Museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die Guggenheim Urdaibai Stop plataformak instituzioei

ALCk jasotako entzuketa prozesuaren lehen emaitzen harira egin dute eskaera, Busturialdeko herritar gehienek museoa eraikitzearen aurka daudela adierazi ostean. Proiektuari buruzko informazio eta gardentasun falta ere salatu dute.

Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako protesta, Bilboko museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako protesta, Bilboko museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
iraia vieira gil
2025eko uztailaren 29a
14:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuari buruz Busturialdeko (Bizkaia) herritarrek duten iritzia «errespetatzeko» garaia dela adierazi du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak, eta proiektua bertan behera uzteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) proiektu horren inguruko entzuketa prozesuaren lehen emaitzak iragarri eta astebetera egin dituzte adierazpenak, gaur bertan argitaratutako ohar baten bitartez. «Beti izan dugu argi Busturialdeak ez duela Guggenheim museorik behar, eta prest gaude halako prozesuetan eta martxan jartzen diren kanpaina guztietan horixe esateko», adierazi dute plataformako kideek. 

Izan ere, bi joera nagusitu dira Guggenheimen proiektuari buruzko entzuketa prozesuan parte hartu duten bostehun herritarren artean: museoa eraikitzearen kontra daudenak, batetik, eta horren alde egon bai, baina, Muruetan eraiki ordez, beste toki batean egin beharra dagoela uste dutenak, bestetik. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak azaldu duenez, baina, museoaren kokapena aldatzeak ez ditu eskualdeko turistifikazioa eta horren alboko kalteak geldituko. Are gehiago, biosferako beste gune batzuk kaltetuko lituzke: «[Urdaibaiko Guggenheim] Muruetatik urruntzeak Urdaibaiko biosferako bihotza salbatuko luke, baina ez gaude ez giltzurrunik, ez birikarik sakrifikatzeko prest».

Gainera, salatu dute informazio eta gardentasun falta handia dagoela Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren inguruan, eta, ondorioz, herritar askok ezin izan dutela ALCren entzuketa prozesuan parte hartu. Era berean, gogorarazi dute herritar askok «bestelako azpiegitura kulturalak» onartzeko prest daudela; hala nola Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoan proposatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.