Jon Gerediagak (Bilbo, 1975) poesiari begiratzeko beste modu bat bilatu du Izena eta izana saiakeran. Poeta eta antzerkigilea da, eta bere ibilbidean gehien landu duen alorrari buruz hausnartu du liburuan: hitz poetikoaren izaeraz, haren ahalmenaz eta idazten duenean haren bidez bilatzen duenaz. Ez du definizio itxi bat eman nahi izan, ordea; intuizioei jarraituz osatu du saiakera, hitz poetikoa bera iheskorra dela iritzita.
Ikusi gehiago
Zer galdera edo kezka izan du abiapuntu liburuak?
Nire ibilbidean gehien jorratu dudan alorra poesia izan da. Normalean poesia idazten dut, baina uste nuen garaia zela poesiaren beste aldera begiratzeko. Aztertu nahi nuen poesia idazten dudanean zer eskatzen diodan hitz poetikoari; edo beste poeta batzuek sortutako hitz poetikoa irakurtzen dudanean zer bilatzen dudan.
Gogoeta egin nahi nuen berez ia harrapaezina den zerbaiti buruz. Hitz poetikoa zer den definitzea edo arrazoi analitikoaren bidez mugatzea oso zaila da, eta, horregatik, intuizioei jarraituz idatzi dut liburua. Ez dago datu kontrastaturik, froga enpirikorik edo datu historikorik; gehiago da saiakera poetiko bat. Neure buruari lagundu nahi nion ulertzen zer bilatzen dudan, eta, batez ere, poesia idazten eta hitz poetikoaren bila jarraitzen.
Beraz, liburuak ez du hitz poetikoa definitzeko asmorik?
Ez dut katalogo bat egin nahi izan. Gehien estimatzen dudan hitz poetikoaren bila aritu naiz, edo hitz poetiko hori azaltzen saiatu naiz. Baina hitz poetikoaren bidez baino ezin dut horri buruz hitz egin. Niretzat ezinezkoa da arrazoi analitikoaren bidez analisi zehatz bat egitea.
«Hitz poetikoari buruz hitz egitea munduari buruz hitz egitea ere bada, mundua ulertzeko eta begiratzeko modua ere bada»
Hitz poetikoan beti dago ihes egiten duen zerbait: zerbait esaten duzunean, esan berri duzun hori bera aldatzen da, eta beste zerbait bihurtzen da. Hori da, azken batean, hitz poetikoari buruz hitz egitean funtsezkoena.
Epaimahaiak adierazi du liburuak identitatea, denboraren joana, heriotza, natura, maitasuna eta gizakiaren existentzia lantzen dituela. Nola lotzen dira gai horiek poesiaren bidez?
Poesia idazten dudanean, oso gutxitan jartzen diot titulua. Niretzat oso zaila da poesia eta bizitza bereiztea. Hitz poetikoa bizitza den neurrian, gai horiek agertzen dira, bizitzan agertzen direlako. Batasun bat ikusten dut hor: bizitza eta heriotza, biak daude presente, eta horren barruan dena sartzen da. Horregatik, hitz poetikoari buruz hitz egitea munduari buruz hitz egitea ere bada, mundua ulertzeko eta begiratzeko modua ere bada.
Zaila egin zaizu poesiaren inguruko gogoeta eta hitzen esperientzia bera uztartzea abstraktuegia bihurtu gabe?
Nire asmoa ez da izan poeten katalogo bat egitea. Gehien estimatzen dudan hitz poetikoaren bila ibili naiz, eta saiatu naiz hori azaltzen. Baina hitz poetikoaren bidez baino ezin dut hori egin. Horregatik da zaila analisi zehatz bat egitea. Hitz poetikoak beti du ihes egiten duen zerbait: hitzak zerbait esaten du, baina esan orduko beste zerbait bihurtzen da. Ez dut uste hori guztia behin betiko harrapatzerik dagoenik.
Hitz poetikoaren bilaketa ez da inoiz amaituko?
Ni ikasle sentitzen naiz bide horretan. Oso bide luzea iruditzen zait, eta nahiko nuke 80 urterekin ere poesia idazten eta hitz poetikoaren bila jarraitu. Horrek izateko modu bat ematen dit, munduari begiratzeko modu bat, eta munduarekin zein neure buruarekin erlazionatzeko modu bat ere bai.