Lan gatazkak

Nafarroan dozenaka kultur ekitaldi utzi dituzte bertan behera ikuskizunetako teknikarien grebaren eraginez

LABek deitu du lanuztera, eta «arrakastatsutzat» jo du hark izandako eragina. Patronalarekin bi urtez negoziatzen ibilita ere, lan baldintzak hobetzeko eta arautzeko hitzarmenik ez dutela salatu dute teknikariek: «Urtarriletik ez dugu deirik jaso ere».

Nafarroako ikuskizunen eta ekitaldien sektoreko teknikariek eguerdian eginiko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Nafarroako ikuskizunen eta ekitaldien sektoreko teknikariek eguerdian eginiko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko urriaren 10a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sirena hotsek lagunduta ozendu dute mezua Baluarte antzokiaren parean, eta ez alferrik. Aldarrikapenak zabaltzeko oihuetan, patronalari helarazitako eskeetan eta eskuekin tinko helduta daukaten pankartan ere agerian gelditzen baita sektoreak duen larrimina eta urgentzia. Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikari eta laguntzaileek greba eguna dute gaur Nafarroan, «behingoz» lan hitzarmen eduki dezatela exijitzeko. Bi urte baino gehiago joan dira hura lortzeko helburuz patronalarekin negoziaketetan hasi zirenetik, eta esku hutsik dira oraindik ere, batere hitzarmenik gabe.

LAB sindikatuak deituta egin dute greba sektoreko langileek, eta, lanuztea bera ez ezik, hainbat elkarretaratze ere antolatu dituzte, protesta egiteko. Eguerdian eginikoan, Baluarte antzokiaren parean deiturikoan preseski, greba deialdiaren eragin ahalmenari buruzko azalpenak eman dituzte prentsaren aurrean. Besteak beste, Irune Costa LAB sindikatuko Nafarroako zerbitzu publikoetako arduradunak egin ditu adierazpenak, eta «arrakastatsutzat» jo du lanuztea. «Lantalde askok egin dute greba, eta, horren ondorioz, langileen konpromisoari eta ahaleginari esker, hainbat emanaldi bertan behera geratu dira».

Adibideekin ere josi du azalpena Costak. Besteak beste, nabarmendu du bertan behera gelditu dela Gaiarre antzokian gaurko programatua zen Una noche en la ópera obra —2027ko apirilera atzeratu dute hori—, bai eta iluntzean Baluarteko sala nagusian izatekoa zen Ash dantza emanaldia eta Civivox aretoetan programatuta ziren beste zenbait ekitaldi ere. Bestalde, Iruñeko Topaketen karietara antolatutako hitzaldiak egin eginen dituzte, baina aparteko argiztapenik eta soinurik gabe. «Gainera, zenbait musika taldek eta kultur arloko konpainiak, eta ez gutxik, bat egin dute grebarekin, eta bertan behera utzi dituzte beren emanaldiak», erantsi du Costak. Eta hutsuneak dozenaka dira, hortaz. 

«Zenbait musika taldek eta kultur arloko konpainiak, eta ez gutxik, bat egin dute grebarekin, eta bertan behera utzi dituzte beren emanaldiak»

IRUNE COSTA LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduraduna Nafarroan

Herri mugimenduak antolatutako hainbat ekitalditan ere izanen du eragina teknikarien grebak, gainera. Kasurako, elkarretaratzean oroitarazi dutenez, Arrotxapeko eta Atarrabiako jai batzordeek bertan behera utzi dituzte gaurko antolatuta zituzten zenbait emanaldi, «greba bultzatzeko». 

Ez aurrera ez atzera

Costaren iritziz, sektoreko langileek daukaten borrokarako grina eta premia, bi-biak utzi ditu agerian grebak izandako erantzunak. Izan ere, deialdiak berak «sektorea kohesionatzeko» eta langileen arteko harremanak «sendotzeko» ere balio izan duelakoan dago LAB sindikatuko kidea, baina aldarrikapena irmo kaleratu dutelako dira harro, batez ere. «Ikusten dugu indarra egon badagoela, baina aurrerapausoak behar ditugu: sektoreko langileek hitzarmen bat behar dute, eta orain behar dute».

Zehazki, 2023an hasi ziren patronalarekin negoziatzen —Zerbitzu Teknikoetarako eta Laguntzarako Enpresen Nafarroako Elkartearekin—, baina, langileek salatu dutenez, aspaldi dira ez aurrera ez atzera. Diotenez, urtarriletik ez dute bilerarik egin, eta ez dute jaso patronalaren batere erantzunik. Hain justu, arduraz jokatzeko eta negoziaketei berriz heltzeko eskatu diote patronalari. «Ez gara bilera hutsekin konformatuko, ez eta gutxieneko eduki batzuekin ere; benetako hobekuntzak jasoko dituen hitzarmen bat sinatu nahi dugu», ohartarazi du Costak. 

«Gero eta lankide gehiago ari dira lan hau bestelako lan batzuekin uztartu nahian edo sektoretik alde egiten, ikusita honekin ez zaiela aski bizitzeko, alokairua ordaintzeko»

MIRIAM ZARAGUETA Sektoreko langilea

Elkarretaratzean, Miriam Zaragueta langileak eman du ikuskizunetako teknikarien eta laguntzaileen egoerari buruzko argazkia. Dioenez, «dena dago lotzeko, ez baitago deus». Gutxieneko lan baldintza batzuk behar dituztela nabarmendu du. «Tartean daude soldata, tartean daude ordutegiak, atsedenak...», hasi da zerrendatzen. Kasurako, azpimarratu du hitzarmenak jaso behar lukeela kontratatzaileek derrigorrez jakinarazi behar dizkietela lanaldiaren ordutegiak aldez aurretik eta denborarekin; «ez da horrela gertatzen». Gainera, besteak beste, salatu du lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldiak ere ez direla errespetatzen askotan, eta gauez lan egiteagatik jaso behar luketen ordainsari berezia ere ez dutela ziurtatua izaten. 

«Presioa handia da», salatu du Zaraguetak. Eta prekarietatearen beste albo kalte bat ere utzi du bistara segidan: «Azkenaldian, nabaritzen ari gara gero eta lankide gehiago ari direla lan hau bestelako lan batzuekin uztartu nahian, edo sektoretik alde egiten, ikusita honekin ez zaiela aski bizitzeko, alokairua ordaintzeko. Ondorioz, gainera, gero eta profesional gutxiago gara, eta gaudenon lan baldintzak are okerrago egiten ditu horrek. Lan hitzarmena ezinbestekoa zaigu. Bestela, ez zaigu gelditzen borroka egitea besterik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA