Antzerkia

'Izeba Txirrita': «Alzheimer kolektiboaren» kontrako antzezlana

Zelako Kultur Ideiak konpainiak haurrentzako antzezlan bat estreinatuko du gaur Astigarragan. Herrian bizi izandako hainbat pertsona ezaguni tiraka, 1936ko gerran kokatu dute obra, «jendeak nondik datorren ahaztu ez dezan».

Gojenola, Hernando eta Royuela, antzezlaneko irudi batean. JON URBE / FOKU
Gojenola, Hernando eta Royuela, antzezlaneko irudi batean. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Astigarraga
2026ko urtarrilaren 16a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendea pixkanaka ari da sartzen Astigarragako (Gipuzkoa) Erribera kulturgunera. Behin barruan, hallean bildu dira, talde txikiak osatuz. Elkarrekin hizketan ari dira, harik eta Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak-eko kideak hitza hartu duen arte: «Bost minutu barru prest egongo da dena, ados?». Pasatu dira bost minutuak, eta bueltan da Paya, hiru lepoko eskuan dituela. «Zuetakoren bat animatzen da lepoko hau jartzera? Lasai, ez duzue ezer berezirik egin beharko». Jendeak hasieran errezeloz begiratu dio, baina azkenean animatu dira hiru lagun. Lepoko bitxiak dira: makila lodi bat, soka bati lotuta. Boluntarioek lepokoa jantzi, eta taldea aretora sartu da.

Oraindik ez dakite zer den lepotik zintzilik dutena, minutu batzuen buruan izango dute horren berri. Anti-a da, eta frankismo garaian eskolara joaten ziren haurrei jartzen zieten, irakasleak euskaraz hitz egiten entzuten bazituen. Eskolak amaitzean, anti-a zuen haurra zigortu egiten zuten.

Hain zuzen, 1936ko gerra eta frankismo garaia ditu hizpide Izeba Txirrita haurrentzako antzezlanak. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoari esker sortutako zortzi antzezlanetako bat da. Gaur estreinatuko dute Astigarragan, 19:00etan. Aste osoa darama taldeak udalerrian, lanari azken ukituak ematen, eta asteazkenean hainbat BERRIAlagunek aukera izan zuten entsegu irekira joateko.

Kutxetan jasotako istorioak

Kutxaz beteta dago eszenatokia. Bata bestearen gainean pilatuta daude, eta haietako batzuetan zerbait dago idatzita: Traste zaharrak, sukaldea, Tolosako liburuak... Izeba Txirrita (Miren Gojenola) da antzezlaneko protagonistetako bat; alzheimerra du, eta zahar etxe batera joan behar du. Hori dela eta, mudantza egin behar du; horregatik daude hainbeste kutxa oholtzan. Laia (Irene Hernando) eta Aitzol (Gontzal Royuela) ilobek lagunduko diote izebari mudantza egiten. Kutxak alde batetik bestera eramateaz gain, kutxa horietako oroitzapenen bitartez izebaren bizitzaren berri izango dute protagonistek.

Payak azaldu duenez —proiektuko zuzendari laguntzailea izan da—, hasieratik argi zuten «alzheimer kolektiboaren» gaia landu nahi zutela. Ikastetxeetan haurrekin tailerrak egiten aritzen da, eta bertan jabetu zen haurrek erreferenteak falta dituztela hainbat gairen inguruan. «Garai egokia iruditu zaigu azpimarratzeko ez dela ahaztu behar nondik gatozen, eta badugula iragan bat. Herriaren ardura da hori gogoan izatea».

(ID_15678575) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-01-14, Astigarraga. Izeba Txirrita antzezlanaren pasea Berrialagunentzat
Miren Gojenola aktorea, izeba Txirritaren rolean. JON URBE / FOKU

Geuretik Sortuak-eko sormen egonaldia Astigarragan egitea egokitu zitzaion taldeari, eta herritarrei zein udaleko langile batzuei esker izan zuten Kontxa Etxeberriaren berri. Hark umezurztegi bat eraiki zuen 1930ean, eta 1936ko gerran hainbat haurren etxe izan zen. Hain zuzen, izeba Txirritaren pertsonaia Etxeberriarengan inspiratuta sortu dute. Izebak umezurztegian izan zituen bizipenak kontatuko dizkie Laiari eta Aitzoli, horietako batzuk herrian benetan gertatutakoak.

Bizipenetako bat da Joxepa Zubilaga herritarrarena; frankistek hil zuten, inongo arrazoirik gabe. Xabi Paya proiektuko gidoilariak Agin Laburu bertsolariaren bidez izan zuen haren berri. Haren inguruko bertso batzuk sortu zituen Laburuk, eta antzezlanerako bertso horiek moldatu eta musikatu dituzte. «Antzezlanari esker, herritarrek aukera izango dute ezagutzen ez duten horri buruz jakiteko», azaldu du Itxaso Payak.

Taldearen garrantzia

Sormen egonaldian 21 egun egin zituen taldeak herriko Santiagomendi aterpetxean. Aurretik ere lanean aritu ziren aktoreak eta Olatz Gorrotxategi zuzendaria, baina egonaldiak proiektuan buru-belarri lan egiteko aukera eman zien. «Uste dut, zehazki, proiektu honen alderik garrantzitsuena taldea bera dela. Oso giro ona egon da sormenean, muntaketan, entseguetan...», kontatu du Royuelak, eta hari entzun orduko baiezkoa egin dute buruarekin Gojenolak eta Hernandok.

(ID_15678636) (Jon Urbe/@FOKU) 2026-01-14, Astigarraga. Izeba Txirrita antzezlanaren pasea Berrialagunentzat
Irene Hernando eta Gontzal Royuela, asteazkeneko entsegu irekian. JON URBE / FOKU

Bestalde, antzezlanaren gaia haurren hizkuntzara ekartzeko bai zuzendariak bai gidoilariak egin duten lana azpimarratu du Gojenolak. Izan ere, dena izan behar da kontuan: «Pentsatu behar da zer objektu erabili, zer argiztapen, zer jolas, zer mugimendu...». 

Gaur izango da Izeba Txirrita-ren estreinaldia, baina Geuretik Sortuak bekari esker, jada makina bat emanaldi dituzte lotuta. Paya: «Euskal Herrian punta batetik bestera ibiliko gara. Bekaren alde onetako bat da hori, sortzen laguntzeaz gain, banaketan ere laguntzen dizula».

emanaldiak

  • Gaur. Astigarraga (Gipuzkoa).
  • Bihar. Larrabetzu (Bizkaia). 
  • Urtarrilak 23. Elorrio (Bizkaia).
  • Urtarrilak 24. Bera (Nafarroa).
  • Urtarrilak 30. Legorreta (Gipuzkoa).
  • Martxoak 1. Munitibar (Bizkaia).
  • Martxoak 6. Mutriku (Gipuzkoa).
  • Apirilak 4. Baigorri (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.