Nafarroako musikagintzan eta kontzertu zirkuituen antolaketan azken hamarkadetan nabarmendu den erreferentziazko figura bat zendu da, 68 urterekin: Jokin Zamarbide (Iruñea, 1958-2026). 1980ko hamarkadan hasi zuen ibilbidea, hainbat zigiluren bitartez. Iñaki Aritzarekin batera —eta, ondotik, Marino Goñirekin eta Txabi Onecarekin— Soñua diskoetxea sortzeagatik egin zen ezagun orduan, batik bat, eta Euskal Herriko musika talde ezagun askoren diskoak ekoizteagatik ere oroituko dute askok: Hertzainak, Barricada, La Polla Records eta Kortatu taldeen albumetan utzi zuen bere arrastoa, besteak beste.
Soñua diskoetxea desegin ondoan, Nola izeneko diskoetxearen bitartez jarraitu zuen ekoizpenaren alorrean Zamarbidek, Onecarekin batera ordukoan ere, eta, haren ondotik, beste enpresa batzuetan aritu zen azken urteotan: hala nola Iruña Ocio y Comunicacion izenekoan eta In&Out Producciones-en. Diskoen ekoizpenean bainoago, kontzertuen antolaketan eta, oro har, musikaren sustapenean jardun zen horietan, eta, garaian-garaian, nazioarteko artista ugari ekarri zituen Iruñera. Bereziki gogoangarriak dira, esaterako, Elton Johnek 1995ean Sadar estadioan egindako emanaldia, bai eta Bon Joviren, Julio Iglesiasen, Scorpionsen, Iron Maidenen, Shakiraren eta Bob Dylanen kontzertuak ere.
2018an, hark ekoizle gisara eta musika sustatzaile bezala eginiko ibilbideari aitortza egin zioten sorterrian, eta Ikuskizunetako Ordezkari Teknikoen Elkartearen saria eman.