Kristina Mardaras du protagonista 'Jakin' aldizkariaren 272. zenbakiak

Bertsolari, irakasle eta kultur eragileari elkarrizketa zabala egin dio Miren Amuriza bertsolari eta idazleak. Kepa Matxainek, berriz, «bertsolaritza inplikatuaren norabideak» aztertu ditu beste artikulu batean.

Kristina Mardaras, 2022an, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kristina Mardaras, 2022an, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko apirilaren 10a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Unibertsitateak irakasten ez dituen gauza asko irakasten ditu militantziak». Hala mintzo da Kristina Mardaras (Iurreta, Bizkaia, 1948) Jakin aldizkariaren zenbaki berrian. Kristina Mardaras, bizitza herrigintzari emana izenburua darama 272. zenbakiak, hari egindakoa baita aldizkariko elkarrizketa nagusia. Miren Amuriza bertsolari eta idazlea solastatu da Mardarasekin, eta herrigintzak eta militantziak ardaztutako bizitza bat aletzen dute biek elkarrizketan. Hala, ikastolak, alfabetatze eta euskalduntze ikastaroak, AEK, bertso eskolak, Gerediaga elkartea, Arrate irratia, UEU Udako Euskal Unibertsitatea eta Hik Hasi aldizkaria aipatzen dituzte, besteak beste, baita bertsolaritza eta Mardarasek hari lotuta egin duen ibilbidea ere. Belaunaldi ezberdinetako bi bertsolari horien arteko solasaldia Historia bizia atalean jaso du aldizkariak.

Mardarasen bizitza herrigintzari lotuta egon da, oro har. Eta «militantzia» gisa hartzen du une oro elkarrizketan. «Militantzia handia zegoen gure sasoian, konbentzimendu handia. Eta sarri eztabaidatzen genuen: zein tipotako herria gura dugu? Eta hori lortzen saiatzen ginen», gogoratzen du, esaterako.

«Militantzia handia zegoen gure sasoian, konbentzimendu handia. Eta sarri eztabaidatzen genuen: zein tipotako herria gura dugu? Eta hori lortzen saiatzen ginen»

KRISTINA MARDARAS Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea

Iurretako Oromiño auzoan hazi zen Mardaras, eta Amurizak, hain justu, haurtzaroko kontuei buruz galdetuz abiatzen du elkarrizketa. Umezarotik gaur arteko kontuak aletzen ditu ondotik bertsolari, irakasle eta kultur eragileak. Nola parte hartu zuen, esaterako, Herri Gaztedi mugimenduan, Elizaren berriztatze garai bete-betean. Edo nola egin zuen lan paper fabrikako bulegoetan, harik eta hori utzi, eta irakaskuntzara jauzi egin zuen arte. Beti Bizkaian, Basauriko ikastolan egin zituen lehen pausoak; Otxandion eta Zornotzan egon zen ondoren; eta Iurretako Maiztegi eskolan lan egin zuen azkenekoz. Irakasletza eskolako ikasketak Bergaran (Gipuzkoa) egin zituen, eta, aurrerago, Iurretako ikastolaren publifikatze prozesua bertatik bertara bizi izan zuen. «Berrogei urtetik gora dira ikastolak publifikatu zirela, eta ikusi egin behar litzateke zer irabazi genuen eta zer galdu. Euskara eta euskal eskolarekiko konpromisoa hor dagoela begitantzen zait, baina ikastolen mugimendutik urrundu egin gara», aipatzen du elkarrizketako pasarte batean.

Horrez gain, Hik Hasi aldizkariaren sorreran ere aritu zen Mardaras, eta bertsolaritzan ibilbide emankorra egin zuen. Bertso eskolen sorreran jardun zuen, bertso saioak antolatzen, baita epaile eta gai jartzaile ere, hala tokatu zenean. Mugarri garrantzitsu bat ere ezarri zuen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu zuen lehen emakumea izan zen, 1986. urtean.

Bertsolaritza «inplikatua» eta beste

Bertsolaritzari buruzkoa da, hain zuzen, Jakin aldizkariaren 272. zenbakiko bigarren testu nagusia. Kepa Matxain Iztuetak idatzi du, eta «bertsolaritzaren azken aldiko korronte sinboliko berrienak» aztertu ditu, bertsogintzaren tradizio hurbilarekin duten loturatik abiatuta, eta «etorkizun hurbilari taxua eman diezaioketen egiturazko mugimenduak» hautemateko asmoz. Multipolarraren azpikoaz: bertsolaritza inplikatuaren norabideak izena jarri dio. Hona ideietako bat: «Bertsolaritzaren erro bila abiatzen denak konstruktu historiko bat topatuko du, askotariko eten funtzional, estetiko eta sozialek gurutzatua. Horrek ez du esan nahi, ordea, fenomeno arbitrarioa denik; baditu printzipio identifikagarri batzuk». 

Itziar Ugarte kazetari eta idazleak Olatz Mitxelena Larreta idazle, itzultzaile eta filosofoa elkarrizketatu du Jakin filosofatzen atal laburrean. Zoriontasunaren promesari «traizio» egitea proposatu du Mitxelenak, besteak beste. «Zenbateraino laguntzen digu, bada, tarteka sentitzen dugun zoriontasuna ikusten? Ez ote dio itzal egiten?» galdetu du, eta honela jarraitu: «Idealak behar ditugu bizitzeko, baina zanpatu ere egiten gaituzte».

Aldizkaria itxi ohi duen Egunen gurpilean sailean, berriz, Shu Oteroren, Jokin Bergararen eta Cira Cresporen testuak bildu dituzte zenbaki berrirako. Crespok, hain zuzen, sailean egindako ibilbideari agur esateko baliatu du artikulua, hura izan baitu azkena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA