Literatura

'Krimena eta zigorra' euskarara ekarri du Aroa Uhartek, Dostoievskik jatorrizkoa idatzi eta 160 urtera

Literatura Unibertsala bilduman jaso dute errusierazko literaturaren erreferentziazko nobela. Gizakiaren barne psikologian arakatzeko gaitasuna da lanari gehien aitortu zaizkion bertuteetako bat. Autorearen «etorri bizia» nabarmendu du itzultzaileak.

Aroa Uharte itzultzailea, 'Krimena eta zigorra' liburua eskuetan duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Aroa Uharte itzultzailea, 'Krimena eta zigorra' liburua eskuetan duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko azaroaren 23a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erdaretara jotzea beste aukerarik ez zen, gaur arte. 1866an Errusiar mezularia izeneko literatur aldizkarian eleberria aleka argitaratzen hasi zirenetik hona, dozenaka erdaratan, bai, baina soilik erdaraz mintzatu dira, han eta hemen, Fiodor Dostoievskiren (Mosku, 1821 - San Petersburgo, Errusia, 1881) Krimena eta zigorra obra sonatuko askotariko pertsonaiak. Ez Rodion Raskolnikov gazteak, ez eta San Petersburgoko kale ilunetan hari bidera azaltzen zaizkion dozenaka lagunek ez dute euskarazko hitzik esan 160 urtean. Baina bestela da orain. Aroa Uharte itzultzailearen lanari esker, euskararainoko bidea egin du errusierazko literaturaren erreferentziazko nobelak. Nafarreraz zipriztinduta ekarri ditu pertsonaien miseriak, zalantzak eta damuak. 

Literatura Unibertsala bilduman jaso dute itzulpena. Bildumako 195. zenbakia da, zehazki, eta Igela eta Erein argitaletxeek plazaratu dute, Eusko Jaurlaritzaren eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen laguntzarekin oraingoan ere. Hain zuzen, itzultzaileak ez ezik, erakunde horietako ordezkariek ere hitza hartu dute liburuaren aurkezpenean. Eta guztien ahotsetan sumatu da poz izpi bat. 

Argitalpena ez baita nolanahikoa. Batik bat hori nabarmendu du Inazio Mujika editoreak aurkezpenean. Igela eta Erein argitaletxeen izenean mintzatu da Mujika, eta grinaz azpimarratu du itzulpenaren balioa. Izatez, azken urteotan euskaratu diren beste obra esanguratsu batzuen aldamenean —hala nola Moby Dick eta Ulises— kokatu du Krimena eta zigorra, hain justu, eta zera esan: «Euskaldunok ja ezin dugu irakurri liburu horiek itzulita ez baleude bezala, eta idazleek ezin dute idatzi liburu horiek itzulita ez baleude bezala».

«Euskaldunok ja ezin dugu irakurri halako lanak itzulita ez baleude bezala, eta idazleek ezin dute idatzi liburu horiek itzulita ez baleude bezala»

INAZIO MUJIKA Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria

Lehendik ere iritsia zen Dostoievskiren obraren laginik euskarara: 1984an, Bihotz ahula liburuxka itzuli zuen Josu Lasak. Eta, harrezkero, beste hauek ere ailegatu dira euskarazko letretara: Jokalaria (Antton Garikano, Ibaizabal, 1993), Krokodiloa (Josu Zabaleta, Booktegi, 2020) eta Lurpeko ezkutuan idatziak (Josu Zabaleta, Igela, 2024).

Kontzientzia dardarka

Eta, halere, ez dago Krimena eta zigorra lanari itzal egiten dionik. Rodion Raskolnikov gaztea da protagonista kontakizun horretan. Miseria da nagusi haren bizitzan, ez du bizitzeko baliabide ekonomiko askirik, eta, preseski, egoera irauli nahian eginen duen krimen batek ematen dio abiapuntua istorioari: adineko andre dirudun bat hilko du, haren ondasunak eskuratzeko. Ordea, propio krimenarekin ikustekoa dutenetan baino gehiago, protagonistaren kontzientzian eta barne kontraesanetan jartzen du arreta nobelak. Are, gizakiaren barne psikologian arakatzeko gaitasuna da lanari gehien aitortu zaizkion bertuteetako bat. Eta ez alferrik. 

Ikusi gehiago

Uhartek unibertsitate garaian irakurri zuen lehenbiziko aldiz eleberria. «Txunditua», «guztiz harrapatua» utzi zuen lanak, oroitu duenez. «ZIrrara handia eragin zidan». Itzultzaileak aitortu duenez, uzkur da nobela katalogatzeko —«Izan bataiteke nobela poliziakoa, tragedia formakoa, nobela psikologikoa...»—, eta hain justu zera nabarmendu du, nobelak irakurle bakoitzari transmititzen ahal dionaz: «Aukera ematen du bakoitzak bere irakurketa egin eta bakoitzak bere modura goza dezan lanaz». 

«Etorri bizia du Dostoievskik, ia histerikoa. Esango nuke besteak beste horrek duela haren literaturan harrapatzeko gaitasuna»

AROA UHARTE Itzultzailea

Zuzenean errusieratik itzuli du lana Uhartek. Ezinbestean aztertu du, xeheki, Dostoievskiren idaztankera. Eta Joseph Brodsky poetaren hitz batzuk oroitu ditu autorearen estiloa deskribatzeko: «Brodskyk esaten zuenez, Dostoievskiren berezitasuna idazketan erabiltzen zuen instrumentuan zegoen, edo erabiltzen zuen materiaren konposizio fisikoan». Itzultzailearen esanetan, idazleak muturreraino eraman zituen errusieraren berezko «gramatika desordenatu» eta «subordinatuz betea», eta erabiltzen zuen lexikoa ere biziki konplexua zen. «Etorri bizia du Dostoievskik, ia histerikoa. Esango nuke besteak beste horrek duela haren literaturan harrapatzeko gaitasuna». 

Estilo hori euskaraz nola erreproduzitu asmatzea izan du erronka handietako bat Uhartek, hain zuzen ere. Hori, eta baita nobelan ageri diren ahots askotarikoak euskaraz islatzea ere. Polifonikoa baita lana, oroitu dutenez. 

Izan ere, pertsonaia mordoa ageri da liburuko 600 orrialdeetan barrena. Hainbeste dira, ezen, Mujikaren esanetan, «nahasgarria» ere gerta bailiteke zenbaitetan. Ordea, Uhartek helduleku bat eman die irakurleei: pertsonaia guztien izen-abizenen zerrenda bat jaso du liburuaren hondarrean. Haietako bakoitzean ageri da, bakoitza nor den ez ezik, baita bakoitzari deitzeko Dostoievksik sortu zituen «txikigarriak» ere. Askok baitute halakorik.

Gizakiak beste inork ez

Krimena eta zigorra euskaraz argitaratu izanak eta, orobat, hura irakurri ahal izateak berez daukan «balio sinbolikoa» ere azpimarratu du EIZIEko lehendakari Isabel Etxeberriak, bestalde. «Gure eguneroko honetan, non dena den arina, iragankorra eta azalekoa, non arretak huskeriatik huskeriara ihes egiten digun, eta non dena jasotzen dugun eta egiten dugun ia automatizaturik eta errazturik, uste dut liburu hau ezin hobea dela gelditzeko».

Sakonagora ere eraman du gogoeta EIZIEko lehendakariak. Zorrotz, nabarmendu du Dostoievskik «giza begirada batek eta giza adimen batek soilik kontatu dezakeen moduan» jaso zituela idatziz giza arimaren askotariko toles eta zirrikituak. Ez azalpen horretan eta ezta segidan ezpainetaratu dituenetan ere, Etxeberriak ez du zuzenean aipatu adimen artifiziala, zeharka ere ez du hizpidera ekarri idazle batek edo itzultzaile batek idazketarako balia dezakeen bestelako teknologiarik, baina giza adimenari buruzko ohartarazpenak halako aldarrikapen kutsu bat hartu du, ezinbestean. Eta preseski Uhartek eginiko lanari egin dio aitortza, segidan. «Begirada zorrotzez eta mimoz, idazlearen asmoetan eta testuaren ezkutuko esanahi ezkutuetan arakatuz, eta giza sentiberatasun batek eta giza adimen batek soilik egin dezakeen moduan itzuli du. Eskerrik asko, Aroa». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA