Itzal bila aurrena, euripean dantzan gero

Sara Zozaiak eman dio hasiera Bilboko BBK Live jaialdiari. Lehen egunari amaiera emateaz izen handi bat arduratu da: Calvin Harris. Alcala Norte taldekoek kontzertu bat eman dute ezustean.

Calvin Harrisen emanaldiak jendetza bildu zuen Kobetamendin. LUIS TEJIDO / EFE
Calvin Harrisen emanaldiak jendetza bildu zuen Kobetamendin. LUIS TEJIDO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko uztailaren 10a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beroak egin die ongietorria Bilboko BBK Live musika jaialdira heldu diren lehen bisitariei. Osteguneko 17:00etatik aurrera hasi da jendea Kobetamendira bertaratzen, DJen musika elektronikoa guneak girotzen hasi baita ordu horretan; baina sargoria ez da musikarekin batera eten, eta autobusetik jaialdiaren eremura egin beharreko bidean ohikoak izan dira «hau beroa!» eta gisako kexuak. Eta 30 gradu horien azpian estreinatu du aurtengo San Miguel oholtza Sara Zozaiak.

Hasieran jende gutxi bildu da gunean, baina kontzertuak aurrera egin ahala Kobetamendin zeuden beste dozenaka lagun batu dira musikari gipuzkoarraren emanaldira. Donostiarraren musika lasai, folk eta elektronikoak ehun lagun inguru bildu ditu, eta ordu erdiz haren azken lanak eraman ditu oholtza gainera.

Horrela, attä bere azken EPko abestiak eta aurretik ondutako beste hainbat doinu joz osatu du bere kontzertua Zozaiak. Sintetizadoreekin, loop-ekin, teklatuarekin, ahotsarekin eta gitarrarekin jolasean ibili da momentu oro musikaria. Are gehiago, kontzertu amaieran teklatua eta gitarra aldi berean jo ditu, eta bere dohain artistikoak plazaratu. «Iritsiko da astelehena, iritsiko da astelehena, lehor hitz egingo didazu. Lehor». Blu abestiaren azken hitz horiekin eman dio amaiera Zozaiak kontzertuari.

Sara Zozaiaren kontzertua, atzo, BBK Live jaialdian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sara Zozaiaren kontzertua, atzo, BBK Live jaialdian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jaialdiaren aurreneko orduetan jende gutxi egotea ez da beroaren ondorio; edo ez behintzat Albertoren eta Borjaren ustez. Bilbokoak dira biak, eta ateak zabaldu ordurako daude Kobetamendin. «Aurreneko orduetan jende gutxi egoten da, baina hori da momenturik onena», adierazi du Albertok. Azpimarratu duenez, lehen kontzertuetan musikari «ez hain ezagunak» egoten dira, eta, jende gutxi dagoenez, «artista berriak ezagutzeko eta haien musikaz gozatzeko aukera paregabea izaten da».

Beroak, ostera, etenaldia egin du Kobetamendin, eta jaialdiko kontzertuak entzun nahi zituzten horiek itzal bila aritzeari utzi ahal izan diote. Eta, orduek aurrera egin eta freskotasunak beroari lekua irabazi ahala, jendea gerturatuz joan da. Askok onartu dute plan jakin batekin etorri direla; hori esan du Leirek ere. Santurtzitik etorritako gazte bat da, eta Paris Paloma du begiz joa. Eta ez da bakarra, beste hainbatek esan dute hori dutela eguneko artistarik gogokoena.

«Erokeriekin pozik»

Paris Palomak 21:45ean jo du, San Miguel gunean. Eta izan hala pentsatua zutelako, izan zoriak garagardo markaren oholtzara gerturatu dituelako, jende andana bildu du Palomak. Haren aurretik, ordea, sorpresarako tarterik ere egon da. Inork espero gabe, kontzertua antolatu du jaialdiak 21:00etan BBK Live logoaren azpian eraikitako behin-behineko eszenatoki batean.

