'Mitoaroa III'-k %56,6ko ikusle kuota izan zuen Nafarroako euskaldunen artean

Larunbat gaueko San Mames estadioko ikuskizunak 270.000 ikus-entzule izan zituen ETB2 eta ETB2 On kateetan.

Zetak taldearen 'Mitoaroa III' ikuskizuna, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zetak taldearen 'Mitoaroa III' ikuskizuna, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 22a
12:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiral gauean 40.000 lagun elkartu ziren Bilboko San Mames estadioan Zetak taldearen Mitoaroa III ikuskizunaz gozatzeko. Beste hainbeste hurrengo egunean, toki berean. Eta larunbateko euskarazko ikuskizuna milaka herritarrek ere ikusi zuten ETBren bitartez: ETB2 eta ETB2 On kateek zuzenean eman zuten ikuskizuna telebista konbentzionalean, eta ETB On plataforman ere eman zuten. Mitoaroa III noiznahi ikus daiteke EITB taldearen Primeran, Guau eta ETB On doako plataformetan.

Telebista konbentzionalean, datu oso handiak izan zituen Pello Reparaz musikariak gidatutako emanaldiak: EAEn %22,1eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %35,9koa—; eta Nafarroan, %23,3ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %56,6koa—.

Euskal Herriko 270.000 herritarrek ikusi zuten momenturen batean San Mamesko ikuskizuna ETBko emankizun konbentzionalaren bitartez. ETB On plataforman, berriz, 10.000 lagun inguruk ikusi dute.

Larunbatean EAEn ikus-entzule gehien izan zituen telebista emanaldia izan zen Mitoaroa III —ETBk 28 kamera erabili zituen—. Eta egun horretan, ETB2 katea liderra izan zen, %11,1eko kuotarekin.

Zetak taldearen aurreko bi ikuskizunak ere eman zituen ETBk, eta ikusle datu onak izan zituzten: Iruñeko Nafarroa Arenan egin zuten lehen Mitoaroa-k %10,7ko ikusle kuota lortu zuen EAEn —euskaldunen artean, %17,6koa—; eta Nafarroan, %14,4ko kuota —euskaldunen artean, %56koa—. Audientzia metatua 275.000 lagunena izan zen. Donostiako Illunben egin zuten Mitoaroa II, irailean, eta orduko hartan ETB2ren emanaldiak %9,9ko ikusle kuota izan zuen EAEn. Bi ikuskizunak osorik ikus daitezke EITBren plataformetan.

Larunbat gaueko emankizunean, gaztelania eta euskara erabili zituzten kontakizunean; euskaraz aritu zen Ainhoa Vitoria, eta gaztelaniaz Xabier Garcia Ramsden. Izan ere, euriaren eraginez, berandu hasi zen ikuskizuna, eta bi kazetariak hutsunea betetzen aritu ziren 50 minutuz.

'Bizi natura'-ren harrera beroa

Euskal Telebistaren Bizi natura saioak ere ikus-entzule ugari erakarri ditu hiru astez. Talde publikoak jakinarazi duenez, 600.000 herritarrek egin dute bat momenturen batean Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik (Bizkaia) igorritako programarekin. ETB On plataforma digitalean, saioak 19.000 erabiltzaile izan ditu, eta 12.500 erreprodukzio ordu baino gehiago.

Carol Saliner fikziozkoak ez diren edukien BBCko arduradunak ontzat jo du Erresuma Batuko telebistako saioaren euskal egokitzapenak emandakoa. «Oso pozik eta harro gaude ETBren Bizi natura ekimenaren lehen aldi honekin. Estreinakoz, BBCren Springwatch formatua Erresuma Batuko mugetatik harago eskaini da, eta emaitzak bikainak izan dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA