Pentsamendua

Joxe Azurmendiren amaitu gabeko testu batzuk landuta, 'Gure klasizismo txikia' kaleratu du Jakinek

XX. mende hasieran jesuiten euskal eskolako kide batzuek klasizismoaren inguruan zituzten ideiak azaltzen dira liburuan. Azurmendik 80ko eta 90eko hamarkadetan idatzitako testuak dira; iaz utzi zituen Jakinen esku.

Haritz Azurmendi, gaur, Donostian, aurkezpenaren aurretik. GORKA RUBIO / FOKU
Haritz Azurmendi gaur Donostian, aurkezpenaren aurretik. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko ekainaren 4a
16:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko uztailean hil zen Joxe Azurmendi pentsalaria (Zegama, Gipuzkoa, 1941-Donostia, 2025), baina, aurretik, egiteko bat utzi zien Jakineko kideei. Zehazki, iazko udaberrian, testu batzuk eman zizkien, horiek elkartuz liburu bat osa zitekeelakoan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan idatzitako testuak ziren, eta, Jakinekoek pentsalariarekin batera lantzeko asmoa zuten arren, ez zen posible izan. Haren heriotzaren ondoren, Haritz Azurmendi filosofo eta Jakineko kideak hartu zuen testu horiek editatzeko ardura, beste lankide batzuekin batera —Xabier Eizagirrerekin eta Xabier Landabidearekin, zehazki— eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuarekin batera. Hala ondu dute Gure klasizismo txikia liburua. Jakin irakurgaiak saileko 54. zenbakia da.

Klasizismoa du ardatz liburuak. Hain zuzen, XX. mendearen hasieran jesuiten eskolan aritu ziren hainbat euskaltzaleren asmoak eta lanketak jasotzen dira lanean, Xabier Eizagirre Jakineko kideak azaldu duenez. Jokin Zaitegi, Nikolas Ormaetxea Orixe eta Andima Ibinagabeitia dira horietako batzuk. «Klasizismoa zer den eta historian zehar zer izan den azaltzen da, baita Europako historia kulturalean ere», gaineratu du.

Joxe Azurmendiren aspaldiko testuak dira Gure klasizismo txikia-n jasotakoak, baina horietako batzuk amaitu gabe zirela iritsi ziren Jakineko kideen eskuetara. Batez ere, amaitu gabeko pasarteekin izan dute lan gehien, liburuaren editoreak kontatu duenez: «Tentu handiz jokatu nahi izan dugu, esan nahi zuen horri eutsi nahi izan diogulako». Hala, «kritiko xamarrak» ziren esaldietan egin dute edizio lana gehienbat, horiek argiago uzteko asmoz. Bestalde, irakurleei begira, hasierako testuen ordena ere aldatu dute. «Joxek utzitakoa bukatuko genuela zen tratua, eta bete dugu, liburua atera delako».

Konparazioak

Liburuan, Joxe Azurmendiren idazkeran ohikoak diren konparazioak ageri dira, batez ere bi arlori dagokienean: batetik, belaunaldi desberdinetako pentsalarien artekoak; eta, bestetik, Euskal Herriko errealitatearen eta Europako beste herrialde batzuen artekoak —atal oso bat eskaintzen dio horri—. Haritz Azurmendiren ustez, eskertzekoa da hori, testua janzten baitu.

Hiru atalez osatuta dago Gure klasizismo txikia. Lehenak Euskal klasizismoa belaunaldi artean du izenburu; liburuaren ardatza da kapitulu hori, editorearen esanetan. Belaunaldiz belaunaldi klasizismoaren ideia nola aldatu eta landu izan den azaltzen da bertan; hasi 36ko gerratik, haren ondorengo garaitik pasatu, eta 80ko hamarkada pasatxoraino. Gaiaren inguruan belaunaldi gazteenek zaharrenei emandako kontraargudioak ere aipatzen dira, besteak beste. «Polita da ikustea nola [Joxe] Azurmendik balioa ematen dion 36ko gerra aurreko mugimenduari; aitortza moduko bat da».

«Ataletako batean erakusten da hizkuntza gaitzeko gure artean izandako eztabaidak ez direla bakarrik hemengoak izan»

HARITZ AZURMENDIJakineko kidea eta liburuaren editorea

Euskal Herriko testuingurua alde batera utzi, eta klasizismoa Europan nola garatu zen azaltzen da bigarren atalean. Historiako hainbat garaitan —Erdi Aroan, Errenazimentuan, Aro Modernoan...— eta hainbat herrialdetan —Italia, Frantzia...— jartzen du begirada. Haritz Azurmendi: «Atal honetan erakusten da hizkuntza gaitzeko gure artean izandako eztabaidak ez direla bakarrik hemengoak izan». Izan ere, XX. mendearen hasieran Europako beste hainbat lekutan ere izan ziren eztabaida horiek. Liburuaren editorearen ustez, «eskola magistral bat» da atal hori. Bestalde, azken atalak, Gure klasizismoaren igaliak izenburukoak, zenbait egileren iruzkin multzo bat biltzen du. Euskal eskola klasizistako kide izan zirenen zenbait proiektu azaltzen dira, hain zuzen.

Haritz Azurmendiren ustetan, liburua osatzen duten ataletako bakoitza independenteki irakur daiteke, baina hirurak irakurtzeak panorama orokorra ezagutzeko aukera emango dio irakurleari. Lana «oso Joxe Azurmendiren estilokoa» dela ere aipatu du, bi arrazoirengatik. Bat: atal bakoitza kapitulu motzez osatuta dagoelako, eta bakoitzak ideia bati erreferentzia egiten diolako. Eta bi: estilo ironikoa nabaritzen delako liburu osoan. «Irakurketa arintzeko baliagarria da, eta, gainera, ez dio testuari kalterik egiten».

Gaurkotzea

Testuak amaitzeaz eta ordenatzeaz gain, horiek gaurkotzeaz ere arduratu dira Jakineko kideak. Joxe Azurmendik testu klasiko batzuei egindako aipamenak dira gaurkotu dituzten elementuetako batzuk. Esaterako, Jokin Zaitegik 1975ean euskaratutako Platonen Oturuntza aipatu zuen Azurmendik jatorrizko bertsioan, eta Jesus Mari Arrojeriak euskaratutako bertsio berriago bat —Sinposioa (2003)— dagoela ohartarazi dute Jakineko kideek liburuan. Gainera, liburuan ageri diren testuetako asko gaur egun Interneten aurkitu daitezke, eta horien aipamenak ere gehitu dituzte, irakurleen mesederako: «Gaur egun euskarazko gauza asko daude Interneten, eta askotan ez dugu horien berririk ere».

Haritz Azurmendik kontatu duenez, etorkizunera begira funtzionatzen duen liburu bat da Gure klasizismo txikia. Joxe Azurmendik aipatutako egileek etorriko zenaren inguruan zituzten nahiak eta galderak topatuko ditu irakurleak, eta horiei gaur egungo ikuspegia eman ahal izango die: «Gaur egungo egoeratik arretaz begiratzeko liburua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE