Uztailaren lehenean bete da urtea Joxe Azurmendi idazle eta pentsalari emankorra hil zenetik, eta, urteurrenarekin bat etorrita, haren jaioterrian omendu dute gaur, Zegaman (Gipuzkoan). EHUko Joxe Azurmendi Katedrak, Jakinek eta Zegamako Udalak antolatu dute omenaldia, eta bi urratsetan egin dute. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak hartu du hitza hasteko; eta Azurmendiren ekarpenaz aritu dira ondotik Alaitz Aizpuru, Iratxe Retolaza eta Mikel Urdangarin, Haritz Azurmendik gidatutako mahai inguruan. Horren ostean, udaletxe alboko plazan elkartu dira hurbildutakoak, eta herriko abesbatza, dantzari eta bertsolariekin batera hartu dute Azurmendi gogoan.
Udazkenean, halaber, beste topaketa batek ekarriko ditu lehen lerrora Azurmendi eta haren lana. Hura ardatz hartuta, Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren aldia egingo dute —abenduaren 16tik 18ra izango da, Donostiako San Telmo museoan—. 2019an egin zuten estreinakoa, eta haren segida izango da aurtengoa, begirada egungo erronketan jarrita.
Kongresurako proposamenak bidaltzeko epea zabalik da; pentsamenduan zein kulturgintzan dabilen orok aurkez ditzake, uztailaren 15era bitartean.