Kantu eta txalo zarta flamenkoek girotutako egunak Nafarroan, bihartik

Bihar hasi eta hilaren 29ra arte eginen dute Flamenco on Fire festibalaren XIII. aldia. Vianan irekiko dute egitaraua, Jose Galvezen kontzertu batekin, eta Lizarrara eta Iruñera zabalduko dute programazioa gero. 34 jarduera izanen dira guztira.

Manuel Liñan buru duen dantza konpainiaren emanadia izanen da abuztuaren 28an Iruñeko Baluarten. FLAMENCO ON FIRE
Manuel Liñan buru duen dantza konpainiaren 'Muerta de amor' ikuskizuna izanen da abuztuaren 28an Iruñeko Baluarten. FLAMENCO ON FIRE
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko abuztuaren 20a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prest agertokiak, prest patioak eta prest balkoiak. Prest tablao-ak ere. Hala beharko. Maiatzaz geroztik egitarauari buruzko xehetasunak apurka-apurka eman ondoan, iragan abuztuaren 7an jakinarazi zituzten kartel osoa bistaratzeko falta ziren izen-abizen apurrak, eta batik bat zera nabarmendu zuen keinu horrexek berak: hain zen hurbil festibala ordurako, ezen ukitu ere egin zitekeen kasik. Eta, orain bereziki, dagoeneko ez da atrebentzia arrastorik ere baieztapen horretan. Flamenco on Fire jaialdia bihar hasiko da, eta, hilaren 29ra bitarte, 34 jarduera izanen dira Vianako, Lizarrako eta Iruñeko hamasei agertokitan banatuta. Kadentzia andaluziarraren jiran, kantu eta txalo zarta flamenkoek jarriko dute soinu banda Nafarroako zenbait kale, plaza eta aretotan. 

Hasi, Vianan hasiko da festibala, eta, zehazki, Jose Galvezen emanaldi batek abiaraziko du programazioa. 19:45ean, eta Foruen Plazako agertoki gainera igota, gitarra kontzertu bat emango du andaluziarrak. Musikaltasun handiko doinuz osatutako ikuskizuna da harena, eta berebiziko garrantzia ematen dio konpasaren gaineko kontrolari. Bakarlari aritzen denetan ez ezik, dantzariak edo kantariak laguntzen aritzen denetan ere erakusten du bertute hori Galvezek. Izan ere, haren musikari jardunean hala aritzen da gehien: beste batzuen aldamenean.

Eta, hain zuzen ere, Vianan ere utziko du alderdi hori agerian: bakarkako kontzertuaren ondotik, San Pedroko hondakinetan kokaturiko eszenatokira mugituko da Galvez, eta Mayte Martin abeslariari lagunduko dio hark 21:00etan eginen duen emanaldian. Arqueología de lo puro izena jarri diote ikuskizun horri, eta Kontzertu Handiak izeneko programan kabiarazi dute festibaleko programatzaileek. 

Larunbatean, flamenkoak Lizarrara eginen du salto. Emanaldi bikoitza izanen da han ere: lehenik, David de Arahalek kontzertua emanen du 19:45ean, Udaletxe plazako balkoitik kantuan, eta, segidan, 21:00etan zehazki, De Arahalek berak Recordando a Marchena obra taularatuko du Los Llanos kulturgunean. Horretan, baina, ez da bakarrik arituko: Sandra Carrasco musikaria izanen du lagun, bai eta Ana Morales dantzaria ere.

Musika eta musikaz

Lizarra ere atzean utzi ondoan, hiru eguneko atsedena hartuko du jaialdiak, abuztuaren 26an izanen du segida, eta Iruñea hartuko du aterpetzat aurrerantzean. Gainera, musika, kantu edo dantza emanaldiak ez ezik, batera edo bestera flamenkoari buruz mintzatu bai baina preseski musikalak ez diren hainbat jarduera izanen dira tartean: liburu dohaintzak, entzierroari buruzko ekitaldi bat eta Jerezeko ardoak dastatzeko saio bat, besteak beste. 

Esate baterako, abuztuaren 26an bertan, 12:30ean, Txalaparta argitaletxearen egoitzan, Cuatro Puertas para el Flamenco (Flamenkoarentzako lau ate) izeneko ekitaldia eginen dute jaialdiaren gerizpean. Liburu dohaintza baten gaineko ekitaldia izanen da, festibalak flamenkoari buruzko lau titulu emanen baitizkie Nafarroako liburutegi publikoei eta unibertsitateei: Fernando el de Trianaren Arte y artistas flamencos (1935), batetik, eta Jose Manuel Gamboaren hiru obra, bestetik: La correspondencia de Sabicas, nuestro tío de América. Su obra toque x toque (2013), Víctor Monge Serranito. El guitarrista de guitarristas (2017), eta Pepe Habichuela con Amparo Bengala y Josemi Carmona. Now or Never (2025).

Rosario la Tremenditak emanen du azken kontzertua Zentralen.
Rosario la Tremenditak emanen du azken kontzertua Zentralen.

Musika eta dantza izanen dira nagusi, edonola ere, eta Iruñeko Baluarteko oholtzak hartuko ditu Flamenco on Fire-eko kartelean ageri diren izen esanguratsuenak. Abuztuaren 27an Jose Merce ariko da kantuan; 28an, Manuel Liñan buru duen konpainiaren dantza ikuskizuna taularatuko dute —Muerta de amor—, eta 29an Yerai Cortes ariko da antzokian, Solo emanaldiarekin. 

Bestalde, Kaleak, balkoiak eta patioak izeneko zikloan honako artista hauen emanaldiak bildu dituzte aurten, besteak beste: Manuel Moreno Maya El Pele eta Niño Seve; Carmen Carmona eta Juanjo Leon; Joselito Acedo; eta Juan Diego Mateos. Eta Zentral aretora ere hedatuko dute egitaraua atzera ere. Rosario La Tremendita artistak emanen du azken kontzertua han, abuztuaren 28an: Tránsito (Huyendo del ruido).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA