Bada geografiarenaz bestelako mapagintza posible bat ere. Afektuarena. Elkarren errekonozimenduarena. Erresistentziena. Eta hain zuzen ere bestelako mapa horri begira egiten dute lan Mugarik Gabe proiektuko kideek. Kurdistango eta Euskal Herriko hamaika musikari elkartu zituzten iazko Durangoko Azokan, eta sarera herrialde gehiago biltzea erabaki dute aurten. Kurdistango, Euskal Herriko, Irlandako, Palestinako, Kolonbiako eta Italiako hemezortzi musikari batu dituzte horretarako, eta hamar eguneko egonaldia antolatu diete elkarrekin Turtziozen eta Arteagan (Bizkaia). Hiru kontzertu ere emango dituzte tarte horretan. Ostiral honetan bertan izango da lehena, Galdakaon (Bizkaia); bestalde, Arteagan arituko dira azaroaren 30ean, eta Bermeon (Bizkaia) ere egingo dute zuzeneko bat, abenduaren 3an. Horrez gainera, iazko trukeari buruzko ordubeteko dokumentala estreinatuko dute Durangoko Azokan.
Orsola Casagrande kazetari eta BERRIA egunkariko kolaboratzailea da proiektuaren bultzatzaileetako bat, eta hala deskribatu du proiektua. «Erresistentzia eta borroka lurralde bat da hau, eta erresistentzia horren emaitza da euskaraz bizi den komunitate bat izatea; gainera, kulturak ere balio eta garrantzi handia du hemen: gizartearen eraikuntzaren zutabe bat da. Hori oso hunkigarria da». Eta dioenez, proiektuak horregatik du zentzua Euskal Herrian.
Berez, banaka arituko dira musikariak emanaldietan, baina trukeak ere izango direla iradoki dute antolatzaileek. Ostiralean, esaterako, Galdakaon izango dira Roisik El Cherif musikari palestinar-irlandarra, Nora Casey harpa jotzaile irlandarra, James Kennedy rock musikari galestarra, Seyidxan Sevinç kantari kurdua, Roberto Awanari musikari euskal herritarra, Italiako Nadt Orchestra taldea, Azibar Terreros eta Billy Espinaco musikari euskal herritarrak, bai eta gaelikoz abesten duen Huartan taldea ere, Irlandakoa, zeinak BBC katearen Urteko Artistaren Saria irabazi baitu aurten, eta Zuzeneko Onenaren Saria iaz.
Baina egitaraua aldatuz joango da saioz saio, eta, artean, esaterako, Kolonbiako Naturaleza Suprema taldea eta La Basu ere izango dira oholtzan.
Proiektua «hunkigarria» egiten zaiola azaldu du Seyidxan Sevinç kantari kurduak. «Niretzat oso-oso inportantea eta oso hunkigarria da egunotan beste herrialde batzuetatik datozen musikariekin egon ahal izatea erresistentzia eta borroka lurralde honetan. Lehen aldia dut halako proiektu batean parte hartzen». Eta barruan poza eta «jakin-mina» gailentzen zaizkiola nabarmendu du Nadt Orchestrako Riccardo Dalle Vedove tronboi jotzaileak ere.
«Mugarik gabe, baina lurraren defentsan». Roberto Awanari musikari eta proiektuko kideak hala deskribatu du proiektuaren muina. «Paradoxikoa irudi dezake, baina hori da ideia. Guk, artistok, pobrezia, gerra eta gose agertoki bat dugu beti aurrean, eta zer amar ditugu horri aurre egiteko? Bada, gure tresnak. Eta, horregatik, inportantea da elkartzea, elkar ezagutu ahal izateko».
Iazkoa izan zuten musikarien arteko lehen topaketa, eta antolatzaileak pozik azaldu dira orduan izandako esperientziarekin. Boris Guevara zinemagileak ordubeteko dokumentala osatu du bizipen haiekin, eta, zehaztu dutenez, aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko dute. Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat deitu du lana, eta besteak beste, artista hauek daude kolaboratzaileen artean: Ingot, Itziar Ituño, Roberto Awanari, Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek, Janire Egaña eta Chris O'Shea. Abenduaren 5ean izango da hori, Irudienean. Eta, horrez gainera, topaketan parte hartu zuten artisten musika biltzen duen disko bat ere aurkeztuko dute azokan. Sei abestik osatuko dute lana, eta, zehaztu dutenez, Euskal Herriko eta Kurdistango musika batuko ditu.
Bi tailer ere antolatu dituzte, gazteekin egiteko. Abenduaren lehenean, musikariak Galdakaoko Bengoetxe institutuan izango dira goizean, eta, arratsaldean, hip-hopa eta irlandar dantzak nahasten dituen ikastaro bat emango dute Bilboko Otxarkoaga auzoan, bakarrik dauden migrante adingabeentzat.
Sarrionandiaren eta Ilhan Sami Çomak idazle kurduaren poema bilduma kaleratuko dute
Liburu bat ere kaleatuko du Mugarik Gabe proiektuko kideek aurten. Joseba Sarrionandiaren eta Ilhan Sami Çomak idazle kurduaren poemak uztartuko dira hartan, eta abenduaren 5ean aurkeztuko dute, Durangoko Azokan. Orsola Casagrandek zehaztu duenez, Çomakek 30 urte eman ditu kartzelan, eta iaz atera zen kalera. Sarrionandiak berak itzuli ditu haren poemak euskarara orain, eta bi idazleek ez ezik, hainbat musikarik ere parte hartuko dute aurkezpenean. Liburuak, gainera, Arkaitz Estiballesen hitzaurrea ere izango du.