Arabako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Martxoak 3 elkarteko kideek jantziko diote txapela Arabako Bertsolari Txapelketako aurtengo irabazleari. «1976a mugarria izan zen Araban eta Gasteizen talde lana, elkarlana, herriaren indarra eta komunitatea egiteko», ekarri du gogora elkarteak. Aurten 50 urte bete dira Gasteizko sarraskia gertatu zenetik, eta jazoera lazgarri horien memoria bizirik mantentzeko Martxoak 3koek urte hauetan guztietan egindako lana aitortu nahi du bertsozale elkarteak, eta haiei eskerrak eman.
Hilaren 28an izango da Arabako Bertsolari Txapelketako finala; Gasteizko Europa jauregian egingo dute, eta sei bertsolari arituko dira kantuan: Maddi Agirre, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi. Horietako bati jantziko diote txapela elkarteko kideek.
Hain justu, aste honetako Hitzetik Hortzera telebista saiorako, elkarrizketa egin diete Martxoak 3 elkarteko kide Nerea Martinezi eta Arabako Bertsozale Elkarteko Uxue Diaz de Ceriori. Joan den larunbatean jokatu zen txapelketako bigarren finalaurrekoa Aramaion, eta han kantatutako bertsoak entzungo dira programan. Peru Abarrategi Sarrionandiak irabazi zuen saioa, eta finalean aritzeko aukera zuzenean eskuratu zuen hala.Â