Natxo de Felipek eta Luar Na Lubrek emango dituzte Aitzina Folk jaialdiaren kontzertu nagusietako bi. Urriaren 17tik azaroaren 29ra bitartean egingo dute jaialdiaren hamalaugarren aldia, Gasteizen, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat talde eta musikari arituko dira hiriko hainbat gunetan. Eguneko sarrerak eta abonuak dagoeneko salgai jarri dituzte.
Jaialdiaren kontzertu nagusietako bat Natxo de Feliperena izango da. Kuarteto Philiperena taldearekin batera arituko da, azaroaren 8an, Gasteizko Europa jauregian. Abandonatuak proiektua aurkeztuko dute, Oskorriren 45 urteko ibilbidean sortu baina taldeak azkenean grabatu ez zituen zenbait kantu biltzen dituena. Luar Na Lubre talde galiziarrak, berriz, 40 urteko ibilbidea ospatuko du Gasteizen. Azaroaren 28an emango dute kontzertua, Jesus Guridi musika kontserbatorioan.
Ikusi gehiago
Bi kontzertu horiez gain, Dervish, Maruja Limon, Fillas de Cassandra, Los Hermanos Cubero, Corquieu, Saltaire, Mayalde, Otxo Bikotea eta Alos Quarteten zuzenekoak gozatzeko aukera izango da. Jaialdian ez dira, ordea, kontzertu handiak soilik izango: kalejirak, musika eskolen arteko topaketa, Arabako herrietako emanaldiak, familientzako Baby Folk eta Txiki Folk jarduerak eta tailerrak ere antolatu dituzte.
Musika eta elkartasuna
Ataxia telangiektasia izeneko gaixotasun arraroaren ikerketa bultzatzeko helburua du Aitzina Folk jaialdiak, eta horren atzean badago pisuzko arrazoi bat: gaixotasun arraro hori du Jon Villen gasteiztarrak, eta haren aitak, Patxi Villenek, jaialdia sortzea erabaki zuen 2013an, gaixotasuna ikusarazteko helburuz. Patxi Villen musikaria da, eta folk musikaren zale amorratua; hura izan da hasieratik antolatzaile nagusia. Araban gutxienez hiru lagunek dute gaixotasun arraro hori, eta horregatik da jaialdiaren izena Aitzina: haiei aurrera egiten laguntzeko asmoz antolatzen dutelako.
Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Laboral Kutxak babesten dute jaialdia. Villenek aurtengo egitarauaz zera esan du: «Jaialdiaren historia hurbileko unerik berezienetako batzuk bilduko ditu». Bereziki nabarmendu du Natxo de Feliperen itzulera: «Musikatik harago doan kontzertua izango da, euskal kulturaren ezinbesteko ahots bat berreskuratuko delako».