Alcala Norte Madrilgo taldea agertu da eszenatoki hartan, eta, segundo gutxiko ezjakintasun kolektibo baten ostean, oholtza nagusitik gertu zeudenak lehen lerroa okupatzen saiatu dira. Jaialdietan, oholtzak handiak dira, eta artistek askotariko elementuak baliatzen dituzte tokia betetzeko. Ezusteko kontzertuan, ordea, minimalismora jo dute: taldeko kideak eta musika tresnak, besterik ez. La vida cañón abestiarekin hasi dira, eta hasieratik kexa batzuk entzun dira publikoaren artean: «Zer zentzu du honek?» eta «ezin da ezer ikusi!», besteak beste.

Horrelakoak jaialdiko beste bi egunetan berriz gertatuko ote diren galdetzen zutenak ere bazeuden. Sekretu horrek, oraingoz, sekretu izaten jarraituko du. Baina bestelako sorpresak ere egongo direla jakin da. Adibidez, bihar Arde Bogota taldeak joko du, 18:00etan. Bigger Splash ezizenarekin aurkeztu dituzte programan.

Hodeiek Kobetamendi hartu, eta bero faltaren sendabide izan da Alcala Norteren kontzertua. Hala esan du Alvaro Rivas abeslariak: «Begira zer bero zaudeten hor guztiak, elkarren alboan». Elkarri transmititutako beroagatik eta gitarra elektriko orok eragiten duen berotasun horrengatik, hozten hasia zena tenperatura egokira itzuli da berriro. Eta publikoan zegoen murmurioarekin bat egin du, baina ilusioz: «Erokeria honetara gonbidatu gaituzte, eta gu pozik!».

Artista nagusiak

Baina lehen eguneko artista nabarmenen zerrendan bazeuden bi izen: David Byrne eta Calvin Harris. Biak ordu txikietarako gordeak zituzten antolatzaileek: 00:10ean eta 01:30ean ziren kontzertuak, hurrenez hurren. Byrnek, 74 urte izan arren, gazte-gazte dagoela erakutsi du, eta energiaz goraino aritu da oholtza gainean, funk doinuekin jolasean. Talking Heads taldeko sortzaile izandakoak San Miguel gunean egindako ikuskizunean gonbidatu berezi bat izan da: eguraldia, argi ikuskizunarekin lagundu baitu. Izan ere, Byrneren kontzertua hasi eta minutu gutxira euria hasi du, eta euripean dantzan ibili dira ehunka lagun.

Eguraldia ez da umore txarrez egoteko arrazoi bat izan. Argi utzi nahi izan du hori Byrnek. Everybody Laughs abestiarekin hasi du kontzertua, eta horren ostean Bilboren inguruko zenbait txiste egitera ausartu da. «Hementxe duzue bizkaitarren bizikleta», esan du Bizkaia zubiaren irudi bat erakutsi duenean. Musikariaren txisteek barreak eragin dituzte bertaratutakoen artean, eta publikoak pozaren pozez hartu du kontzertua.

David Byrnen kontzertua, atzo, BBK Live jaialdian. LUIS TEJIDO / EFE
David Byrnen kontzertua, atzo, BBK Live jaialdian. LUIS TEJIDO / EFE

Calvin Harrisek, bestalde, bere musika elektronikoarekin eman dio amaiera jaialdiko lehen egunari. 01:40 heldu eta minutu gutxira hasi da emanaldia, Sweet Nothing abestiarekin. Agertoki nagusiko publikoak gustura hartu du lehen pieza hori, eta geroko kantu arrakastatsuak ere indarrez abestu ditu, baita modu energikoan dantzatu ere. 

Adoratsuenek, hala ere, ez diote adiorik esan aurreneko egunari DJaren azken abestiarekin. Izan ere, Basoa gunean ziren azken dantza egitekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA