Idazlea

Itziar Ugarte Irizar: «Irrintzietan erreferente argia da oraindik Primi Erostarbe»

«Inoiz atzean geratuko ez zen» pandero jole eta irrintzilari baten biografia osatzeaz batera, hark bizi izandako garaia ulertzeko gakoak ere aletu ditu Itziar Ugartek 'Primi Erostarbe. Itzalari dantza' liburuan.

Itziar Ugarte idazle eta kazetaria, Zumaian, urtarrilaren 15ean. GORKA RUBIO / FOKU
Itziar Ugarte idazle eta kazetaria, Zumaian, urtarrilaren 15ean. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enkargua egiteko hots egin ziotenean, Itziar Ugarte Irizar idazle eta BERRIAko kazetariak (Oñati, Gipuzkoa, 1995) ez zuen imajinatzen pandero jole entzutetsu eta irrintzilari enblematikoenetako bati buruz idaztea eskatuko ziotenik. Primi Erostarbe «nor zen ere» ez omen zekien, eta abisua eman zuen Euskal Herriko Trikitixa Elkartean, badaezpada: «Ez dakit ni naizen hori egiteko pertsona». Elkartekoek, berriz, esan zioten abiapuntuko ezezagutza hori interesgarria izan zitekeela, eta hortik heldu zion lanari. Oñatin jaio zen Primi Erostarbe ere, Araotz auzoan zehazki, eta hango jende nagusiarengana jo zuen lehenik Ugartek, trikitilariaren alaba Pili eta Alaznerengana gero, Donostiara. Iturri horietatik edandakoa musika, dantza eta oro har kultura munduko adituekin biribildu zuen azkenik; besteak beste, Juan Antonio Urbeltzekin, Juan Mari Beltranekin eta Mailu Suduperekin. Emaitzak inor gutxi utz lezake epel: artean trikitilarien plaza publikoa gizonek hartua zuten garaiaren erradiografia eta hari desafioa bota zion emakumearen erretratu zintzoa ondu ditu Primi Erostarbe. Itzalari dantza liburuan. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bilduman plazaratu du.

Primi Erostarbe gaurko mundura ekartzen saiatu zara. Zer sentsazio utzi dizu?

Gauza bitxia dela norbaiten bizitza izan dena jasotzen saiatzea; ezinezkoa, ziurrenik. Liburua idatzi ostean ere, sentsazio arraro horrek irauten dit; «hau kontatu didate zutaz, baina auskalo nor izan zinen» moduko bat. Aparte, ohartu naiz trikitiaren gainean badagoela oraindik begirada gutxiesle bat, baserri munduari lotua-eta, eta aurreiritzi hori nigan ere egon da. Aurrez ez bezala hurbildu naizen honetan, berriz, mundu ederra topatu dut, eta asko ikasi.

Ezohiko gauza bat egin duzu: zati batzuk elkarrizketa moduan eman, zure narrazioan txertatuta. Bizitasuna lortu nahian?

Elkartekoek askatasun totala eman zidaten liburua nahi nuen moduan egituratzeko. Eta asmoa izan da datu bilketa batetik harago jotzea eta irakurtzeko atsegina izango zen testu bat jostea. Jendearekin izandako elkarrizketak material oso bizia dira horretarako, eta beti da polita ikustea, gainera, jendeari gauzak kontatzeko eskatzen diozunean, ze pozik hartzen duen aukera. Araozko jende nagusiaren kasuan, haien haurtzaroaz galdetzea Primiren haurtzaroko mundura jotzeko modu bat izan da. Desagertu den mundu batera.

«Denek esan didate makina bat dantza egiten zela lehen. Lana erruz egiten zen, eta plazan dantzarako elkartzen ziren momentu hori gauza handia zen»

Zure esku balego, zer ekarriko zenuke garai hartatik gaur egunera?

Agian, dantzak zuen lekua. Denek esan didate makina bat dantza egiten zela lehen. Gaztetxotatik, askotan eskolara joan gabe geratzen ziren, itaurrean egin behar zelako edo etxean beste zerbaitetan lagundu; Primi ere astoarekin bakarrik bidaltzen zuten mendira gurasoen tabernarako ardo bila, adibidez. Lana erruz egiten zen, eta plazan dantzarako elkartzen ziren momentu hori gauza handia zen: atseden hartzeko, besteekin elkartzeko, plazer hartzeko momentua zen.

Primi Erostarberen eta familiaren bizitzari errepasoa eman eta gero, zer datorkizu burura?

Nolako umore sena zuen, eta zenbat lan egin zuen aurrera jotzeko. Bizitzaren amaieran ere horrek ematen ei zion pozik handiena. Neskame ibili zen oso gaztetatik, eta hamarkada oso batez aritu zen Martuteneko taberna batean, oso berandu oheratu eta oso goiz esnatzen egunero. Harik eta 28 urterekin ezkondu zen arte, eta, gero, bost seme-alaba hazi, horrek dakarrenarekin. Horri gehitu soldaduen arropak garbitzea Loiolan, trikitilari jarduna… Denek nabarmendu didate haren indarra, haren jarrera alai eta kementsua, baina nago lotuta dagoela tokatu zitzaion bizitzari ere.

70eko hamarkada trikitiaren urrezko aroa izan zen: inoiz ez bezala gizarteratu zen, baina, era berean, lehendik pandero jole zebiltzan emakume asko itzalpean gelditu ziren. Erostarbe ez, ordea.

Bada argazki bat oso adierazgarria: 1972an, Sakabiren eta Egañazpiren omenaldiaren aitzakian, gerraurreko trikitilariak elkartu zituzten Usurbilen, eta Primi da argazkiko emakume heldu bakarra —Mailu Sudupe da bestea, artean gaztetxo zela—. Beltranen arabera, emakume pandero joleak asko izan dira, baina batez ere baserri inguruan jo izan dute. Plazara ateratzen hasi zirenean, senar, neba edo gizonezko baten babesean egin zuten, baina Primik hori puskatu zuen, Mauriziarekin eta Romualda Zuloagarekin batera, behintzat. Primiri dagokionez, senarra jarraitzaile sutsua izan zuten beti, eta baliteke horrek lagundu izana. Edonola ere, denek diote hura inoiz ez zela izan atzean geratzekoa. Tabernako jarrera zuen; eta talentua, umorea, grazia.

(ID_17742579616035) Primi Erostarbe eta Elgeta, 1950eko hamarkadan.
Primi Erostarbe eta Elgeta, 1950eko hamarkadan.

«Beharbada hori da liburuan zintzilik geratu zaizkidan kontuetako bat: zer izan den irrintzia gure tradizioan, eta zer genero irakurketa egin dezakegun horrekin»

Hiru aldiz irabazi zuen Euskal Herriko irrintzi txapelketa, eta behin, 4.000 pezeta (25 euro) eman zizkiotenean sari gisa, askotxo iruditu zitzaizkion. Zerekin konparatzen ote zuen? Zer zen irrintzia testuinguru hartan?

Ez dakit erantzuten. Eta beharbada hori da liburuan zintzilik geratu zaizkidan kontuetako bat: zer izan den irrintzia gure tradizioan, eta zer genero irakurketa egin dezakegun horrekin. Bistan dena da gaur oraindik askorentzat erreferente argia izan dela Primi jai giroko irrintzietan. Hitzak sartzen zituen erdian, eta potentzia izugarria zuen. Behin eztarria begiratu nahi izan zioten aparatu elektronikoren bat ote zuen jakiteko.

Goizaldi dantza taldean ere aritu zen, Argian ere bai, eta hori dela eta, Europako toki askotara iritsi ziren haren panderoa eta irrintziak. Zer zen horrelako emakume batentzat bere kultura munduratzea?

Garai hartan, Goizaldik prestigio handia zuen Donostian, eta Primi hogei urtez aritu zen haiekin. Horrek eta aurrerago [Juan Antonio] Urbeltzek eta Marian Arregik Argiarako harengana jo izanak ere erakusten dute bazela nor. Argiakoak euskal identitatea munduan zabaltzeko kontzientzia osoz ateratzen ziren, baina Urbeltzek dio beharbada Primik ez zuela hainbesteko kontzientziarik. Eta, hala ere, berdin egiten zuela, berezkoa zuen espresatzeko moduarekin.

Badago beste kontraste interesgarri bat Primiren kasuan. Gipuzkoako trikiti mundua Urolan zentratzen zen orduan, landa eremuan, baina bera Donostian zegoen, hiriguneko modernitate erdaldunarekin igurtzian. Amaran La vasca esaten zioten, eta, jotzeko deitzen ziotenean, baserritar jantzita agertzeko eskatu, adibidez. Aritz Garmendia trikiti elkarteko kidearentzat, euskaltasuna seinalatzeko eta modernitatetik apartatzeko keinu bat zen hori. «Zu ez zara modernoa, zu baserritarra zara, zu la vasca zara» esateko modu bat.

«Amaran La vasca deitzen zioten Primi Erostarberi, eta, jotzeko deitzen ziotenean, baserritar jantzita agertzeko eskatu»

Mauriziarentzat, baserritar jantzia jarrera kontu bat zen; aldarrikatu egiten zuen.

Badirudi Primi ere harro agertu izan zela, baina interesgarria da pentsatzea nondik zetorren hori. Badago Donostiako klub frankista bateko argazki bat, adibidez, non denak ageri diren oso elegante jantzita eta parean [Balentin Aldalur] Zialtzeta eta Primi baserritarrez, haientzat jotzen. Kontrastea handia da. Dena den, bada ikertzen segitzeko kontu bat. Liburuaren amaieran horregatik ere esaten dut edozein bizitzaren kontakizuna berregitea lan kolektiboa dela nahitaez.

Baina zuk nola nahiko zenuke gogoratzea emakume horren ekarria?

Gogora etortzen zaidana da mekanismo ahulak ditugula aurretik egon diren pertsonak eta mugimenduak ezagutzeko. Horretarako bide gehiago izan nahiko nituzke. Ez idealizatzeko, baizik eta haien jarduna testuinguruan jartzeko eta modu osatuago batean aztertu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA