Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatu dute «gardentasun osoz» jokatzen dutela artistentzako laguntzak banatzean

Ez daude ados atzo 126 artistak plazaratutako salaketarekin. Datuak ere eman ditu Jaurlaritzak, eta «artista batzuen inkoherentzia» salatu du aldundiak.

Pello Reparaz musikaria eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, 'Mitoaroa III' emanaldiaren aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Reparaz musikaria eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, 'Mitoaroa III' emanaldiaren aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko ekainaren 18a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira bat edo bi izan; 126 artistak eskatu dute zera: musikarientzako diru laguntzak «gardentasunez, irizpide publikoekin eta kultura sare osorako mekanismo irisgarriekin» eman daitezela. Denok Gara Kultura izenean sinatu dute adierazpena, eta tartean daude, besteak beste, Fermin Muguruza, Anari Alberdi eta Izaro musikariak. Ez zaie ausaz sortu ezinegona: Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro eman dizkio ETS taldeari Madrilgo eta Bartzelonako kontzertuengatik, eta Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro Zetak taldeari, asteburu honetan San Mamesen egingo dituzten bi kontzertuak babesteko. Salaketa hori plazaratu eta biharamunean egin dituzte auziari buruzko adierazpenak instituzioek. Kritika «ulertzen» dutela nabarmendu dute bai Eusko Jaurlaritzak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere, baina ez daude ados. 

«Talde bati diru laguntza bat emateak ez du esan nahi beste talde guztiek edo euskal musika taldeek ez dutela bermatua euren egitekoetarako diru laguntza». Testuingurua azaldu nahi izan du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburuak, eta, hasteko, hiru diru laguntza mota bereizi ditu: «Deialdi bidezko diru laguntzak daude; bai diru laguntza izendunak ere, baita diru laguntza zuzenak ere». Hala, lehenengo diru laguntza motari dagokionez, azaldu du musikagintzarako deialdietan milioi bat euro banatzen dituztela, eta beste deialdi «orokorrago» batzuetan ere musikarako 500.000 euro jartzen dituztela. 

«Talde bati diru laguntza bat emateak ez du esan nahi beste talde guztiek edo euskal musika taldeek ez dutela bermatua euren egitekoetarako diru laguntza»

IBONE BENGOETXEA  Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua

Bengoetxearen esanetan, diru laguntza izendunetarako bi milioi inguru jartzen dituzte: «Ez ditut izen guztiak aipatuko, baina aurrekontuetan gardentasun osoz agertzen dira, izen eta abizen». Hori proiektu egonkor eta luzeei ematen dieten diru laguntza bat da, eta gogorarazi du Etxepare Institutuak beste bi laguntza ere ematen dituela: «Alde batetik, kanpora joateko diru laguntzak, eta, bestetik, euskal merkatuarentzakoak; bi laguntzen artean 350.000 euro osatzen dituzte, eta guztiz modu gardenean ematen dira».

Aipatu dituen hiru laguntza motetatik azkena da En Tol Sarmiento taldeari emandakoa; diru laguntza zuzena da, alegia. Laguntza horiek «izaera estrategikoa» izan dezaketela azaldu du Bengoetxeak, eta, bestela, «ezohiko proiektuei» ematen zaizkiela. Hori horrela, ziurtatu du, artistek salatu dutenaren kontrara, diru laguntza guztiak «gardentasun osoz» banatzen direla: «Nik kritika eta jarrera guztiak errespetatzen ditut, eta noski, onartzen ditut. Hori da nire eginkizuna, baita kritikak entzutea, onartzea eta jasotzea ere. Beraz, errespetatzen ditut, baina datuak eman dizkizuet».

126 lagun, hamaika laguntza

«Azken urteotan, askotariko kultur proiektuei eman dizkiegu diru laguntza zuzenak, eta diru laguntza horiei esker esan dezakegu, gaur egun, kulturari dagokionez, Bizkaia dela lurralde bizienetako bat, eta aukerak sortzen dituela bai artistentzat, bai publiko orokorrarentzat». Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak esan du ez dutela ulertzen zenbait artistek Denok Gara Kultura izenean idatzitako adierazpena sinatu izana, hain zuzen ere, artista asko diru laguntza horietaz baliatu direlako, haren esanetan. «Ulerkorrak izan gaitezke, baina esandakoek inkoherentzia puntu bat dute, eta ez gaude haiekin ados; izan ere, agiria sinatutako artista batzuek parte hartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntza zuzenen bidez bultzatutako egitasmo batzuetan». 

«Ulerkorrak izan gaitezke, baina esandakoek inkoherentzia puntu bat dute, eta ez gaude haiekin ados; izan ere, agiria sinatutako artista batzuek parte hartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntza zuzenen bidez bultzatutako egitasmo batzuetan»

LEIXURI ARRIZABALAGA Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea

Asteburuan 80.000 lagun batuko dira Zetak taldearen Mitoaroa III emanaldian, eta, hain zuzen, arreta horretan jartzeko aldarria egin du Arrizabalagak: «Guk arreta beste zerbaitetan jarri nahi dugu, eta balioa aitortu Bizkaian publiko orokorrarentzat eskaintzen ari garen kultur proiektuei. Publikoak erantzun itzela ematen du, arrakastatsuak dira, eta, gainera, bien bitartean bertako talentua bultzatzen, aukerak sortzen eta euskara sustatzen ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE