Ez dira alferrik joan hogei urte. Ibilbide emaritsua da Broken Brothers Brass Band taldeak azken bi hamarkadetan eginikoa, eta ez hori bakarrik: sasoi betean heldu dira gaurdaino, Xabi Astrain (Antsoain, Nafarroa, 1997) eta Rakel Arbeloa (Oibar, Nafarroa, 1991) perkusionisten iritziz. XX izeneko disko bikoitza kaleratu dute, eta atzera erakutsi dute, besteak beste, metalen indarraren potentzia eta bertako herri musika musika beltzarekin uztartzeko trebetasuna. Bandak irmo aldarrikatzen du hau aldiro: «Benetako jendea dantzatzen da kalean». Baina, udazken betera ailegatuta, aretoetan ere aurkeztuko dute lana. Larunbat honetan Iruñean ariko dira, Laban, Odeirekin batera; urriaren 30ean Bilbon izanen dira, Kalderapekon; azaroaren 7an, Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoan, eta azaroaren 20an, Gasteizko Jimmy Jazzen —biotan, Raimundo el Canasterorekin—.
Dena dela, banda irailaren hondarrean elkartu da BERRIArekin, diskoak argia ikusi baino lehen. Noiz eta, zehazki, Donostiako Zinemaldian aritu eta biharamunean, Fermin Muguruzari bere dokumentalaren estreinaldian lagundu ondoan; second line martxa batekin, kalez kale.
Urteotan guztiotan ehundu duzuen harreman sarearen adibide da Fermin Muguruzarena berarena ere? Zuena ez da bereziki hermetiko eta soilik bere kasara aritzen diren talde horietako bat.
XABI ASTRAIN: Bai. Eta, horri lotuta, niri grazia egiten dit ikusteak Broken ez duela inork ezagutzen kalean, kaleko ia inork ez baitaki nor garen, baina gero izen handiekin batzen gara...
Hala uste duzu? Apenas zaretela ezagunak?
ASTRAIN: Kalean behintzat hori iruditzen zait, eta, horregatik, horrek grazia du preseski musikarien artean bagarelako ezagunagoak, edo sumatzen dugulako musikariek estimuan gaituztela; berdin Gorka Urbizuk edo Muguruzak. Izen handiko musikariek behin baino gehiagotan deitu digute ekitaldi handietarako edo kolaborazioetarako, baina, halakoetan ere, gu agertu, eta irudipena dut jendea harritua gelditzen dela, beren buruei galdezka bezala: «Baina hauek nor dira?».
Hori bera ez al da aski paradoxikoa? Preseski kalean izatea ezezagunagoak, non eta kalean ibiltzen zaretenean gehien, eta hura izanik zuen habitat naturala.
RAKEL ARBELOA: Nik hala uste dut. Baina egia da gu ez garela txaranga bat, eta igual hemen txarangek dute fama handiena; azkenean haiek baitira Nafarroaren… ez dakit.
ASTRAIN: Sumatzen da gurea bezalako soinuak ez direla hainbeste aditzen.
Zer sasoitan ailegatu da Broken Brothers Brass Band hogeigarren urteurrenera?
ARBELOA: Fresko gaude; nik horrela sumatzen dut taldea. Azken urteetan jende berria sartu gara, horrek ere bizia ematen dio bandari; bai ideia berriak, eta baita lan egiteko modu berriak ere, eta gauzak diferente egin daitezke horrela.
ASTRAIN: Lehen, pertsona bakar batzuen gain erortzen ziren gauza guztiak, eta orain ja, jende berriarekin, banatu egin dugu dena.
Adibidez?
ASTRAIN: Lehen, konposizioan, [Ion] Celestinoren burutik ateratzen ziren gehienak, eta orain hori bera ere demokratizatu egin da.
ARBELOA: Lehengoan Ametsi [Aznarez] aditu nion honi buruzko azalpen bat, eta nabarmendu zuen azken finean gu kaleko banda bat garela: bolo batean jo dezakegu zerbait, eta une horretan bertan norbaitek erantzun dezake aurreko aldi guztien aldean diferentea den modu batean, eta azkenean forma hori hartzen du kantak.
ASTRAIN: Izan daiteke melodia bat, eta tuba lerro bat, baina, gero, demagun entseguan, batek proposatu dezake aldaketa bat, eta azkenean denon artean egiten dugu.
«Natural ateratzen diren horiek guztiak ere aprobetxatzen ditugu askotan. Eta gorputzak ere horrela eskatzen dizu, musikak egin dezala bere bidea»
RAKEL ARBELOA Broken Brothers Brass Bandeko kidea
ARBELOA: Disko honetan, adibidez, gertatu izan da grabatzeko orduan huts bat izandako zerbait horrela bilduta gelditzea grabazioan. Edo kalean bestela: izan sekulako bestondoa duzulako, edo bereziki deskantsatua zaudenez okurritu zaizulako diferentea den zerbait. Bota, eta baten batek igual erantzunen dizu: «Ostra, ba egin dezagun horrela!». Natural ateratzen diren horiek guztiak ere aprobetxatzen ditugu askotan. Eta gorputzak ere horrela eskatzen dizu, musikak egin dezala bere bidea, eta igual justu hori da politena.
Baina kantu batek zein du lehenbiziko hazia? Hezurdura bat?
ASTRAIN: Normalean, badago melodia bat, edo ezta hori ere. Badago esaldi bat, motibo bat, edo erritmo bat, edo bideo bat. Gainera, Brokenek birziklatu egiten du beti; ez du hutsetik hasten ezer. Atzo egon bazinen kontzertu batean, eta geratu bazaizu hor melodiaren bat edo koderen bat bueltaka, segur aski sartuko duzu; eta halakoak bata bestearen atzean gehituz sortzen ditugu abestiak. New Orleansen berdin egiten dute. Behin, The Big 6 Brass Bandakoek gure abesti bat entzun zuten, eta, zertxobait aldatuta, baina gero Miguelon gure abestiaren melodia jo zuten. Bada, guk haiekin berdin egiten dugu, edo hemengoekin.
ARBELOA: Eta kantak berez ideia jasak dira: ideiak bota, pun, pun, pun, eta puzzlea egin.
ASTRAIN: Collage bat balitz bezala. Eta jenioaren ideia alboratzeko ere balio du horrek, nire ustez.

Zer doinu klase esanen zenukete gailentzen dela album honetan?
ASTRAIN: Pluraltasuna azpimarratuko nuke.
ARBELOA: Geure ohiko doinuez gain, badago rapa, badago bounce-a... Eta, adibidez, Hasiera bat kantua hogei urte hauetako mix bat da.
Nolakoa izan da lana estudioan?
ASTRAIN: Garai batean guztiz aldentzen ginen rockean egiten den horretatik: entseguetan egiten dugun hori bera estudiora eraman nahi izatetik. Gogoan dut Celestino estudiora joaten zela paper zuri batzuekin, haietan izaten zuela nolabait marraztua zer egingo genuen, baina inork ez zekiela kantak nolakoak izango ziren zehazki. Orain, lehenengo aldiz, Zangozan egin dugu grabaketa, Iñigo Cuencaren baratzean, eta ordurako ezagutzen genituen kantak; joak genituen. Halere, helburua inoiz ez da aurreikusitakoa berdin jotzea.
ARBELOA: Nik elkarrizketekin alderatzen ditut beti. Orain egiten ari garen honen modukoa izan daiteke: gai jakin baten inguruan ari gara, baina inprobisatzen, eta nik esaten dut zerbait, eta zuk, segun eta ados zauden edo ez, erantzungo didazu gauza bat, edo beste bat. Gurea ere hori da: galderak eta erantzunak bata bestearen atzetik, eta errepikatuta.
Inoiz izan duzue kantuen egiturei gehiago erreparatzeko eta, akaso, jazzetik urrunxeago eta kantaren forma konbentzionalagoetatik hurbilago aritzeko gogo bat?
ASTRAIN: Celestinok master batean esan zuen moduan, horri dagokionez, esan genezake New Orleanseko bandek azken 50-60 urteetan egin duten bidearen antzeko zerbait egin dugula guk hogei urtean; estilo tradizionalago batetik orain jotzen dugun estilora arte. Hasi, New Orleanseko jazz aski tradizionalago batetik hasi ginen, eta gaur egungo estetika eta estiloekin ere bagabiltza orain, aurrekoa askatu gabe. Gu gaur egungo musika ere hartzen ari baikara, izan melodietan edo izan bestelakoetan, kolaborazioen bidez adibidez.
Agur jaunak kantuaren bertsio batekin zabaldu duzue XX albuma, eta aurrez berdin egin zenuten Txertaketa (2018) eta Katebegia (2022) lanetan ere, beste bi bertsiorekin. Hori bera izan daiteke kantuen etengabeko eboluzioan sinetsi eta are hori lortu nahi duzuen erakusle?
ARBELOA: Musika tradizionalari heltzeko dugun gogoaren adibide dira diskoko Agur jaunak, Bolant ddantza eta HEGI, besteak beste. Nolabait, kantu horiek lapurtzen ditugu —egia esan, inportantetzat jotzen dut horiek jotzea—, baina gure erritmoetara egokituta.
Erreskate lana antzeman daiteke Ekialde & Southside kantuan ere. Horretan, argi izpi baten antzera aireratzen da Mixel Etxekoparrek idatzitako Ekialde abestia, Ihitz Iriarten ahotsean.
ASTRAIN: Ederlezi pastoraletik dator Ekialde. 2013an sortu zuen, ez da hain antzinakoa ere, baina, begira, tradiziozko abestia da dagoeneko, eta ari gara folklore moduan erabiltzen, beste brass band baten abesti batekin nahasita. Ni neu ekoizlea ere banaiz, eta haren melodia entzun nuenean, pentsatu nuen: «Bai, funtzionatuko du».
Halere, tradizioa erabiltzeari buruz, esango nuke gureak ez duela zerikusirik tradizioa erabiltzearekin tradizio ustel modura. Agian, adibidez, gu justu ari gara bultzatu nahian jauzi bat ez dela derrigor dantzatu behar igande goiz batean, baizik eta, zergatik ez, larunbat iluntze batean, 21:00ak pasatuta eta taberna batean.
«Gureak ez du zerikusirik tradizioa erabiltzearekin tradizio ustel modura. Adibidez, ari gara bultzatu nahian jauzi bat ez dela derrigor dantzatu behar igande goiz batean, baizik eta, zergatik ez, larunbat iluntze batean, 21:00ak pasatuta eta taberna batean»
XABI ASTRAIN Broken Brothers Brass Bandeko kidea
Taldearen beraren ibilbideari buruzko kontakizuna dakar ORAIN 1312 GARA kantuak, rap estiloan, eta aldarri bat ere badakarzue hor, zeharka: «Hasi ginen kalean, jarraitzen dugu hemen». Musika gehiago edo gutxiago heltzen da kalera azkenaldian?
ARBELOA: Esango nuke kalea nortasuna galtzen ari dela. Musika egon badago; berriz diot, hemen, Nafarroan, txarangen mundu honetan... Baina, haiei erreparatuta ere, ikusten da oraingo txarangek jotzen dutenak eta lehengoek jotzen zutenak ez dutela ikustekorik.
Irratian bolo-bolo dabiltzan kantu mainstream-ak dakartzate sarritan, berdin reggaetona edo...
ARBELOA: Edo Shakira. Eta niri inportantea iruditzen zait nortasunari eustea. Eta, bai, egia da guk New Orleanseko musika jotzen dugula, ez dela gurea, baina egiten dugu gure musika sortzeko ahalegina, eta sortzen dugu gure identitatea; uste dut hori lortu dugula urteotan guztiotan, eta kalean batez ere.
ASTRAIN: Nik uste dut gaur egun existitzen direla gazte jendeak bultzatutako mugimendu asko, eta ez bakarrik musikalak, kalea hartzeko grina hori dutenak. Sistemak agintzen duena edo inertzia bera izanik ekitaldiak gero eta gehiago pribatizatzea eta kaletik urruntzea, Iruñerrian baditugu, adibidez, Marabiyak Sound, Masa Critica eta Kinbonbo. Esango nuke orain dela zenbait urte ez zegoela halako hainbeste, Iruñea Nola gehienez; orain, berriz, asko ari dira kalea berreskuratu nahian, eta eskerrak.