Literatura

Karlos Linazasorok eta Garazi Kamiok irabazi dute Irun Hiria literatur saria

'Bazter utzietan' izeneko poema bildumagatik eman diote saria Linazasorori, eta Kamiok 'Moebiusen ertzak' obragatik eskuratu du euskarazko eleberri hoberenarena. Maite Lopez Las Herasek eta Txema Garcia-Vianak aipamen bereziak jaso dituzte.

Karlos Linazasoro, iaz, 'Ez naiz ondo akordatzen' eleberriaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Karlos Linazasoro, iaz, 'Ez naiz ondo akordatzen' eleberriaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 13a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

33 urteren aldea izan da bataren eta bestearen artean. 1992an heldu zitzaion lehenbizikoa, Apunte eta ahanzturak poema bildumagatik (1993), eta orain erdietsi du bigarrena, atal berean: Karlos Linazasorok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) irabazi du Irun Hiriko Kutxa poesia saria aurten, sariketaren 46. aldian. Bazter utzietan izeneko lanari esker jaso du aitortza idazleak. Gaur plazaratu dute aurtengo irabazleen zerrenda, eta, hain zuzen, aditzera eman dituzten izen-abizenen artean Linazasororena da aurrez ere sariketa horretan gailendu izan den bakarra. 

Felipe Juaristik, Beatriz Txibitek eta Jon Gerediagak —Gerediagak 2023ko edizioa irabazi zuen— osatutako epaimahaiak hala erabakita gailendu da Linazasororen lana euskarazko olerkien atalean. Idazleak 15.000 euro eta garaikur bat jasoko ditu sari gisara, eta bermatua du liburuaren argitalpena ere. 

Euskarazko eleberrien atalean Garazi Kamio (Andoain, Gipuzkoa, 1979) saritu dute, Moebiusen ertzak lanari esker. Arantxa Urretabizkaia idazleak eman du horren berri, Irunen (Gipuzkoa), besteak beste bera aritu baita atal horren epaimahaian. Bertan izan dira Jon Martin Etxebeste eta Joxe Mari Iturralde ere. Hirurek hala erabakita irabazi du Kamiok. Ordainsariari dagokionez, 20.000 euro jasoko ditu hark, argitalpenaz eta garaikurraz gain. Hamar urte pasako tartearen ondotik helduentzako literaturara itzultzeko balioko dio sariak, preseski, idazleari; 2014koa du azken lana: Orube abandonatuak. 

Goratzeko moduko gehiago

Lehenbiziko saria eskuratu dutenez gain, beste bi egileren lanek ere aitortza merezi dutela iritzi diote epaileek aurtengo edizioan, eta bi aipamen berezi egin dituzte horregatik. Txema Garcia-Vianak (Urnieta, Gipuzkoa, 1963) eleberrien atalean jaso aipamena, Bidaiak, laztanak eta orbainak nobelagatik. Maite Lopez Las Heras (Azkoitia, Gipuzkoa, 1985) Oren hilak poema bildumagatik goratu dute. 

Gaztelaniazko aurtengo saridunak Mario Marin (Huelva, Espainia, 1971) eta Marina Casado (Madril, 1989) izan dira, CMYK eleberriagatik eta Un mar que nadie mira poema sortagatik, hurrenez hurren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.