Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Natural II

2026ko martxoaren 1a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain gutxi irakurri dut errinozero parearen istorioa. Sumatran harrapatu ostean, Estatu Batuetako zoo batera garraiatzen ari zirela, biltegi batean gorde omen zituzten. Barruan rock musika ozen entzuten zela kontatzen du pasadizoa bizi izan zuen zientzialariak. Nahiz eta halakorik egitea zuhurrena ez iruditu, zooaren zuzendariak eman zion azalpena egoeraren ezohikoari: musika errinozeroak babesteko omen zen. Handik gertu aireportua zegoela eta, hegazkinek altuera baxuan egiten zuten hegal; poliziaren sirenak maiz entzuten ziren, baita suhiltzaileenak ere. Bat-bateko soinu horiek antsietatea sor omen ziezaieketen errinozeroei, eta bazitekeen animaliak aztoratu eta zauritzea. Bazitekeen ezusteko soinu horiek zuhaitz baten erorketatzat hartzea piztiatzar haiek edo, okerrago, tigre baten edo ehiztari baten hots gisa interpretatzea. Zientzialariak kontatzen du errinozero haiek ukitzean azaldu ezin zezakeen lotura bat sentitu zuela.

Iazko udan konturatu nintzen nire herriaren gainetik hegazkin pila bat pasatzen dela eta hots handia ateratzen dutela, nahiz eta inguruan aireporturik ez dagoen. Behin, toki batean geldi eta isilik nengoela, hots bat entzun nuen: puk! Mugikorreko ohartarazpen bat zela pentsatu nuen; tanta bat zen, ordea, putzu txiki baten gainera erortzen. Bart irakurri dut zuhaitz mota bakarra gailentzen den basoetan kilker hots monotonoa entzuten dela, landaretza ugariagokoetako orkestra aberatsen aldean aspergarriagoa. Gustuko dudan Akron/Family taldearen Crickets (kilkerrak ingelesez) abestia gogorarazi zidan horrek. Letrak dio: «Iraileko gauetan, ilunabarrak deitzen gaituenean/ kilkerrek abestiak kantatzen dituzte eguzkia ehorzteko/ eta ikusten dugun guztia ilargiko argiz egina dago». Mendiko hotsak entzuteko isilik eta geldi egon behar omen da eta, ahal dela, begiak itxita. Nik sekula ez dut horrelakorik egin, rock musika entzuteko ez bada.

Duela gutxi bideo labur bat biralizatu da. Dirudienez, Hungariako zoo bateko hartz zuri batzuek lehen aldiz ezagutu dute elurra, eta haien erreakzioa grabatu dute. Pozik ikus daitezke, giza umeak bailiran, elurretan gora eta behera jolasean. Bideoa musika arin batek laguntzen du, eguberri tankerakoa, kanpaiekin-eta. Normala, bihotza ukitzen baitute irudiek, azaltzen zaila den modu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA