Ibrahima Balderi 'Miñan' liburuan oinarritutako antzezlanaren estreinaldira joateko baimena onartu dio Erresuma Batuak

Balderen bizipenak ditu abiapuntu 'Little Brother' antzezlanak, eta asteartean Londresen estreinatuko dute. Hasieran, ukatu egin zioten hara joan ahal izateko bisa, baina orain zuzendu egin dute erabakia.

Ibrahima Balde. JULENE MURUAGA
Ibrahima Balde. JULENE MURUAGA
Inigo Astiz
2025eko maiatzaren 17a
13:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzera egin du Erresuma Batuak, eta Ibrahima Baldek Londresko Jermyn Streeteko antzokian bertan ikusi ahalko du bere bizitzan oinarritutako Little Brother antzezlanaren estreinaldia. Asteartean jakin zenez, hasieran, Barne Ministerioak ukatu egin zion Londresera joateko baimena, baina antzokiko arduradunek eta antzezlanaren moldaketa egin duen antzerkigileak, Timberlake Wertenbakerrek, erabaki horren aurkako kexa zabaldu zuten The Guardian egunkariaren bidez, eta, azkenean, erabakia zuzendu du gobernuak. Onartu egin diote bisa Balderi.

Egun, Madrilen bizi da Balde, eta Londresko estreinaldia ikusi ahal izateko lau eguneko baimena eskatu zuen. Antzokiak babestuta aurkeztu zuen eskaria Baldek, eta egun horiek Wertenbakerrekin igaroko zituela ere ziurtatu zuen, baina agintariek ez zuten frogatutzat jo emanaldien ostean Balde Madrilera itzuliko zenik. Antzokiko ordezkariek haserrea adierazi zuten erabakiaren berri izandakoan.

Azkenik, baimena izango duela ikusirik, David Doyle antzokiko kudeatzaileak «poza» azaldu du The Standard egunkariak argitaratutako albistean. «Pozik gaude erabakia aldatu dutelako eta Ibrahimak aukera izango duelako Londresko Jermyn Streeteko antzokiko taula gainean ikusteko bere istorioa».

Anaiaren bila

Baldek Gineatik Europara egindako bidaia kontatzen du Miñan liburuak. Baldek kontatutakoak biltzen dira hartan, eta Amets Arzallus bertsolari eta idazleak eraman zituen idatzira. Bien sinadurarekin argitaratu zuen Susa argitaletxeak euskaraz, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute geroztik. Desagertutako anaia txikiaren bila abiatu zen Balde sorterritik, eta Saharako basamortua gurutzatu zuen Malin, Aljerian eta Libian barrena. Ibilbide horretan jasan zituen egoera latzen lekukotza da liburua.

Artedrama konpainiak iazko azaroan estreinatu zuen liburu horretan oinarritutako antzezlana. Timberlake Wertenbakerrek egindako moldaketa izan zuten horretarako abiapuntu haiek ere. Erresuma Batuko antzerkigintzan ezaguna da hura, baina egun Saran (Lapurdi) bizi da, eta Artedramakoek aukera hori baliatu zuten obra lehenik euskaraz aurkezteko.

Etzi estreinatuko dute ingelesezko emanaldia, Londresen, eta ekainaren 21era arte izango da programan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.