Mitoaroa III

Mitoaroaren trilogia amaitu osterako, 2027ko urtarrilerako deialdia zabaldu du Zetakek

Pello Reparazen gidaritzapean zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezko ekoizpen tekniko zaindua uztartu ditu Zetakek San Mamesen, eta data eta leku zehatzik eman gabe iragarri du hurrengo urratsa. Bihar jarriko dituzte sarrerak salgai, 12:00etan.

Pello Reparaz 'Mitoaroa III' ikuskizuneko une batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pello Reparaz 'Mitoaroa III' ikuskizuneko une batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko ekainaren 20a
04:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kantuak sustrai hartuta, hostoak aldi berean mila norabidetan zabaltzen dituen emanaldi hibrido bat taularatu zuen atzo gauean Zetak taldeak Bilboko San Mames futbol zelaian. Pello Reparazen gidaritzapean, bi ordu eta erdi baino gehiagoz, zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezko ekoizpen tekniko zaindua uztartu zituzten emanaldian, eta etorkizuneko Euskal Herri distopiko batean kokatu zuten haren narrazioa. Gaur egingo dute ikuskizuna bigarrenez, eta, hala, guztira, bi emanaldiak kontuan hartuta, 80.000 ikus-entzule bilduko dituzte egunotan. Jendetza horren laguntzarekin emango diote amaiera 2025ean abiatu zuten Mitoaroa izeneko emanaldien trilogiari. Baina «hurrengo urratsa» ere badute buruan, eta noiz izango den ere esan dute. Ostiraleko kontzertua amaitutakoan zabaldu zuten albistea aretoko pantailetan. 2027ko urtarrilean izango dela besterik ez dute iragarri oraingoz, data zehatzik gabe eta lekurik aipatu gabe, eta egin asmo dutenari buruzko pista gehiagorik gabe. Edonola ere, bihar eguerditik aurrera jarriko dituzte sarrerak salgai www.zetakkmzero.eus webgunean.

«Euskara plazak ari da betetzen, euskara gorputzak ari da betetzen, txosnak eta estadioak ere. jarrai dezala horrela. Gora gu ta gutarrak»

PELLO REPARAZ Musikaria

«Historikotzat» jo zuen atzokoa Reparazek emanaldian bertan, eta euskararen hedapenarekin lotu zuen San Mames bitan betetzeko balentria. «Euskara plazak ari da betetzen, euskara gorputzak ari da betetzen, txosnak eta estadioak ere. jarrai dezala horrela. Gora gu ta gutarrak».

Orotara, mila langile inguruko lan taldea izan du Zetakek asteburuko emanaldiak antolatu ahal izateko, eta bistakoa izan zen koordinazio lan horren guztiaren emaitza atzokoan. Guztira, 26 kantako errepertorioa eskaini zuen taldeak, bisik egiteko tarterik utzi gabe, eta horrez gainera, antzerki kutsuko hainbat pasarte ere tartekatu zituen. Hainbat aldarrikapen egiteko ere baliatu zuen aukera. San Mamesen egonik, futbol jokalari profesionalei euskararen aldeko keinuak egiteko eskaria luzatu zien, adibidez. Palestinaren eta Sahararen alde ere egin zuen, eta erbesteratuak, errepresaliatuak zein emanaldirako sarrera ordaintzeko diru nahikorik ez dutelako kanpoan geratu ziren herritarrak ere izan zituen gogoan. «Zuek ere osatzen duzue Zetak».

Iribar eta Kortabarriaren ikurrina

Kolaboratzaile talde esanguratsua ere izan zuten oholtzan. Aktore lanetan aritu ziren, besteak beste, Kandido Uranga, Aitziber Garmendia, Erika Olaizola, Jon Plazaola, Albert Pla, Samantha Hudson, Antton Telleria eta Angel Alkain. Horiek batetik, eta, bestetik, taldearekin batera kantuan aritu ziren Erramun Martikorena, Maixux Zugarramurdi, Fillas da Cassandra, Grison beat-boxerra, bai eta Reparazen Arbizuko lagun taldeko kideak ere. Publikoak bereziki bero hartu zituen oholtzara lagunduta heldu behar izan zuten Martikorena eta Zugarramurdi. Zetakek 24. Korrikarako sortutako Xiberutikan mendebaldera abestia eskaini zuten hirurek, eta abestia laguntzeko sortutako bideoklipean bezala Jose Ramon Andaren eskultura baten bueltan aritu ziren kantuan atzokoan ere.

Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria futbol jokalari ohiak ere igo ziren eszenatokira atzokoan, eta hori izan zen publikoak beroan hartu duen beste agerpenetako bat. Zetakekoek emanaldian oroitu zutenez, 1976an, artean oraindik ikurrina publikoki erakustea debekatuta zegoela, hura eskutan agertu baitziren bi futbolariak, Realaren eta Athleticen arteko partiduaren hasieran. Eta, hain zuzen ere ikurrina eskutan zutela egin zuten eszenarioko ibilaldia, Euskal Herriko inauterietako hamaika pertsonaiak osatutako desfileak lagundurik, eta, une batean, Nafarroak bandera ere zabaldu zuten. Izan ziren Gernikako arbola Euskal Herriko ereserki egiteari buruzko aipamenak ere.

 Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria 'Mitoaroa III' emanaldian. IÑIGO ASTIZ
Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria 'Mitoaroa III' emanaldian. IÑIGO ASTIZ

Edonola ere, alor teknikoa eta aldarrikapenak gorabehera, Bilboko emanaldietarako sortutako unibertso narratiboa da 'Mitoaroa III' ikuskizunaren beste elementu esanguratsuetako bat. Lehen Mitoaroa orainaldian kokatu ondoren, eta bigarrena osatzeko XV. mendera jo ostean, orain, etorkizun distopiko bat aurkeztu dute Bilboko emanaldietarako, eta narrazio horren barruan kokatu zen atzoko emanaldiaren parterik handiena, eta, horren ondorioz, Reparazek berak ere, etorkizuneko fikziozko mundu horretako Reparazen rolean kantatu baitzituen kanta gehienak.

Agintea eta erresistentzia

2084a da fikziozko mundu horretan, eta emanaldiak hasieratik murgiltzen du publikoa fikziozko unibertso horretan, haren arabera, ikus-entzuleak ere, 2084an Zetak San Mamesen eskaintzen ari den saioa ikusten ari direlako.

Algoritmikoa erabat gailendu da munduan, adimen artifizialak patroien arabera sailkatuta, antolatuta eta azpiratuta du gizarte osoa, eta Euskal Herria zena Kantauriko nodo bilakatu da. Euskara «garbi» eta erabat «indexagarria» da sistemaren hizkuntza, eta poliziaren errepresioarekin ez ezik, gizartea lozorroan mantentzen duen kultur eskaintza bati jarraitzen du sistemak zutik. Mundu horretan, Zetak taldea da kultur eskaintza otzan eta arriskugabe horren adibiderik argiena, eta, hain zuzen ere, 2084an Kantauriko nodoan egongo den emanaldirik handiena izango da Mitoaroa III. Eta, beraz, huraxe ikustera joan da publikoa San Mames futbol zelaira. Baina badira erresistentzia mugimenduak ere, eta, hain zuzen, bi mutur horien artean irudikatuko du emanaldiak Reparaz. Alde batetik, sistema betikotzeko asmoz entretenimendu zuria eskaini dezan eskatzen diotelako agintariek, eta, aldiz, berriz ere naturaren eta gizatasunarekin konektatzeko gonbita egiten diotelako indar iraultzaileek.

Horregatik, esaterako, ia errobotikoak dira musikariaren mugimenduak emanaldiaren hasieran. Nabarmen, adibidez, saioa hasteko aukeratu duten Deskontrola kantuaren kasuan. Eta, gainera, fikziozko mundu horretan abestiko hainbat hitz ere zentsuratuta zeudela ere irudikatu zuten atzokoan. «Aztoramena» eta «askatasuna» ziren sistemak isildutako hitz horietako bi, kasurako. Eta estetika eta zentsura keinu berberekin eskaini du jarraian Su kanta ere.

(ID_16199487) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-06-19, Bilbo. Zetaken Mitoaroa III ikuskizuna
Zetak taldea, ostiralean, 'Gernikako arbola' abestu zuen koruarekin batera. ANDONI CANELLADA / FOKU

Baina Reparaz iraultzaileekin harremanetan hasi ahala, pixkanaka humanizatzen joango dira haren mugimenduak, keinuak eta sentimendu adierazpenak ere. Hainbesteraino, ezen, ostiralean, saioa hasi eta ia 40 minutura bakarrik zuzendu baitzitzaion musikaria publikoari pertsonaiatik kanpo. Zeinen ederra izango den abestia aho betez kantatu zuen jendeak, eta azken leloaren ostean berriz ere a cappella kantatu zutenean izan zen. «Milesker».

