odriozolak.
«Heriotzak bizi gaitu esatea, funtsean, zera esatea litzateke: bizitza ezin dela bere baitan eta bere hartan pentsatu, bizitza ez dela mundualdi autonomo bat, bizitzaren kontzeptua eta heriotzaren kontzeptua banaezinak direla. Batak bestea dakarrela eta besteak bata». Odriozolak elkarren arteko etengabeko harreman batean ulertzen ditu bizitza eta heriotza, eta, hain justu, liburuaren izenburuak berak argi adierazten du paradoxa hori. Mujikak azaldu du: «Hainbat gauzek bizi gaituzte; kasu honetan, heriotzak. Hortxe paradoxa». Eta, beraz, esan daiteke Odriozolak heriotzari buruzko liburu bat ondu duela baina, funtsean, bizitzari buruzkoa ere badela.
«Heriotzak bizi gaitu esatea, funtsean, zera esatea litzateke: bizitza ezin dela bere baitan eta bere hartan pentsatu, bizitza ez dela mundualdi autonomo bat, bizitzaren kontzeptua eta heriotzaren kontzeptua banaezinak direla»
JOXE MANUEL ODRIOZOLA Idazlea
41 kapitulu motz ditu liburuak, 41 ardatz. Lehen-lehenak filosofikoak dira batik bat, eta, editoreak adierazi duenez, liburua «pixkanaka-pixkanaka heriotzaren ikuspegi sozialera» heltzen da, askotariko gaiak aipatuz: bai medikuntza, eutanasia, dolua, pandemiak, bai eta hezkuntza ere. «Nola irakatsi gazte eta haurrei heriotza zer den?», galdetu du Mujikak. Izan ere, Odriozolak igartzen du gazte, heldu eta zaharrek desberdin bizi dutela heriotzaren auzia. Berak ere ziur du «bestelako ondorioak» izango lituzkeela orain egin duen gogoeta bera gaztetan egin izan balu. «Hilko ez bagina bezala bizi gara gure mundualdiaren zatirik handienean», azpimarratu du idazleak, eta bere alde onak ere antzematen dizkio gaztaroarekin lotu duen jarrera horri, baina ez du uste «bizitzeko modurik osoena» denik. Haren ustetan, «ondo bidean, bizitzaren eta heriotzaren arteko elkarreraginak bakarrik marraztu beharko luke bizitzaren osotasuna».
Bizitzaren zentzua
Hortaz, «heriotzaz pentsatu gabeko bizitzak ez al du herren egiten?». Odriozolak heriotzari buruz pentsatzeko gonbita egin du, baina ez du auziaren gaineko ondorio argirik plazaratzeko asmorik, ez erantzun unibertsal bat osatzeko helbururik ere. Egia bat besterik: heriotza «bizitzaren berezko osagai bat» dela. Alde horretatik, liburuak elkarrizketan jartzen ditu ideia erlijiosoak, espiritualak, filosofikoak eta ateoak. Eta hilkortasunaren patu saihetsezinaren ildotik, Mujikak ideia filosofiko bati egin dio kasu; zehazki, heriotzak bizitzari zentzua ematen dion ideiari. Horri lotutako ondorio batzuk aipatu ditu: «Heriotzak gure denbora mugatzen du, eta muga horrek gure bizitzari zentzua eta balioa eman diezaioke. Ematea litzateke onena».
«Heriotzak gure denbora mugatzen du, eta muga horrek gure bizitzari zentzua eta balioa eman diezaioke. Ematea litzateke onena»
INAZIO MUJIKA Editorea
«Heriotzari bizkarra emanda bizitzeak ez digu bizi kalitate hobea ematen, ez digu ongizate hobea bermatzen», berretsi du Odriozolak. Eta Mujikak ere zera azpimarratu du, gizarteak heriotza «ezkutatu» egin duela bere eguneroko bizitzatik: «Ondorio praktikoa litzateke heriotzari buruz hitz egitea, pentsatzea eta heztea». Hain justu, horretarako aukera ematen du Odriozolaren liburuak, eta, haren ahotsetik ez ezik, beste hainbat pentsalariren eskutik ere heriotzari buruz hausnartzeko aukera izango du irakurleak. Hauek dira aipatzen diren autoreetako batzuk: Giorgio Macellari, Juan Madariaga Orbea, Oskar Gaztelu, Patxi Izagirre eta Iñaki Olaizola Eizagirre.