Justu duela astebete jakinarazi zituzten lehen Euskadi sariak, eta gaur osatu da irabazleen zazpikotea, falta ziren lau sarituen berri eman baitute Gasteizko Montehermoso kulturgunean egindako prentsaurrekoan. Matias Mujikari eman diote euskarazko literatura itzulpenaren saria, Homeroren Odisea lanaren euskaratze lanagatik (Balea Zuria), eta Jon Gerediagak Izena eta izana obragatik (Pamiela) jaso du euskarazko saiakeraren saria. Gaztelaniazko lanei dagokienez, Eli Tolaretxipiri eman diote gaztelaniazko literaturaren saria Cuerpos pasajeros poema liburuarengatik; bestalde, Mikel Aiestaran kazetari eta idazlearen Historias de Gaza: la vida entre guerras lanari eman diote saria, gaztelaniazko saiakeraren alorrean.
Erlazionatuta
Mujikaren itzulpen lana «monumentala» izan da epaimahaiaren ustez: «Literatura unibertsaleko monumenturik handienetako baten itzulpen monumentala da», adierazi du zehazki. Itzultzailearen trebetasunaz gainera, haren sormen gaitasuna ere nabarmendu du. Homeroren Odisea K.a. VIII. mendeko obra da, eta Troiako gerraren ondoren Ulisesek Itakara itzultzeko egindako bidaia kontatzen du. Mujikak euskarara ekarri du, «hitz neurtuak eta errimak baliatuz», epaimahaiak azpimarratu duenez. Itzultzerakoan erakutsitako trebetasuna ez ezik, «euskarazko forma literario zaindua» ere aitortu diote, eta, era berean, greziar literatura klasikoko obra nagusietako bat euskaraz modu «erakargarrian» adierazteko gaitasuna goraipatu.
Ikusi gehiago
Mujika itzultzailea eta editorea da. Frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik itzuli ditu lanak euskarara, besteak beste, Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Celine idazleenak. 2017an ere Euskadi literatura saria jaso zuen, François Villonen Testamentua euskaratzeagatik.
Gerediagak iazko ekainean kaleratu zuen Izena eta izana. Hitz poetikoaren inguruan hausnartzen du egileak bertan. «Ez da saiakera klasiko bat, ez baita tesi jakin bat defendatzen; ibilbide bat proposatzen dut hitz poetikoaren basoan barna, hor aurkitzen diren gauzekin entretenituz», adierazi zuen liburua aurkeztu zuenean. Hain zuzen, hitz poetikoaren inguruan egindako hausnarketari balioa eman dio epaimahaiak. «Kalitate handiko literatur saiakera da, tradizio poetiko jakin baten ezagutza sakona erakusten duena», adierazi du.
Epaimahaiak «hitzaren artisau» gisa definitu du idazlea, eta nabarmendu du saiakera honetan bere lanaren «tailerra» zabaltzen diola irakurleari, «eskuzabaltasunez». Hitz poetikoaren botereari buruzko hausnarketatik abiatuta, esanahien eraikuntzari heldu dio, poesiaren eremutik harago joz: identitatea, izatea, denboraren joana, heriotza, natura, maitasuna eta gizakiaren existentzia bera ditu hizpide.
Ikusi gehiago
Gerediaga bere lanaren muinaz aritu da ekitaldian: haren esanetan, hitz poetikoak ez du definizio finkorik onartzen, eta edozein gauzari izen egokiena emateko ahaleginean bilatu behar da. «Garai nahasi» honetan, hitzak eta izenak behar bezala erabiltzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. Haren ustez, hitz poetikoaren bila jarraitzea beharrezkoa da, gauzei eta esperientziei zentzua emateko.
Poeta, antzerkigilea eta antropologian doktorea da Gerediaga. Antzerkiola Imaginarioa konpainiako kide izan zen, eta Filosofiako irakaslea da Loiuko (Bizkaia) Lauro ikastolan. 2024an ere Euskadi literatura saria irabazi zuen euskarazko literaturaren modalitatean, Zeru-lurren liburua lanagatik.
Poesia, irudiak eta Gazako bizitza
Gaztelaniazko literaturaren saria Eli Tolaretxipik jaso du, Cuerpos pasajeros poema liburuarengatik. Epaimahaiak obraren kalitate linguistikoa eta egilearen sormen gaitasuna nabarmendu ditu; halaber, «sustrai surrealistako irudi iradokitzaileak eguneroko errealitatearen erretratuarekin uztartzeko duen trebetasuna» goraipatu dio. Poemen erritmoa eta Tolaretxipik sorkuntza metaforikorako duen ahalmena ere azpimarratu ditu.
Poeta, itzultzailea eta ingeleseko irakaslea da Tolaretxepi. Hainbat poema liburu argitaratu ditu, eta Sylvia Plath, Elizabeth Bishop eta Patti Smithen lanak gaztelaniara itzuli ditu, besteak beste. Euskadi literatura sariak liburuari bide berriak zabaltzeko eta irakurle berriengana iristeko aukera emango diola adierazi du idazleak gaurko ekitaldian.
Mikel Aiestaran kazetariak, berriz, Historias de Gaza: la vida entre guerras lanagatik jaso du gaztelaniazko saiakeraren saria. Epaimahaiak «kazetaritzaren zorroztasuna» eta «kalitate literarioko narrazioa» uztartzeko duen gaitasuna nabarmendu du. Liburua ez da gaurkotasuneko kronika edo erreportajeen bilduma soila: Gazako errealitate historiko eta politikoa ulertzeko kontakizun sorta bat eskaintzen du, norbanakoen bizipenak ardatz hartuta. Epaimahaiaren esanetan, Aiestaranek gatazkaren erdian bizi diren pertsonengan jarri du arreta, eta errealitate horri buruzko «begirada etiko eta gogoetatsua» proposatu du.
Aiestaranek azaldu duenez, «oso liburu pertsonala» da, eta azken hogei urteetan Gazarekin izan duen harremanaren emaitza. Egungo egoeran, Gazari buruz berriro hitz egiteko aukera ematen du sariak, kazetariak esan duenez. Gogorarazi du gatazkaren berri ematean heriotza eta suntsipena izaten direla maiz albisteen ardatza, eta liburuak, horren ordez, Gazako biztanleen eguneroko bizitza erakutsi nahi duela.
Ekialde Hurbilean espezializatutako kazetaria da Aiestaran. Eskualdeko gatazkak bertatik bertara landu ditu urte luzez, eta gaur egun Istanbulen bizi da. Vocento taldearentzat eta EITBrentzat egiten du lan.
«Literaturak mundua hobeto ulertzeko balio du»
Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak lau sarituen lana goraipatu du, eta literaturaren adierazpide askotarikoak biltzen dituztela azpimarratu. Haren esanetan, lau lanak oso desberdinak dira, baina guztiek dute ezaugarri komun bat: «Giza esperientziara hurbiltzen dira».
Iturbek itzulpengintzaren garrantzia ere nabarmendu du. Mujikaren lanari buruz, adierazi du literatura unibertsaleko klasiko handi bat euskaraz izateak berebiziko balioa duela, itzulpena ez baita hizkuntza batetik bestera hitzak eramatea soilik; «kultura batetik bestera zubiak eraikitzea ere» bada. Gerediagaren saiakerari dagokionez, goraipatu egin du hizkuntzaren bidez esanahiak eta norberaren identitatea nola eraikitzen diren aztertzeko duen gaitasuna. Tolaretxipiren poesiari dagokionez, irudien indarra erakusten duela esan du, eta Aiestaranen liburuak, berriz, titularren atzean dauden pertsonak eta haien eguneroko bizitza irakurleari gerturatzen dizkiola.
Saritutako egile bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria jaso dezake. Euskadi literatura sariak azaroaren 20an banatuko dituzte, Bilboko Euskal Museoan.