Antzerkia

'Hondamendia', 'Nor naizen baneki', 'Non dira haurrak?' eta 'Eldarnio' antzezlanak batu ditu Ganbila bildumak

Lau antzezlan horiek bi liburutan jaso dituzte. Hitzaurre bereziak ere topatu daitezke lanetan; Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirrek eta Mattin Aiestaranek elkarrekin egindakoa, esaterako.

Ximun Fuchs, Harkaitz Cano eta Jokin Oregi, gaur Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ximun Fuchs, Harkaitz Cano eta Jokin Oregi, gaur Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko azaroaren 27a
17:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jada ikusitako antzezlana geldo mastekatu eta digeritzeko aukera izatea, edo, kontrara, ikusi gabeko hori lehen aldiz dastatzeko aukera izatea. Horixe da Susa argitaletxearen Ganbila bildumak eskaintzen dituen plazeretako bat. Euskal antzerki garaikideko lanak liburutan jasotzea da bildumaren helburuetako bat, 30 liburukitik gora plazaratu dituzte jada. Hezur hiztunak eta Non dira haurrak? dira azken bi lanak. Bi liburu dira, baina bakoitzean bina antzezlanen testuak jaso dituzte. Lehenengoan, Axut eta Artedrama konpainien Hondamendia eta Nor naizen baneki, eta bigarrenean, Tartean konpainiaren Non dira haurrak? eta Dantzertik ekoitzitako Eldarnio.

Ximun Fuchsek Harkaitz Cano idazlearekin batera ondu zituen Hezur hiztunak-en bildu dituzte bi obren testuak. Hondamendia-n 2020an Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) izandako luizia eta COVID-19aren pandemia hartu zituzten ardatz. Nor naizen baneki-n, ordea, Irulegiko Eskuaren aurkikuntza. Fuchsen esanetan, bere lan egiteko modua «biziki arkaikoa» da. Luiziaren inguruko antzezlana egingo zutela erabakitakoan, Nahia Sololuzerekin —luizian hil zen Alberto Sololuzeren alaba— jarri zuen hitzordua bere bizipenen berri izateko. Nor naizen baneki-rekin, Aranzadiko kideengana jo zuten, arkeologiaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. Antzerkigileak bere burua «gizartearen idazkari» gisa hartzen duela azaldu du: «Jendeak bere istorioak eskaintzen dizkigu, ez dugu deus asmatzen».

«Jendeak bere istorioak eskaintzen dizkigu, ez dugu deus asmatzen»

XIMUN FUCHSAntzerkigilea

Jendeak kontatutako hori oholtzara nola eraman, hortxe dago gakoa. Fuchsek ongi ezagutzen du antzerkiaren hizkuntza, baina bi obretarako testuak idazteko orduan Canorengana jo zuen. Idazleak esan du proiektuetan hitzaren mugak gainditu zirela: «Ximunentzat [Fuchsentzat], oholtza da bere idazmahaia. Nire koadernoetan idatzitako hori oholtza gainean nola egiten zen ikustea ikasketa handia izan zen».

Gaizka Sarasolak egin ditu editore lanak, eta, haren ustean, «komunitatearekiko konplizitatea» erakusten dute Axut eta Artedramakoek, eta horixe bera islatu dute pieza bakoitzeko hitzaurreetan. Sololuzek berak idatzi du Hondamendia-ren hitzaurrea, eta Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirrek eta Mattin Aiestaranek, berriz, Nor naizen baneki-rena. Bestalde, editoreak bi antzezlanen testuek duten intentsitatea nabarmendu nahi izan du: «Emozio eta estimulu anitz jasotzen dituzte, dena abiada bizian joaten da».

Haurrak eta mendia

Jokin Oregi antzerkigilearen sinadura daramate Non dira haurrak? eta Eldarnio obrek. 2024an estreinatu zuen lehena, BBK salak eta Tartean konpainiak elkarlanean ekoitzi zuten. Helduentzako antzezlan bat bada ere, egilearen hitzetan, «ez da debaldekoa» haurrei erreferentzia egitea. Izan ere, haurrek euren gurasoekin duten harremana da lanaren muina. Oregiren ustez, haurrek ongi oroitzen dute helduek zer egiten duten, eta asko zaindu behar da haiei zer iristen zaien. Horren inguruko gogoeta proposatzen du Non dira haurrak?-ek.

Eldarnio-n, izenburuak dioen moduan, eldarnio bat da piezaren oinarria; baina ez edonolakoa, mendian garaiera handietan gertatzen den eldarnioari egiten baitio erreferentzia. Oregiri «oso teatrala» iruditu zitzaion eldarnio horren kontua, eta antzezlan baterako erabiltzea erabaki zuen. «Norberaren egia azaltzeko modua da, eldarnioarekin benetako beldurrak azaleratzen dira». Dantzertiko laugarren mailako ikasleekin muntatu zuen obra, iaz. Haurra zela ama galdu zuen neska bat da protagonista. Ama igo zen mendi batera igotzen da protagonista, nolabait amarekin topo egiteko asmoz.

Oier Guillan izan da Non dira haurrak? liburuaren editorea. Azaldu duenez, Oregiren bi piezek hausnarketa sakonak proposatzen dituzte irakurleentzat. Bestalde, gizartearen inguruko erradiografia bat ere eskaintzen dutela gehitu du, nahiz eta erradiografia «deserosoak» izan daitezkeen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA