Ipar Euskal Herriko hirurogei berritasun izanen dira aurtengo Durangoko Azokan

Ipar Euskal Herriko kultur ekoizpenen katalogoa presentatu du EKE Euskal Kultur Erakundeak, Gerediaga elkartearekin batera. Bi erakundeen arteko hitzarmenak hogei urte bete ditu aurten, eta, horren harira, 45 liburu eta hamalau disko izanen dira Durangon.

Frank Suarez eta Beñat Gaztelurrutia, Baionan, Biltxoko elkartean. PATXI BELTZAIZ
Frank Suarez eta Beñat Gaztelurrutia, Baionan, Biltxoko elkartean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2026ko azaroaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aurten hogei urte betetzen ditu Gerediagaren eta EKEren arteko partaidetzak. Hogei urtez aritu gara Iparraldeko argitaletxeei, diskoetxeei eta kultur elkarteei laguntza ematen Durangoko Azokan haien tokia ukan dezaten». Hala hasi du prentsaurrekoa Frank Suarez EKE Euskal Kultur Erakundeko langileak. Ipar Euskal Herriko berritasunak presentatu baino lehen, EKEren eta Gerediaga elkartearen arteko hitzarmena luzaroan iraunarazteko asmoa dutela adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak Baionako Biltxoko elkartean. «Azoka nazionala da gurea, eta beraz, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa han izan nahi ditugu urte luzez, eta hori segurtasunez aurrera dezaket».

Aurten, hain zuzen ere, Ipar Euskal Herritik hirurogei berritasun inguru helduko dira Durangoko Azokara: 45 liburu, hamalau disko, eta bertzelako bizpahiru obra. Suarezek kontatu du hamazazpi egitura laguntzen dituztela, izan argitaletxe, diskoetxe, elkarte edota bestelako. Argitaletxeei dagokienez, Maiatz, Haria, Zortziko, Elkar, UEU Udako Euskal Unibertsitatea eta Infernuko Zatak izanen dira Durangoko Azokan. Diskoen artean, bertzeak bertze, Kode, Maskak, Hor Hor eta Indigo taldeek haien azken lanak aurkeztuko dituzte.

Urtero bezala, hainbat gunetan presentatuko dira berritasunak, eta horren karietara aurten hamazazpi aurkezpen eginen dituztela zehaztu du EKEko kideak. Bertze datu esanguratsu bat ere atera du, eta, haren erranetan, Ipar Euskal Herriko zortzi musika talde sartu dira Ahotsenea guneko aurkezpen zerrenda «bikain» horretan. Gaztelurrutiak bat egin du ideia horrekin, eta nabarmendu Ipar Euskal Herriko ekoizpenak «orotarikoak» direla. 

Liburuen artean, haur literaturan, Haria argitaletxeak Mimosa bat loretan presentatuko du Elkartegian, abenduaren 4an. Bertzalde, Eneko Bidegainek Elkar argitaletxearekin atera Hegal Egiten nobela presentatuko du abenduaren 5ean, eta, argitaletxe berak eramanik, EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalak ondu Auzolanaren lurretan liburua aurkeztuko du egun berean, Talaia gunean. Horiez gain, biharamunean, Iñaki Etxelekuk eta Infernuko Zatak ekoitzi Kantari herriari zein Xabier Itzainak egin eta UEUk argitaratu Ttunttuneroen gizartea liburuen aurkezpena entzuten ahalko dira, Talaian.

Maiatzek ere berritasun franko plazaratuko ditu azokako bere mahaian. Itziar Madinak idatzi Deserroa haurtzaro poema liburua presentatuko du abenduaren 5ean Ahotsenean. Azken aldizkaria ere eramanen dute, baita Jurgi Arrutiren Nihilismoa eta ekintza. Etika ere. Haran Ubel argitaletxea ere Durangoko azokan izanen da bere ekoizpen guzia presentatzeko, eta, bertzeak bertze, Etxean liburua eramanen du hara.

(ID_16653597) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-11-20, Baiona. EKE-ren prentsaurrekoa Durangoko Azoka aurkezteko
Ikas pedagogia zerbitzuko zuzendari Aines Dufau, Baionan, Biltxoko elkartean. PATXI BELTZAIZ

Musikari begira, Maskak taldeak Ziklikoa diskoa aurkeztuko du abenduaren 4an, Ahotsenean, eta egun berean Maider Zigarroak ere Argazkian irria diskoa aurkeztuko du leku berean. RTZ taldeak Eden disko atera berria eramanen du azokara. Bertzeak bertze, horiez gain, Lanbro, Hor hor, Kode eta Indigo taldeek lekua izanen dute kontzertuak emateko; Amaia Riouspeyrousek ere bere azken diskoa presentatuko du.

Bertzelako ekoizpenak

Ikas pedagogia zentroan «jokoen aroan» daudela nabarmendu du Aines Dufau pedagogia zerbitzuko zuzendariak. Horren karietara, Ikasek On egin! elikadurari eta laborantzari buruzko mahai jokoa sortu du Water Family, Ikas Bi eta EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin batean. Bertzalde, euskara maila lantzeko, Mekajokoak jokoa ekoitzi dute, euskara maila molde ludiko eta eraginkorrean hobetzeko. «Regine Elosegi eta Irene Noriegak egin dute joko hori, eta A2tik B1 mailarainoko ikasle, haur edo familientzat egin dugu, euskaraz mintza eta josta daitezen!».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA