Kondairaren egiazko kronika bat

Eako HEA kultur elkarteak Mundo eta Universo anaiei buruzko informazioa jaso du, eta Metrokoadrokak performance baten bitartez plazaratuko du bihar. Hemeretzi antzezle ariko dira, eta anaien historian argitu gabe dauden pasarteak osatzea izango da xedea.

Mundoren argazkia eta Universoren silueta. AINARA LASA
Mundoren argazkia eta Universoren silueta. AINARA LASA
Odile Bourguignon Goñi
2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundo eta Universo anaien kondairari bizia emango diote Ean (Bizkaia), bihar. Orain lau urte, ustez Ean bizi izandako bi anaia horien istorioari tiraka hasi ziren Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteko kideak: kondairak dioenez, Mundoren eta Universoren familiak ez zien jarraitzen Elizaren legeei, eta, beraz, Asun Landa HEAko kidearen arabera, urteetan erdeinuz kontatu izan dira familia hari buruzko istorioak. Kondairaren atzeko errealitatearen berri izateko asmotan, kultur elkarteko kideek artxiboak, testigantzak eta Mundoren eta Universoren amaren ustezko ondorengoak ikertu, eta baieztatu dute Mundo eta Universo izan bazirela. «Elizak baztertu egin ditu bere aginduetatik urrundu direnak, eta gizarteak ere zigortu egin ditu», esan du Landak. Hortaz, kultur elkarteko kideek ondorioztatu zuten Mundok eta Universok egiazko kronika bat merezi zutela, eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak lagundu die lan horretan.

Metrokoadrokak taularatuko du bihar Mundoren eta Universoren historian oinarritutako performance kolektiboa, eta, guztira, hemeretzi antzezlek parte hartuko dute. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Eako udaletxean; handik, hala antzezleak nola herritarrak Eskolondo kultur etxera abiatuko dira, eta, 17:45etik 19:00etara, Museo Bizia deitu duten horretako piezak ikusteko aukera izango du publikoak —behin eta berriz errepikatutako pieza laburrak izango dira—. Eskolondoko frontoian emango diote amaiera emanaldiari, 19:00etan.

«Elizak baztertu egin ditu bere aginduetatik urrundu direnak, eta gizarteak ere zigortu egin ditu»

ASUN LANDA, HEA kultur elkarteko kidea

Eako Zarakondegi baserrian jaio ziren Mundo eta Universo anaiak, XX. mendearen hasieran, 1912an bata eta 1913an bestea. Gazte hil ziren bi anaiak, eta kondairetan bertsio bat baino gehiago daude haien ehorzketei buruz, ez baitzeuden bataiatuta, eta, beraz, ezin ziren kanposantuan lurperatu. Aita Ean bertan jaiotako baserritar bat zen: Juan Manuel Valentin Bengoetxea; ama, berriz, Zamoratik (Espainia) etorritakoa: Ezequiela Martin Esteban. Landak kontatu duenez, aita «infernuko deabru» batekin alderatu izan da, eta, ikerketaren bidez, kultur elkarteak «justizia» egin nahi izan dio haren izenari: «Ordutik gaur egunera arte Elizari aurre egin dioten bakarrenetako bat izan da».

(ID_17618187269015) (/EZEZAGUNA) Ezequiela Martin Esteban, Mundo eta Universoren ama
Ezequiela Martin Esteban, Mundoren eta Universoren ama. HEA KULTUR ELKARTEA

Hala, HEAko partaideak han-hemenka aritu dira informazioa bilatzen, hala nola Eako Udalaren erregistroan, Derioko seminarioan (Bizkaia) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxiboetan; baita Espainian ere, Santoñako kartzelako dokumentuetan eta Valladolideko artxiboetan. Gainera, herriko adinekoen testigantzak jaso dituzte, eta Guadalajaran eta Zamoran (Espainia) egon dira, amaren jatorriari segika. Landak aitortu du ondorengoak topatzeko «ehunka eskela» irakurri behar izan dituztela, baina «zirkulua osatu» dutela azkenean: «Aurtengo San Joan bezperan, Mundoren eta Universoren amaren familiako hamabi kide etorri dira Eara, Salamancatik».

Unibertsoa osatzeko

HEA kultur elkartea udaberrian jarri zen harremanetan Metrokoadroka Sormen Laborategiarekin. Lehenagotik ere ezagutzen zuten elkar, Metrokoadroka kolektiboak parte hartu izan baitu HEAk antolatutako Poesia Egunetan. Oier Guillan idazle, kazetari eta antzerkigileak azaldu du berehala kutsatu zitzaiela Mundori eta Universori buruzko jakin-nahia, eta kolektiboak berehala eman zuela baiezkoa: «Artisten sare bat da Metrokoadroka, eta gaia aurkeztu genuenean, hainbatek eman zuten izena». Zehazki, hemeretzi antzezle egongo dira biharko performance kolektiboan: Ainara Lasa, Ainhoa Alberdi, Andrea Berbois, Ane Zabala, Arantxa Ezkerra, Asier Sarasola, Edurne Azkarate, Galder Perez, Idoia Beratarbide, Imanol Garcia, Iraia Elias, Javier Barandiaran, Jurdana Otxoa, Jurgi Sarasola, Maite Aizpurua, Oier Guillan, Oihana Vesga, Oscar Picazo eta Rakel Salinas.

«Artisten sare bat da Metrokoadroka, eta gaia aurkeztu genuenean, hainbatek eman zuten izena»

OIER GUILLAN Metrokoadroka kolektiboko kidea

Kalean hasiko da ekitaldia; izan ere, kondairak dioenez Mundoren eta Universoren aitak herria zeharkatu zuen hildako semeetako bat gurdian kargatuta. Beraz, prozesioan abiatuko dira antzezleak eta herritarrak Eskolondora; bertan, ordu eta erdiz egongo dira ikusgarri Museo Biziko piezak. Ondoren, Eskolondoko frontoian hemeretzi antzezleak ikusi ahal izango dira oholtza gainean, eta, Guillanek kontatu duenez, publikoak ere «bere mundua» txertatu ahal izango du «sortuko den unibertsoan». 

Halere, kultur elkarteak jasotako materiala ez da nahikoa izan Mundoren eta Universoren historia erabat osatzeko, eta Metrokoadroka Sormen Laborategiaren esku utzi dute hutsuneak betetzea. Horren haritik, antzerkigileak esan du «sorkuntzarako laborategi bat egiteko aukera paregabea» izan dela, eta kolektiboko kideek «unibertsoaren alde ezezagunari» erreparatu nahi izan diotela. «Erantzunik ez duten galderak izango dira performancearen abiapuntua», kontatu du Guillanek. Horretarako, hemeretzi antzezleen artean azpitaldeak osatu dituzte, eta bakoitzak erantzun gabeko galdera bat hartu du pieza bat osatzeko oinarri gisa. Azkenerako, sei pieza desberdinekin museo bizi bat sortuko dute Eskolondo kultur etxean, eta antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argi jokoak nagusituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.