Apirilaren 20tik 25era eginen dute Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren XX. aldia, Miquel Marti Freixasen sinadura izanen duen lehenbizikoa. Iragan udazkenean, lau urtez festibaleko zuzendari artistiko izandako Manuel Asinen lekukoa hartuta heldu zion karguari Freixasek, eta hain justu gaur hasi dira azaleratzen haren estreinako jaialdiaren lehenbiziko trazuak. Izan ere, aurtengo programazioari buruzko aurreneko iragarpenak egin ditu Ikuspuntuk, eta nobedaderik ere bada tartean. Beste sail bat jarri dute abian, «hizkuntza zinematografikoaren bilaketetan eta esperimentazioan sakontzeko»: Ricecarta du izena.
Ikusi gehiago
Plazaratutako informazioaren arabera, sail horrek hiru programa bilduko ditu aurten. Haietako bati Forever Young: Zinema erliebean deitu diote: 3Dn eginiko zinemari buruzko atzera begirako bat eginen dute, Blake Williams zinemagile estatubatuarrak ondutako programazio baten bidez, eta, jakinarazi dutenez, publikoaren parte hartzea bereziki inportantea izanen da atal horretan, ikusleei lau motatako betaurrekoak eskainiko baitizkiete, besteak beste. Zinema denen artean izeneko programan, Hiruki Filmak ekoiztetxeak 2024an ondutako Zinema auzolanean proiektua bistaratuko dute, eta, Terminak programan, berriz, «Espainiako eszenari» eginen diote tokia, zehaztu dutenez.
Fokua zertan jarri
Fokuak atalak bere horretan segituko du aurrerantzean ere. Bi urte dira atal hori eraberritu zutela, aurrez beti izaten baitzen propio «atzera begiratzeko ariketa» bat bultzatzeko bokazioa zeukan egitasmoa, ibilbide artistiko luzeko zinemagile bati edo bati baino gehiagori aitortza egitekoa, baina oinarri hori bera moldatu egin zuten 2024ko jaialdirako: mugak zabaldu zizkioten, eta zehaztu zuten, «iraganari ez ezik», garaian-garaian gertatzen eta egiten zenari ere begiratuko ziotela atal horretan. Begirada garaikidea ere izanen zuela. Ordutik, kasuan-kasuan, kontzeptuak jartzen dituzte programazioen erdigunean, edo zinemagileak. Osotara, hiru prestatu dituzte udaberri honetarako: bik ardatz tematikoak dituzte oinarri, eta besteak Alia Syed zinemagilearen obrari eginen dio so.
Eulien artean izeneko programan behaketari buruz gogoetatu asmo dute. Xavier Nueno ikertzaileak gidatuko ditu hari loturiko emanaldi eta jarduerak; besteak beste, eskola magistral bat emanen du Altzuzako (Nafarroa) Oteiza Museoan, eta «begirada etnografikoa desbideratzea» izanen du helburu horretan, aurreratu dutenez. Bestalde, Fokuak atalean jasotako beste programa monografikoan, Iragankortasunaren iraunkortasuna izenekoan, ikus-entzunezkoek urteotan izandako eboluzioari buruz eztabaidatzeko bideak zabalduko dituzte, hala nola sare sozialek gaur egungo errealitatea erretratatzeko daukaten gaitasuna aztergai izateko.
Ikuspuntuk oraingoz iragarritakoen artean, Alia Syed zinemagilearen izena nabarmendu da gehien. Jatorri galestar eta indiarreko zinemagilea da, eta zinema esperimentalean eginiko lanagatik da estimatua nazioartean. Generoari, diasporari eta kolonialismoari buruzko lan ugari ditu eginak, eta, hain zuzen, haren obra goratzeko eta ezagutarazteko bokazioz antolatu dute hari buruzko atzera begirako bat Iruñeko jaialdian. Maria Palacios Cruz idazle eta akademikoak zuzendu du.
