'Orekako basoa'
Idazlea: Paco Sordo. Ilustratzailea: Paco Sordo. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.
Japoniar zinemaren ekarpen ahaztezina den Chihiroren bidaia filmak proposatzen digu mundu magikoa lurralde paralelo bat dela, soilik sarbide egokitik irits daitekeen lurraldea. Eskuartean dugun Orekako basoa komikia antzeko testuinguruan kokatzen da: batetik, ohiko parametroetan jarduten den mundua dago eta, bestetik, baso magikoa dago, indar naturalen aterpea izan dena gizakien sorrera baino lehenagotik.
Narrazioak proposatzen digu protagonista gaztetxo bat, neskato bat, baimenik gabe zeharkatzen duena basoa, inork ez ziolako abisatu aitona zela baso magikoaren zaindari.
Eta segidan komeriak. Gero eta estutasun handiagoz egiten du aurrera, abentura nagusiaren barruko gertakari txikien kateamenduan eta irudimenezko munduek eskaintzen duten exotismoan. Amaiera on batekin ixten da 208 orrialdeko irakurraldia.
Komikia da, 23x17 zentimetrokoa, testua letra larri txiki xamarrean dago, tipografia garbi irakurterrazean; bi eta lau bineta artean ditu orrialdeko. Kolore gorrikarak nabarmentzen dira bestela ere koloretsua den liburuan. Azala izokin fosforitoz jantzi dute, urdin argiarekin borrokan.