Saioak aurrera egin ahala, izan ziren umorerako tarterik ere, eta bereziki energetikoak eta dantzagarriak izan ziren emanaldi amaiera alderako abestietako asko. Akelarretan eta Hitzeman abestiek zutik eta dantzan jarri zuten jendea eta hala amaitu zuten saioa atzokoan Itzulera eta Eguzkiloreak kantekin ere. Azken horretan, gainera, su jaurtigailuak ere erabili zituzten, halako indarrez erabili ere, ezen estadioaren azken ilaretan ere igartzen baitzen haien berotasuna.

Amonaren neke eta duinatsuna

Baina bereziki hunkigarriak izan ziren fikziozko pertsonaiaren maskararik gabe taularatutako bi momentu ere, ia aitortza pertsonalen kutsua hartu zutenak. Atzoko kontzertuan egotekoa zen bederatzi urteko ume baten heriotza gogoratu zuen Reparazek emanaldiko une batean, eta bere amonaren bizialdi gogorra ere izan zuen mintzagai. Musikariak kontatu zuenez, ume zela hil zitzaiolako ama bere amonari, eta hura hil eta gutxira egin baitzuen bere buruaz beste haren aitak ere. Bilbokoa zuen amona hori, eta Negurin (Bizkaia) zerbitzuan aritu ostean, Etxarri-Aranatzeko gizon batekin ezkondu zen. Pentsuak banatzen egin zuten bizibidea, eta, horregatik, haren amonaren esfortzua eta duintasuna aipatu zituen emanaldian.

Fikziozko mundu oso bat sortu dute Zetakekoek San Mameserko emanaldietarako eta, saioa hasi aurretik ere, eraikuntza narratibo horren guztiaren berri ematen duen hamalau orriko txosten bat ere zabaldu dute. Sailkatutako dokumentua irakur daiteke dokumentu horrn lehen orrian, eta emanaldiko fikziozko polizia indarren logotipoa ere ikus daiteke, gero, tituluaren ondoan, fitxategiaren klasifikazio zenbakiarekin batera: «56487». Egungo mundutik emanaldiak irudikatzen duen fikziozko mundura iritsi arte gertatutako aldaketa historikoen guztien berri ematen du testuak. Eta, hain zuzen ere, hori da Bilboko emanaldien oinarrian dagoena, nahiz eta saioetan ez dagoen haren parte bat ikusterik.

Guztira, bi emenaldietan, 80.000 pertsona inguru bilduko ditu Mitoaroa III ikuskizunak Bilbon. A. CANELLADA / FOKU
Guztira, 80.000 pertsona inguru bilduko dituzte 'Mitoaroa III'-ren bi saoiek. A. CANELLADA / FOKU

Atzokoan, emanaldia hasi aurretik ere, esaterako, bozgorailu batekin altxamenduarekin bat egiteko deia zabaldu zuen zelai kanpoaldean Sare beltza izeneko mugimenduko kide batek. Baina jantzi futuristekin jantzitako polizia taldeak ere ibili ziren futbol zelai kanpoan paseoan, eta atxilo eraman zuten azkenean, publikoaren txistu artean. Eta, hain justu, areto barrura sartzerakoan, Sare beltza mugimenduko kide hori topatu zuten ikus-entzuleek eszenarioaren erdialdeko kaiolan preso. Eta, haren amorru erakustaldiekin batera, emanaldiak irudikatzen zuen mundu distopikoaren parte ziren iragarkiak ere zabaldu zituzten pantailek.

22:30ean hasi zen emanaldia estadioan, eta bi ordu lehenago ireki zituzten ateak atzo, baina arratsalde osorako programa prestatu zuten antolatzaileek. Tabernak ez ezik, janaria saltzen zuten food truck-ak izan ziren, bai eta musika emanaldiak ere, eta izan zen pistan lehen-lehen lerroan egon ahal izateko bazkalostetik ilara egiten egon zen gazte talderik ere.

Gaur 20:00etan hasiko da kontzertua, eta bi ordu lehenago zabalduko dituzte ateak. Horrez gainera, zuzenean emitituko dute ETB2n eta ETB Nahieranen. Primeran, Guau eta ETB ON streaming plataformetan ere egongo da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA