Maiatzaren 15ekoa greba eguna izan zuten ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Sektoreak halako deialdi bat egiten zuen lehen aldia izan zen hura, eta izandako erantzunarekin pozik azaldu dira sindikatuak. Patronalak lan hitzarmenari buruzko negoziazioa «blokeatuta» zeukala salatu zuten orduan, eta iragarri egoerak horrela jarraituz gero beste mobilizazio batzuk egingo zituztela. Eta horixe egin dute orain. Lehen greba egun hura «arrakastatsua» izan zela ikusirik eta negoziazioak oraindik ere geldi daudela salatzeko, beste lau greba egun egingo dituzte, iragarri dutenez, eta udako lau kultur programa esanguratsuri eragingo die deialdiak. BBK Live jaialdian egin asmo dute lehen greba eguna, eta Donostiako, Gasteizko eta Bilboko jaietan ere egingo dute greba, jai bakoitzean egun batekoa.
Oraingoz, grebak zer ekitalditan egin asmo dituzten baino ez dute iragarri, eta aurrerago zehaztuko dituzte egunak.
Teknikariok, ESK, LAB, CCOO, ELA eta CNT sindikatuak daude lan hitzarmena negoziatzeko mahaian, eta elkarrekin egin dute greba deialdia. Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean egin dute prentsaurrekoa, eta Ainara Barragan Lopez de Aberasturi LAB sindikatuko ordezkariak eta Mikel Garcia Teknikariok sindikatuko kideak hartu dute hitza. Azaldu dutenez, lan hitzarmenari buruzko negoziazio mahaia pizteko asmoa dute mobilizazioen bidez, eta esperantza dute greba deialdiek horretan lagunduko dutela.
Egutegia eta malgutasuna
Duela bi urte eratu zuten negoziazio mahaia, aipatutako sindikatuek eta Euki patronalak, baina langileek jakinarazi dute elkarrizketa etenda dagoela orain. Patronalaren «pasibotasuna» salatu dute Barragan Lopez de Aberasturik eta Garciak. «Ez dute inolako borondaterik egiazki negoziatzeko».
Zehaztu dutenez, ordutegien malgutasunari eta lan egutegia jakinarazteko epeei buruzko eztabaidak eten zuen negoziazioa. Langileek salatu dutenez, egutegia jakinarazteko epeari buruzko eztabaidari «betoa» jarri dio patronalak, eta horrek leherrarazi du egoera. Sindikatuek salatzen dutenez, patronalak proposatutako baldintzek ezinezko egiten baitute kontziliazioa. Patronalak proposatzen du enpresek gutxienez bost eguneko tartearekin ematea langileei lan egutegiaren berri, baina «onartezina» da hori sindikatuentzat. Langileek proposatzen dute «gutxienez» hilabeteko epea izatea, jakiteko zer egun izango dituzten libre. «Ez da inolaz ere zentzugabea».
Greba eskubidearen urraketak
Maiatzaren 15eko greba egunak izandako erantzunarekin pozik azaldu dira langileak. Sektoreko kideen arteko «batasuna» eta haien «indarra» erakutsi zituen mobilizazio hark. Langileek jakinarazi dutenez, ordea, patronalak ez du neurri bereko erantzunik eman. Esan dute lan hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuei mezu elektroniko bat baino ez ziela bidali. «Hartan esaten digute ez dutela uste sektorea prekarizatuta dagoenik», zehaztu du Garciak. «Beste puntu batzuei buruz hitz egiteko borondatea ere adierazi digute, baina ez daude prest egutegien malgutasunari buruz negoziatzeko, eta guretzat hori da negoziazioko puntu nagusia».
Halaber, teknikariek salatu dute hainbat enpresak langileen grebarako eskubidea urratu zutela maiatzeko greban. Lan ikuskaritzan hainbat salaketa jarri dituzte horregatik. Berez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako teknikariei eragiten zien greba deialdiak, eta, horregatik, teknikariek hasieratik adierazi zuten kezka. Greba hura iragartzeko egindako prentsaurrekoan, aitortu zuten beldur zirela enpresek beste herrialdeetako langileak kontratatuko ote zituzten grebaren eraginari izkin egiteko, eta, orain ziurtatu dutenez, horixe gertatu zen. Euskalduna jauregian bertan, adibidez, hori gertatu zela ziurtatu dute langileek, eta, are, baita lan ikuskaritzako ordezkariek geratutakoa bertatik bertara ikusi ahal izan zutela ere.