Antzerkia

Laguntasuna esperimentu bihurtuta

Infinitudrama konpainiak gaur estreinatuko du 'Promesarik txikiena' antzezlana, Leitzan. Laguntasunaren ertzei heldu diete, umorez, baina kritikotasuna galdu gabe.

'Promesarik txikiena' antzezlanaren irudi bat. MAITANE CAMPOS
'Promesarik txikiena' antzezlanaren irudi bat. MAITANE CAMPOS
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagunak. Aspaldikoak, haurtzarokoak, helduaroan egindakoak, galdutakoak, berriak... Batzuek erraztasunez egiten dituzte, beste batzuei, ordea, kosta egiten zaie; hori nahikoa ez, eta, gainera, lagun adina laguntasun daude. Azken urteetan hainbat ertzetatik heldu zaio gai horri, bai aitortzatik, baita ikuspuntu kritiko batetik ere. Gaiaren gaurkotasunaz jabetuta, Infinitudrama konpainiako kideek Promesarik txikiena antzezlana ondu dute. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoak sustatutako lanetako bat izan da. Gaur bertan estreinatuko dute, Leitzan (Nafarroa); sormen egonaldietako bat egin zuten herrian.

Lau kidek osatzen dute aktoreen zerrenda: Intza Alkainek, Maite Aizpuruak, Maiana Etxeberrik eta Ane Garciak. Antzezlanak lagun talde bat eta haien arteko istorioak ditu ardatz. Bitxikeria gisa, lagun talde bat osatzeko esperimentuaren ondorioz sortu zen konpainia bera. Aurretik elkar ezagutzen zuten aktoreetako batzuk, baina artean ez ziren lagunak. «Laguntasunak zer dakarren esploratu nahi izan dugu, eta eremu horretan zer gertatzen den», adierazi du Garciak.

«Esaten ditugun esaldi asko eta agertzen diren dinamika asko jende askori gertatu ahal zaizkio, edo bizi izan ditu; barrena mugituko zaio jendeari»

ANE GARCIA Aktorea

Antzezlana hasi berritan, lagun taldeak «perfektua» dirudi, Aizpuruaren esanetan, baina denborak aurrera egin ahala, pitzadurak agertzen dira: «Talde horri arrakalak eta galderak sortzen zaizkio; maitasuna, hooliganismoa eta bestelakoak ere agertzen dira... pixkanaka kaka ateratzen hasten da». Ikusleak identifikatuta sentituko direla uste du Garciak. «Esaten ditugun esaldi asko eta agertzen diren dinamika asko jende askori gertatu ahal zaizkio, edo bizi izan ditu; barrena mugituko zaio jendeari».

Aitortza eta kritikotasuna

Promesarik txikiena-ko protagonistek tatuaje bat egiten dute antzezlanean: infinituaren ikurra. Betirako lagun izateko egiten diren promesen inguruan hausnartu nahi izan dute egileek. Garcia: «Bada kritikoki azter daitekeen zerbait, baina bada desira bat ere. Jende askok nahiko luke promesa hori jaso». Obran zehar kritikotasuna eta aitortza tartekatzen direla ere gaineratu du aktoreak. «Uste dut antzezlanaren puntuetako bat hori dela, alde ilun eta kritikagarri horietan guztietan gu gaudela», gaineratu du Aizpuruak. Hori dela eta, umorera asko jo dutela uste dute konpainiako bi kideek.

(ID_17678725674995) Promesarik txikiena
'Promesarik txikiena' antzezlanaren irudi bat. MAITANE CAMPOS

Musikari ere tarte bat eskaini diote Infinitudramakoek. Hainbat pasarte musikal txertatu dituzte emanaldian, sorkuntza prozesuan azaleratutako galdera bati tiraka: «Zein izan da zure bizitzako ametsetako bat?», galdegin zien Aizpuruak gainerako kideei. Gainerako hiru aktoreek musikarekin lotutako ametsak azaldu zituzten: musikal batean parte hartzea, rock izar bat izatea... Amets horiek betetzeko ahalegintxoa egin dute, bada, proiektuan, eta 80ko hamarkadako kantu batzuen bertsioak egin dituzte, besteak beste. «Betirako lagun izatearena horterada hutsa da, baina denok sinetsi nahi dugu. Bada, bertsioenarekin berdin, horterada hutsa da hori ere, baina denok parte hartu nahi dugu», azaldu du Garciak.

Bertsioez gain, kantu propio bat ere sortu dute emanaldirako. Eider Perezek sortu du letra, eta Paxkal Irigoienek konposatu du musika; «hit bat da», esan du Aizpuruak, barre artean.

Gai deserosoa

Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak egitasmoak bultzatutako zortzi antzezlanetako bat da Promesarik txikiena. Proiektuaren sortzaileek Berastegin (Gipuzkoa) eta Leitzan egin zituzten sormen egonaldiak. Ordurako, baina, lana garatuta zeukaten, eta ordura arte sortutakoa partekatzeko baliatu zituzten egonaldi horiek. Laguntasunaren konfesategia delakoa ondu zuten, furgoneta baten barnealdea atonduz. Hainbat ekintza eta jolasen bideaz laguntasunaren inguruko bizipenak eta hausnarketak jasotzeko asmoz antolatu zuten egitasmoa. Garciak oroitu du hasieran errezeloa sortu zuela konfesategiak; laguntasunaren gaia aipatzean, deserosotasuna nabaritzen zuten hainbat herritarrengan.

«Konturatzen zara denok dauzkagula arazoak lagunekin lotuta, bai haur eta bai heldu, eta bihotzera iristen den gai bat dela»

MAITE AIZPURUA Aktorea eta antzerkigilea

Sormen egonaldiak iraun zuen bitartean, beste hainbat gauzaz jabetu ziren taldekoak. Aizpurua: «Batzuk oso diskurtso mingarriekin etorri zen. Gaiari neurria hartzeko balio izan zigun: 'Hau garrantzitsua da jendearentzat', pentsatu genuen». Bestalde, laguntasunaren inguruko bizipenak partekatzeko espaziorik ez dagoela ere ikusi ahal izan zuten. «Konturatzen zara denok dauzkagula arazoak lagunekin lotuta, bai haur eta bai heldu, eta bihotzera iristen den gai bat dela».

Geuretik Sortuak proiektuko beka jasotzeaz gain, Infinitudramako kideak beste sormengune batzuetan ere izan dira antzezlana ontzeko. Esaterako, Garaion Sorgingunean (Ozaeta, Araba), Azala espazioan (Lasierra, Araba) eta Harri Xurin (Luhuso, Lapurdi). Oso eskertuta daude antzezlana garatzeko izan dituzten toki eta aukerarengatik.

Aurrez musikagintzan, literaturan eta itzulpengintzan aritua da Garcia, eta hau izan du lehen esperientzia antzerkian. Oso balorazio positiboa egin du: «Asko ikasi dut; gauzak egiteko moduei dagokienez, eta proiektu eszeniko bat garatzeko behar den denboraz». Konpainia berria da Infinitudrama —2024an sortu zuten—, baina Promesarik txikiena sortzeko esperimentuak akuilua eman die beste proiektu batzuei ekiteko.

emanaldiak

Gaur. Leitzan (Nafarroa).

 

Urtarrilak 23. Andoain (Gipuzkoa).

 

Urtarrilak 30. Atxondo (Bizkaia).

 

Otsailak 6. Villabona (Gipuzkoa).

 

Otsailak 7. Markina-Xemein (Bizkaia).

 

Martxoak 7. Lesaka (Nafarroa).

 

Martxoak 20. Zumaia (Gipuzkoa).

 

Apirilak 26. Oiartzun (Gipuzkoa).

 

Maiatzak 22. Galdakao (Bizkaia).

 

Maiatzak 23. Astigarraga (Gipuzkoa).

 

Urriak 11. Ortzaize (Nafarroa Beherea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.