«Okerreko mendeurrena gogoratzen ari gara». 2024an Franz Kafka idazlearen heriotzaren urteurrena omendu ordez benetan haren jaiotza omendu beharko litzatekeela esplikatzen du Maia Hruska saiakeragileak Dix versions de Kafka (Kafkaren hamar bertsio) liburuaren sarreran. «Gertakari erabakigarria ez zen izan Kafkaren heriotza, zeina ia erabateko axolagabetasunean gertatu baitzen duela justu mende bete, baizik eta, haren desagerpenaren biharamunean, hamar idazlek hura itzultzeko betebeharra sentitu zutela. Kafkaren lanek orduan abiatu zuten sorburu izan zuten hizkuntzatik eta gelatik urrunduko zituen hegaldia. 2024an ez da heriotza bat gogoratzen, jaiotza bat baizik». Eta, hain zuzen ere, haren lana itzuli zuten hamar idazle aitzindari horien bidez kontatzen du Hruskak bigarren jaiotza hori. Besteak beste, Jorge Luis Borges, Alexandre Vialatte, Paul Celan, Primo Levi, Milena Jesenska eta Bruno Schulz izan ziren Kafkaren lehen itzultzaile horietako batzuk, eta saiakeragileak Kafkaren bizitzaren eta obraren ispiluan irakurtzen ditu haienak ere. Baina, hori egin bitartean, XX. mendeko zauririk mingarrienak ere bistaratzen ditu egileak.
«Kafkaren izena ahoskatuz gero, inork ez du jakingo nori buruz ari naizen. Eta, gainera, austriarra dela gehituz gero, judua eta txekiarra, mesfidantzaz begiratuko didate, baina, horrez gain, mende honetako idazlerik handiena ere badela gehitzen badut, kaltegabeko zorotzat hartuko naute». Gaur egun ikono literario erraldoi bat den arren, Alexandre Vialatte idazle eta itzultzailearentzat ia biografiarik gabeko idazle bat baino ez zen Kafka, 1930eko hamarkadan haren lanak frantsesera itzultzeko erronka hartu zuenean, eta, hain zuzen ere, une horren erretratua eskaintzen du 1931n Andre Gideri idatzi zion eskutitzaren pasarte horrek.
Eta gisa horretako beste hamaika harribitxi topatuko ditu irakurleak Hruskaren liburuan. Baina ez da literaturari buruzko ikerketa akademiko hutsa, eta, horregatik, historiaren alderik mingarrienetako batzuen errepasoa ere eskaintzen du saiakeragileak, itzultzaileen eta idazlearen biografien bidez. Besteak beste, Hruskak liburuan bertan nabarmentzen duenez, ikertutako hamar itzultzaileetako zazpik ezagutu baitzuten Shoah, adibidez. Eta bada gehiago ere, idazleak gogoratzen duenez Alemania nazian debekatuta egon baitziren Kafkaren lanak, eta Sobietar Batasunean ere hainbat hamarkadaz klandestinoki bakarrik zabaldu baitziren Kafkaren lanak, harik eta, 1964an, besteak beste Jean Paul Sartreren insistentziaren eraginez, azkenik haren lan batzuk argitaratzeko baimena eman zuten arte.
Hizkuntzen artean eman du bizialdia Hruskak berak ere, eta akaso horregatik zaio hain erakargarri itzulpengintzaren alorra. Alemanian hazi zen, baina erdi frantziarra eta erdi txekiarra du sendia, eta Londresen legelari aritzen da, baina frantsesez eman zuen argitara Kafkari buruzko saiakera. Duela bi urte izan zen hori. Haren lehen literatura lana da, eta sari sorta bat jaso du hari esker.
Liburuak datuz datu, biografiaz biografia, harribitxiz harribitxi darama irakurlea, eta Kafkaren lanen itzulpenen historiarekin batera kontatzen ditu garaian garaiko tentsio linguistikoak, judutasunari buruzko debateak, gerraren nondik norakoak, hilketak, eta mila klasetako horroreak. Baina, horiez guztiez gainera, itzulpengintzari, hizkuntzari eta botere harremanei buruzko gogoeta mamitsuak ere tartekatzen ditu liburuak, egilearen ikuspegia ere argi agertuz, gainera.
Literaturaren balio geopolitikoaz mintzo da, esaterako, Bruno Schulz idazle, irudigile eta itzultzaile juduari eskainitako pasartean; Kafkaren lanak polonierara itzuli zituen Schulzek, zeina, militar nazi batentzat ia esklabo lanetan aritu ostean, tiroz hil zuten. «Israel, Polonia, Ukraina: Schulz eta Kafka aldarrikatzeko lehian ziren nazioek ahal zuten guztia egin zuten egile horien halo sinbolikoa eurenganatzeko, baita errebotez bazen ere, baina beste motibo bat ere bazuten horretarako: ez ziren herri arruntak. Lerro hauek idatzi bitartean, hirurek egin behar diete aurre euren existentziaren aurkako mehatxuei. Kunderak 'nazio txiki' izendatu zituenak dira. Txikiak, ez tamainagatik, baizik eta historiak behin eta berriz gogorarazten dielako bizilagunek 'noiznahi jar dezaketela zalantzan' haien existentzia. Herri txiki orok daki bere mugak zehazten dituzten tratuak konfetia egiteko erabiltzen den paper berarekin eginda daudela. Herri txiki orok daki ezin duela bere existentzia bere azaleran eta lurreko mugetan oinarritu. B plan bat behar dute, edo, hobeki esanda, bizi aseguru bat. Eta artea da aseguru hori, eta, batez ere, literatura, lurraldearen ordezko posible moduko bat bilaka baitaiteke. Literaturak hizkuntzaren bidez legitimatzen du geopolitikaren joan-etorriek bermatu ezin dutena».
Euskal Kafka
Euskal Herrian Jon Mirande izan zen Kafkaren lehen itzultzailea, eta interesgarria da Kafkaren ispiluan hari erreparatzea ere. 1954an eman zuen argitara Legearen aitzinean ipuin laburra, eta Guatemalan argitaratzen zen Eusko gogoa aldizkarian plazaratu zuen. Bilgune garrantzitsua izan zen hura 1936ko gerraren osteko euskal literaturgintzan, eta bertan heldu ziren euskarara, besteak beste, William Shakespeare, Zizeron, Virgilio, bai eta Kafka ere.
Mikel Soto idazle eta ikerlariak ere Miranderi eskainitako Mirande. Herriminez, ezin-minez liburuan zehazten duenez (Elkar), bereziki zabala da Mirandek euskaratutako egileen multzoa. Asko direlako, batetik, eta askotarikoak direlako ere bai, bestetik, eta ikerlariak azaltzen duenez, maiz baliatzen zituen, gainera, bere sorkuntzarako. Eta hori da Kafkaren kasua ere. «Antisemita izanik, Franz Kafka idazle juduaren Legearen aitzinean ipuina euskaratu zuen», nabarmentzen du ikerlariak, «eta Mitxelenari Zazpi gizerhaile ipuina honela deskribatzen zion: 'Ipuin labur bat igorrten dizut, Laphurtarr klassikoz idatzia. Humorezkoa da, eta Franz Kafka’ren idaztankeraren antza eman nai izan diot'».
Sotoren hitzetan, Miranderen literatura ulertzeko modua ere bistaratzen du Kafka itzultzeko egindako hautuak. Izan ere, ikerlariaren ustez, autore aski konplexua da Mirande, eta haren pentsamendua ezin da «bi-hiru epigraferen pean» sinplifikatu. Are gutxiago literaturaren esparruan. «Harentzat literatura esparru benetan aske eta autonomo bat zelako, aldi, estilo, pertsona, hizkuntza, gai eta antzeko mugapenetatik askoz haratago zihoana, haren idatziek eta, ikusi dugunez, itzulpenek ere aski ongi erakusten dutenez».
Miranderen ostean, beste hainbat itzultzaile izan ditu Kafkak gurean. Xabier Kintanak, esaterako, Itxura aldaketa izenburupean kaleratu zuen Kafkaren lanik ezagunena, 1970ean, eta gerora beste bitan eman da euskaraz Metamorfosia, Rufino Iraolaren eskutik 2000. urtean (Hiria) eta Anton Garikanoren eskutik 2016an (Erein). Honako egileok ere gehitu zaizkio haren itzultzaileen zerrendari: Imanol Zurutuza, J.I. Azkona, Joseba Sarrionandia, Mitxel Sarasketa, Naroa Zubillaga eta Anton Garikano. 1545 argitaletxeak, hain justu ere, Kafkaren euskaratutako lehen ipuin hura biltzen duen antologia bat ere emango du argitara aurten, ispilu jokoa ixteko.